
Hezkuntza Sailak handitu egin du hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen eskola-garraiorako dirulaguntzen zenbatekoa (Gobernu Bilera 2024-5-7)
Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 200.000 euroan handitzea hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen eskola-garraiora zuzenduriko banakako laguntzak ematen dituen deialdia. Honela, zenbatekoa handituta, laguntza-deialdi honen zenbatekoa 5.617.518 eurokoa da ikasturte honetarako .
2023ko urriaren 3an onartu zuen Gobernu Kontseiluak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako eskola-garraioaren banakako laguntzen deialdia 2023-2024 ikasturterako (5.417.518 eurorekin). Deialdiak berak aurreikusten du hasierako kopuru hori handitzeko aukera, laguntza horiek jasotzeko eskubidea duten eskabideen zenbatekoa kontuan hartuta.
Dirulaguntza hauen jasotzaileak izango dira, ezgaitasun larriak izan (ezgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala) eta Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa edota ohiko garraio publikoa erabili ezin dezaketen ikasleak, eta hortaz, euren etxebizitzetatik eskoletara joatea erraztuko duen garraio-alternatiba bat behar dutenak. Eskola inklusiboaren printzipioari jarraiki, Hezkuntza Sailak ikasle hauek ikasteko edo parte-hartzeko izan ditzaketen oztopoak ezabatu eta leundu nahi ditu deialdi honen bidez, eta eskola-garraioa ez dadila zailtasun bihurtu ikasle bakoitza ingurunerik egokienean eskolatu dadin.