Euskadira iristen diren ukraniarrentzako arreta
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak elikadura-katearen funtzionamendua hobetzeko neurri eta tresnak garatu ditu

2024-05-07
  • Onartutako dekretuak ikuskapen eta kontrol sistemak zein isunak arautzen eta zehazten ditu, elikadura-katean oreka berrezartzeko eta lehen sektoreak egun dituen zailtasunak arintzeko helburuarekin
  • Era berean, kide anitzeko bi organo sortu dira: Elikagai Kontratazioaren Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen Jarraipen Batzordea eta Euskadiko Elikadura Katearen Behatokia

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

ELIKADURA KATEAREN FUNTZIONAMENDUA HOBETZEKO NEURRIAK

Arantxa Tapia sailburuak, Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen elikadura-katearen funtzionamendua hobetzeko neurri eta tresnak arautzen dituen Dekretuaren berri eman du. “Euskadin, lehen sektorea estrategikoa da, eta egiturazko ahultasunak daude nekazaritza-sektorearen eta merkataritza-katebegiekiko harremanetan; gero eta globalizatuagoa dagoen munduaren testuinguru honetan, gainera, ekoizpen-kostuak etengabe igotzen ari direla ikusten ari gara eta horrek eragin zuzena du lehen sektorearengan; horregatik, onartutako dekretuaren helburua da elikadura-katean oreka berrezartzea , lehen sektorearen zati handi batek dituen zailtasunak arintzeko neurri gehigarriak txertatzea eta ahal den neurrian, elikadura-kateko eragileen arteko merkataritza-harremanetan gardentasuna ziurtatzea” azaldu du Tapiak. Gauzak horrela, onartutako dekretuak kontrol eta ikuskapenen sistemak zein isunak zehaztu eta arautuko ditu eta lan horretarako kide anitzeko bi organo ere sortuko dira: Elikagai kontratazioaren Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen Jarraipen Batzordea eta Euskadiko Elikadura Katearen Behatokia.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Bingen Zupiria bozeramaileak, ohikoa den moduan, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratutako beste hainbat gai. Lehenik eta behin, langileek enpresetan parte hartzeko, enpresen gizarte-erantzukizuna zabaltzeko eta gizarte-ekonomia bultzatzeko Gobernu Kontseiluan gaur onartutako bi aginduren berri eman du Zupiriak. Lehen deialdia da langileek gizarte-ekonomiako enpresen kudeaketan eta organoetan duten parte-hartzea erraztu eta hobetuko duten tresnen garapena eta ezarpena finantzatzeko, bai eta belaunaldi-erreleboa finantzatzeko ere. Eta bigarrena berriz, Enpresen Gizarte Erantzukizuna gure Erkidegoko enpresetan zabaltzeko eta ezartzeko. Guztira 290.000 euro bideratu dira bi helburu hauetan pausuak emateko eta “kontutan izatekoa da ere iaz ia 50 erakunde izan ziren onuradun deialdi hauei esker” gaineratu du bozeramaileak.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran sektore publikoko kontratazioa kudeatzeko 2023ko Memoriaren berri izan duela jakinarazi du Zupiriak. “Memoria horretan islatzen da Erkidegoko Sektore Publikoan, hau da, sailak, erakunde autonomoak eta Sektore Publikoaren gainerako erakundeetan, guztira 8.579 kontratu egin zirela 2023an, guztira, 2.523 M €-ko zenbatekoarekin. 2022kin alderatuz, 2023an 150 kontratu gehiago egin ziren eta zenbateko osoa % 35 handitu zen” azaldu du.

Hezkuntza sailarekin zerikusia duten bi gai onartu dira gaurko Gobernu kontseiluan. Batetik, Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroari zuzeneko laguntza bat ematea, atomo hotzetan oinarritutako Teknologia Kuantikoen Laborategi berria abian jar dezan. Laguntza hau 1,6 milioi eurokoa da, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Basque Quantum estrategiaren baitan kokatzen da, izan ere, Gobernuak uste du laborategi berri hori eta bertan egingo den ikerketa-lana funtsezkoak izango direla Euskadiko ekosistema kuantikoa indartzeko eta konputazio kuantikoaren eremu lehiakorrean masa kritikoa estrategikoki indartzeko, zientzia "Bigarren Iraultza Kuantikoa" deitu zaion momentua esperimentatzen ari den honetan. Eta bestetik, Gobernuak onartu du 200.000 euroan handitzea hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen eskola-garraiora zuzenduriko banakako laguntzen deialdia. Honela, zenbatekoa handituta, laguntza-deialdi honen zenbatekoa 5.600.000 eurokoa izango da ikasturte honetarako

Kultura sailari dagokionez, Gobernu Kontseiluak 2024-2025 urteetarako Miramar Jauregia birgaitzeko diru partida onartu du gaurkoan. Guztira 2.145.000 euro izango dira eta “Kursaal Elkargunea SA” izango da dirulaguntza jasoko duena, bera baita eraikinaren kudeaketaren arduraduna. Obrak 2025ko abendurako bukatuta egotea aurreikusten da.

Amaitzeko, Bingen Zupiriak azaldu du Kontseiluak gaur onartu duela arte eszenikoen ekoizpenerako dirulaguntzak arautzen dituen deialdia, zehazki, 2024ko ekitaldian egiten edo hasten diren antzerki, dantza eta zirkuko ekoizpenerako dirulaguntzak. 1.560.000 euro bideratuko dira deialdi honetara, -aurreko urtean baino 160.000 euro gehiago-.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

Iruzkin bat
  • Argazkia Sorgin
    2024-05-09

    Mientras no sea la carne de plástico 3D y no sé añadan los escarabajos ni insectos en l comida,

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak