Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Hezkuntza
qrcode

Eskola-jazarpenaren bilakaera Euskadin. 2022-2023 ikasturtea

2024-05-02
  • 2022-2023 ikasturtean eskola-jazarpeneko 218 kasu identifikatu ziren Euskadin, Ikuskaritzak aztertutako 1.543 kasuen %14
  • Jazarpen-kasu gehien DBHko 1. eta 2. mailetan gertatu ziren, kasu guztien %47
  • Ikastetxeek, Hezkuntza Ikuskaritzak eta laguntza zerbitzuek bullyingaren aurkako inplikazioa eta konpromisoa indartu dute: 2008an 75 kasu posible aztertu ziren, eta azken ikasturtean 1.500 gertaera baino gehiago aztertu ziren

Eskola Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat, bullyingak 2022-2023 ikasturtean izan zuen bilakaeraren datuak argitaratu ditu, baita aldi horretan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertu zituen gertaeren kopurua ere.

Aztertutako kasuen gorakada

2022-2023 ikasturtean, aurreko ikasturteetan bezala, Hezkuntzako Ikuskaritzak eskola-jazarpeneko kasu posibleen ondoriozko gorabeherei eta protokoloei buruzko informazio guztia zentralizatu du. Informazioa aztertu ondoren, egiaztatu da joan den ikasturtean guztira 218 kasu identifikatu zirela ikastetxeetan eskola-jazarpen gisa. Horrek esan nahi du Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako 1.543 kasuetatik % 14 azkenean bullying gisa identifikatu zirela. Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruak nabarmen egin du gora (1.098tik 1.543ra), eta, horri esker, jazarpen gisa identifikatutako kasu gehiago identifikatu dira (157tik 218ra). Hala ere, ehunekoari begiratuta, jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruak bere horretan jarraitzen duela egiaztatu da; aurreko ikasturteetan bezala, aztertutako kasuen % 14 eskola-jazarpen gisa baieztatzen dira azkenean.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da hamarkada pasatxoan gora egin dutela ikastetxeetan irekitako eta Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako eskola-jazarpeneko egoeretan jarduteko protokoloek: 2008-2009 ikasturtean 75 kasu aztertu ziren; 2022-2023 ikasturtean aldiz 1.543 kasu izan ziren aztertuak..

Sentsibilizazio handiagoa

Agerikoa da hezkuntza-komunitate osoak gero eta inplikazio handiagoa eta etengabekoa duela eskola-jazarpenaren aurkako borrokan. Sentsibilizazio, prestakuntza eta jarraipen handiago horri esker, zalantza txikienaren aurrean, kasu posible bakoitza aztertu egiten da, eta Hezkuntza Sailak horretarako osatua duen protokoloa abian jartzen. Kasu horietan nahitaez bete beharrekoa da protokolo hori funts publikoz finantzatutako ikastetxe guztietan. Datu horiek azaltzen dituzten arrazoien artean, aipatzekoa da, halaber, azken urteotan Ikuskaritzak zeregin aktiboagoa izan duela gai horren aurrean, bai eta detekzio-tresnen hobekuntza ere.

Zifrak aztertuta, ikusten da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12 urtetik 16 urtera bitartean) gertatzen direla jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien (guztien %61), eta, bereziki, DBHko 1. eta 2. mailetan, kasu guztien %47 biltzen baitira bi maila horietan. Aipatzekoa da, halaber, kasuen %27an jazarpena sare sozialen, Interneten edo beste edozein bitarteko zibernetikoren bidez gertatu dela nagusiki. Ziberbullying kasutzat hartzen dira.

Gehien gertatzen den jazarpen moten artean, dena den, hitzezko erasoa ageri da ugarien, baieztatutako kasuen %85,7an azaldu baita. Horren atzetik datoz bazterkeria (%53,6), eraso fisiko zuzena (%34,8), zeharkako eraso fisikoa (%33,9), edo larderia, txantaia eta mehatxua biltzen dituen kasuistika, kasuen %33,03an ageri dena.

Bizikasi ekimena

Bizikasi, Hezkuntza Sailak eskola-jazarpenaren aurka eta bizikidetza positiboaren alde abian jarririko ekimenak zazpi urte daramatza Euskadiko ikastetxeetan garatzen. Bullying-ari aurre egitea du helburu ekimen honek, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz. Xede horrekin formazioa, orientazioa eta erremintak ipintzen ditu ikastetxeen esku.

Horretarako, urte hauetan hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia egin du Hezkuntza Sailak. Lehenik, BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek. Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da.

Hezkuntza Sailak balioan jarri nahi ditu azken 15 urteetan bizikidetza eraikitzeko egin diren aurrerapen esanguratsuak; hala nola, irakasleen eta ikasleen arteko harremanak hobetzea, berdintasuna eraikitzeko hezkuntza-jarduerak areagotzea edo eskola-jazarpena eta genero-indarkeria gutxitzea.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @FundacionEDEX
    2024-05-09

    Comentario de Twitter:
    Una evolución del #acoso escolar en Euskadi que reclama un mayor esfuerzo preventivo (al que nos sumamos con nuestra iniciativa “Bola de sebo”) #bullying
    https://t.co/unvKRcaC5t https://t.co/b6CtOUV3SG

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak