Euskadik nekazaritzako elikakatean arriskuak prebenitzeko Elikagaien Segurtasunaren arloko Ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu
• Honako hauek izan dira jorratutako gaiak: bakterioekiko erresistentziak gaztan, mikroplastikoak arrain eta itsaskietan, eta kutsatzaile kimikoak.
• Eusko Jaurlaritzak 2011n Elikagaien Segurtasunaren arloko Lehenengo Ikerketa Plana abiarazi zuenetik, 621 ikerketa-premia identifikatu dira eta Elikagaien Segurtasunaren arloko 87 proiektu finantzatu dira, 8,7 milioi eurokorekin.
Gaur goizean Elikagaien Segurtasunaren arloko Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko XI. Jardunaldia izan da. Jardunaldia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Osasun Sailak antolatu dute, ELIKA Fundazioarekin eta AZTIrekin batera, eta EHUko, ikerketa-zentroetako, administrazioko eta sektoreko 60 lagun baino gehiago bertaratu dira.
Jardunaldian zehar euskal Nekazaritzako Elikagaien Balio Kateari eragin ahal dioten arriskuak murriztu eta prebenitzeko garatutako proiektu zientifikoetan 2023. urtean zehar lortutako emaitzak aurkeztu dira, eta ikerketaren eta berrikuntzaren bidez sortutako ezagutza gizarteratu eta hedatu dira.
Honako hauek izan dira gaur aurkeztutako proiektuetan jorratutako gaiak: bakterioekiko erresistentziak, amina biogenoak gaztan, mikroplastikoak arrain eta itsaskietan, eta kutsatzaile kimikoak.
Jardunaldiari hasiera eman diote Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Raul Perez Iratxetak eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Elena Itziar Larizgoitiak.
Elikagaien segurtasuna bermatzeko ikerketa
Eusko Jaurlaritzak 2011n jarri zuen abian Elikagaien Segurtasunaren arloko lehen Ikerketa Plana, eta orduz geroztik emaitza oso onuragarriak lortu dira eguneroko bizitzan kontsumitzen diren elikagaien segurtasuna hobetzeko.
Hala, 2022ra arte 621 ikerketa-premia detektatu ziren eta Elikagaien Segurtasunaren arloko 87 proiektu finantzatu ziren, guztira 8,7 milioi eurorekin.
“Baserritik Mahaira” Ikerketa Plana
Gaur egun, “Baserritik Mahaiara” Ikerketa Planaren 2022-2026 aldiaren erdian gaude. Plan horrek Europako eta nazioarteko politika eta estrategiei erantzuten die, eta ikerketa eta berrikuntza hiru zutabe nagusitan defendatu eta finantzatzen du: Elikagaien Segurtasuna, Elikadura Jasangarria eta Elikadura Osasungarria.
Planaren lehenengo 3 urteetan 61 ikerketa-premia identifikatu dira, eta Elikagaien Segurtasunaren arloko 33 proiektu finantzatu ditugu, guztira 1,1 milioi euroko zenbatekoarekin. Proiektuen % 91k elikagaien arriskuak kontrolatu eta murrizteko erabakiak hartzean administrazioari laguntzeko balio izan dute. Proiektuen % 64tan nekazaritzako elikagaien sektoreko eragileek lagundu dute eta 30 enpresak hartu dute parte.
Euskadiko Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Raul Perez Iratxetak hau azpimarratu du: “Eusko Jaurlaritzak nekazaritza eta arrantzako eta elikagaien sektoreko enpresen elkarlana sustatzen du, beren premia errealei erantzuten dieten Ikerketa eta Berrikuntzako proiektuen bidez, merkatuan aplikagarritasun handiagoa izan dezaten”.
Garatzen ari diren eta abian jarriko diren aurkeztutako proiektuei buruzko informazio guztia Elikagaien Segurtasunaren arloko Ikerketa Plataforman kontsultatu daiteke.