Eman odola!
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskadik 5 aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Plana, baina ez da zirkulazio-arazo aipagarririk izan

2024-04-24
  • Behin fase operatiboa ere aktibatu zen, elur-maila 700 metrotik behera jaitsi izanagatik eta prezipitazio ugariengatik
  • Guztira, Neguko Bidezaintza Planaren aktibazioak aurreko neguan baino bat gehiago izan dira

Urritik apirilera bitartean, Eusko Jaurlaritzak bost aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Planaren (NBP) jarraipen- eta informazio-fasea, elur-maila 1.000 metrotik behera jaitsi izanaren eta prezipitazio moderatuen ondorioz. Aurreko neguan, 2022-23koan, baino aktibazio bat gehiago izan da, beraz. Horrez gainera, fase operatiboa behin aktibatu zen, elur maila 700 metrotik behera jaitsi zelako eta prezipitazio ugariak izan zirelako, 2022-23ko neguan baino bat gutxiago.

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Urteak daramatzagu Euskadin elur gutxi uzten duten negu leunekin. Azken urte honetan bost denborale izan dira, baina ez dute eragin aipagarririk izan Euskadiko errepide-sareko zirkulazioan”.

2023/24 NEGUAREN LABURPENA

Lehenengo elurtea 2024ko urtarrilaren 5etik 11ra egin zuen: elur-maila 700 metrora jaitsi zen, eta Kantauri isurialdean prezipitazio moderatuak izan ziren. Urtarrilaren 10ean, elur-maila 400 metrora jaitsi zen, eta fase operatiboa aktibatu zen, baina ez zen gorabehera aipagarririk izan. Kateak edo neguko pneumatikoak Opakuako, Herrerako eta Bernedoko mendateetan bakarrik erabili behar izan ziren.

Bigarren aldiz elurra 2024ko otsailaren 23an eta 24an egin zuen: elur-maila 500-600 metrora jaitsi zen eta gero 1.000 metrora igo zen, eta prezipitazioak ahulak eta moderatuak izan ziren. Hilaren 24ko goizaldean, Herrerako mendatea itxi egin zen ibilgailu astun eta artikulatuentzat, eta gainerakoek kateak edo neguko pneumatikoak erabili behar izan zituzten. Olatu handiek zulo handi bat egin zuten N-634 errepidean, Getaria eta Zarautz artean, eta bide hori itxi egin behar izan zen hainbat egunez, zorua konpondu arte.

Hirugarren aldiz elurra 2024ko otsailaren 26tik 27ra bitartean egin zuen, elur-maila 700-800 metrora jaitsi zenenean, Arabako ekialdean. Hilaren 27an, Larrialdietako Plan Bereziaren alerta-fasea deklaratu zen uholde-arriskuari aurre egiteko, Kantauri isurialdeko prezipitazio iraunkorrengatik.  Azazeta, Bernedo, Gasteizko Mendatea, Herrera, Opakua eta Urduñako mendateetatik kontuz zirkulatzeko eskatu zen.  Era berean, luiziak gertatu ziren, ibaiek gainezka egin zuten eta ur-putzuak sortu ziren bigarren mailako bide-sareko hainbat puntutan, batez ere Araban (Gasteiz hegoaldean) eta Gipuzkoan (besteak beste, Zestoa eta Zumarraga artean eta Andoain eta Usurbil artean). Egun horretan, hilaren 27an, A-1ean, Olazti parean, luizi handi bat gertatu zen eta Irunerako noranzkoko errei bat itxi eta bypass bat prestatu behar izan zen zirkulatu ahal izateko.

Laugarren aldiz elurra 2024ko martxoaren 2tik 3ra bitartean egin zuen, elur-maila oso azkar 600-900 metrora jaitsi zenean. Elurbustia egin zuen, prezipitazio arinak izan ziren, baina ez zen aparteko gorabeherarik izan Euskadiko errepide-sarean. 

Bosgarren elur-aldia, azkena, 2024ko martxoaren 26an izan genuen, Aste Santua hasi baino bi egun lehenago: elur-maila 600-800 metrora jaitsi zen, baina oso azkar igo zen 1.000 metrora. Kasu horretan ere ez zen arazorik izan zirkulazioan.

JOERA

Joan den neguak berretsi egin du Euskadin azken urteetan izaten ari diren neguko gertaeren kopuruaren beheranzko joera: 2017/18ko neguan 17 aldiz aktibatu zen NBP; 2018/19ko neguan 8 aldiz; 2019/20ko neguan 6 aktibazio izan ziren; 2020/21ekoan 5; 2021/22koan 6; 2022/23koan 4; eta, azkenik, azken honetan, 2023/24koan, 5 aktibazio izan dira guztira.

Fase operatiboaren aktibazioei dagokienez, 2017/18ko neguan 10 aldiz aktibatu zenetik, 2018/19ko, 2019/20ko, 2020/21eko eta 2022/23ko neguetan aktibazio operatiboak 2an mantendu dira. Joera horren salbuespen bakarra 2021/22koa da, hiru aldiz aktibatu behar izan baitzen fase operatiboa, eta, ondoren, aurtengoa, 2023/24koa, behin bakarrik aktibatu baita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak