Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 7,3 milioi eurora igo du film luze, labur eta serieen produzkioa, iazko hirukoitza (Gobernu Bilera 2024-4-23)

2024-04-23

Gobernu Kontseiluak ikus-entzunezko ekoizpena sustatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur: film luzeak, film laburrak eta serieak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 7.280.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, aurreko ekitaldian baino 4,8 milioi euro gehiago.

Hazkunde hori Kultura 2028 Plan Estrategikoan jasotako Euskadiko talentu sortzailearekiko Sailaren konpromisoaren ondorio da. Horrela, ikus-entzunezko ekoizpena (film luzeak eta laburrak) sustatzeko laguntzen bi modalitateak handitu egin dira, eta, era berean, aurten modalitate berri bat sortu da, nazioarteko bokazio argia eta berritzailea duten euskarazko serieen sorkuntza sustatzeko.

Hauek dira diruz lagundu beharreko modalitateak:

Film luzeen produkziorako laguntzak: 5.040.000 euro (lehen 270.000 euro) bideratuko dira honako proiektu motak finantzatzera: 

  1. Zinemarako fikziozko film luzeak: 2.900.000 euroko (iaz 1.160.000 euro) aurrekontua erabiliko da 60 minutu edo gehiago dituzten eta merkataritza-ustiapenerako diren ikus-entzunezko obrak diruz laguntzeko.
  2. Aurrekontu txikiko zinemarako fikziozko film luzeak: 250.000 euro diruz lagunduko dira 300.000 eurotik beherako aurrekontua duten fikziozko film luzeak.
  3. Zinemarako animaziozko film luzeak: modalitate honetako dirulaguntza kopurua 1.500.000 eurokoa (iaz 600.000 eurokoa) da. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 800.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
  4. Sortze-dokumentaleko film luzeak: guztira 390.000 euro bideratuko dira (iaz 260.000) edozein hizkuntzatan dauden sortze-dokumental luzeak laguntzeko. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 160.000,00 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.

Film laburren produkziorako laguntzak: edozein euskarritan eginda eta zinemarako diren film laburrak, 60 minutu baino gutxiagokoak, lagunduko dira diruz. Horretarako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 240.000 euroko (iaz 160.000 ) aurrekontua bideratuko du.

Euskarazko serieak ekoizteko laguntza. Euskarazko jatorrizko bertsioko ikus-entzunezko serieen lehen denboraldia kalitate handikoa eta nazioarteko bokazio argi eta berritzailekoa egiten lagunduko da, ikuspegi formal eta tekniko batetik. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2.000.000 euroko aurrekontua bideratuko du honetara.

Iazko deialdian guztira 29 proiektu lagundu zituen Kultura eta Hizkuntza Politika sailak: horietatik 5 zinemarako diren fikziozko film luzeak izan ziren, zinemarako animaziozko film luze bi, 6 sortze-dokumental film luze, aurrekontu txikiko fikziozko 2 film luze eta 14 film labur.

Aurtengo deialdirako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko