Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Gobernua pozik agertu da hauteskundeetako emaitzekin eta herritarrek adierazitako konfiantzarekin

2024-04-23
  • Bingen Zupiria bozeramaileak azpimarratu du kanpainak balio izan duela programak eta proposamenak aurkeztu eta eztabaidatzeko
  • Zupiria: “Gobernu Programan jasotako eta herritarrekin hartutako konpromisoak bete ditugu”

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

GAUR ONARTUTAKO DIRULAGUNTZAK

Gaurko Gobernu Kontseiluaren bileran hainbat dirulaguntza lerro onartu ditu Jaurlaritzak. Horien artean Zupiriak nabarmendu ditu, batetik,  ikus-entzunezko ekoizpena sustatzeko dirulaguntzen deialdia, film luzeak, film laburrak eta serieak barnebiltzen dituena. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 7.280.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, beraz, aurreko ekitaldian baino 4,8 milioi euro gehiago.Nobedade gisa, ikus-entzunezko ekoizpena (film luzeak eta laburrak) sustatzeko laguntzen bi modalitateak handitu egin dira, eta, era berean, aurten modalitate berri bat sortu da, nazioarteko bokazio argia eta berritzailea duten euskarazko serieen sorkuntza sustatzeko. Modu honetara, euskarazko jatorrizko bertsioko ikus-entzunezko serieen lehen denboraldia kalitate handikoa eta nazioarteko bokazio argi eta berritzailekoa egiten lagundu nahi da eta helburu horrekin 2.000.000 euroko aurrekontua izango du atal berri honek. Zupiriak azaldu duenez, iazko deialdian guztira 29 proiektu izan ziren Kultura eta Hizkuntza Politika sailen laguntzekin aurrera atera zirenak.

Bestetik, Hezkuntza sailaren eskutik, 2024-2025 ikasturtean hizkuntza-normalkuntzako Ulibarri Programarako dirulaguntzak onartu dira gaurko bileran. Guztira 1.200.000 eurokoa da partida hau eta dagoeneko programan parte hartzen ari diren edo parte hartu nahi duten itunpeko ikastetxeei zuzendua dago. Zupuriak azaldu du Hezkuntza Sailak 1996-1997 ikasturtean abian jarri zuela hizkuntza-normalkuntzako Ulibarri Programa eta ikastetxe publikoek zein itunpekoek har dezaketela parte. “2023-2024 ikasturtean, Euskadiko 410 ikastetxe dira partaide programan: 231 ikastetxe publiko eta 179 itunpeko” adierazi du. Ulibarriren helburua da itunpeko ikastetxeei laguntzea euskararen erabilera normalizatzeko proiektuak susta ditzaten, hezkuntza-komunitatearen egunerokoan euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko.

Era berean, Gobernu Kontseiluak zuzeneko dirulaguntza bat onartu du gaur eta hortaz, baimendu zaio Gasteizko aireportua sustatzen duen sozietateari, VIAri, 4,5 milioi euroko zuzkidura datozen lau urteetarako, 2024tik 2028ra bitartean. Laguntza honen bidez Arabako eta Euskadiko aireportu-jarduera komertzial eta turistikoa bultzatu nahi da, etxeko eta nazioarteko helmugekin bidaia-eragiketa erregularrak eginez. “Forondako aireportuko bidaiarien bilakaera nabarmena izan da azken urteotan, % 78ko hazkundea izan du pandemiaren aurreko urteetatik eta 2023an adibidez 310.000 pertsonako mugimendua erregistratu zuen” azaldu du bozeramaileak.

Azkenik, ekintzailetzan laguntzeko eta turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko 2024ko laguntzak ere onartu ditu Gobernu Kontseiluak gaurko bileran. Deialdiaren aurrekontua 1.300.000 eurokoa da, turismo-ekintzailetza eta lehiakortasuna indartzeko eta bultzatzeko. Helburua da Euskadin tokiko garapena erraztuko duten turismo-negozio berriak sortzen laguntzea, euskal turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza teknologikoa ahalbideratzea eta sektore seguru, jasangarri, arduratsu eta irisgarri bat bultzatzea.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gaurko  Gobernu Kontseiluan jorratu eta onartutako beste hainbat gaiei dagokienez, 2025eko lan-egutegia onartu da. Lan eta Enplegu sailak aurkeztu duen Egutegi horrek 2024ko jaiegunen data berak ditu, eta nobedade gisa abenduaren 8a gehitu da (2024an jai hau igandean izango da) eta ez da agertzen urriaren 12a, 2025ean igandea delako.

Amaitzeko, kazetarien galderei erantzunez, bozeramaileak, Gobernuaren izenean, pasa den igandeko hauteskundeen balorazioa egin du. Zupiriak adierazi duenez, Gobernua pozik dago emaitzekin eta herritarrek agertutako konfiantzarekin. “Kanpainak aukera eman du programak eta proposamenak aurkeztu eta eztabaidatzeko, kanpaina normaltasunez igaro da eta parte hartzea garrantzitsua izan da” esan du. “Gobernu talde gisa, gobernu programa osatu genuen konpromiso zehatzekin, puntuz puntu bete duguna neurri handi batean, beraz, Gobernu Programan jasotako eta herritarrekin hartutako konpromisoak bete ditugu” gaineratu du. Azkenik, bozeramaileak esan du datozen asteetan funtzioetan, aurrekontuei lotuta har ditzaketen erabakiak hartuko dituztela eta sailez sail esku artean dutena, bete dena eta betetzeko dagoena aztertuko dutela gobernu berriak informazio guztia izan dezan.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak