
Haurreskolak Partzuergoan izena emateko epea zabaltzear da
- Izen-emate epea: apirilaren 22tik maiatzaren 10era, 2023 eta 2024an jaiotako haurrentzat
Haurreskolak Partzuergoak astelehen honetan irekiko du, apirilaren 22an, datorren 2024-2025 ikasturtean partzuergoko haur-eskola batean lehen aldiz hasi nahi duten umeen izen-ematea eta plaza-eskaera egiteko epea. Beraz, 2023 eta 2024 urteetan jaiotako haurtxoen guraso edo legezko tutoreek maiatzaren 10era arte egin ahal izango dute eskaera, aurrez-aurre partzuergoko eskoletan edo online, www.haurreskolak.eus atariaren bidez.
Eskaera bakoitzeko bost haur-eskola ere hautatu daitezke, lehentasun-hurrenkeran jasoak. Izapidea aurrez-aurre egiten bada, eskaera haur-eskola batean bakarrik aurkeztu beharko da, lehen postuan aukeratu den hartan.
2023-2024 ikasturte honetan legez, hurrengo 2024-2025ean ere doakoa izango da Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua.
Plaza eskatzeko interesa duten familiek, honako egutegi hau izan beharko dute kontuan:
- apirilaren 22tik maiatzaren 10era: eskaerak aurkeztea, aurrez-aurre edo online
- ekainak 10: behin-behineko zerrendak argitaratzea
- ekainaren 10etik 14ra: erreklamazio eta zuzenketa epea
- uztailak 1: behin betiko zerrendak argitaratzea
- irailak 5: umeak haur-eskolara hasteko eguna
Umeek16 aste beteta izan beharko dituzte haur-eskolan hasterakoan eta, hasi berritan, hamar eskola-eguneko egokitzapen aldia bete beharko dute.
Maiatzaren 7tik 15era bitartean jaio diren umeentzat, eskaerak maiatzaren 24ra arte eman ahal izango da izena. Udaberrian (apiril-maiatzetan) irekitzen den epe nagusi honez gain, Haurreskolak Partzuergoak ikasturtean zehar ere zabaltzen ditu epeak, irailetik apirilera bitartean, 1etik 10era bitartean, hurrengo hileko lehen egunean hasi nahi duten haurrentzat.
Vitoria-Gasteizko udalerrian dauden haur-eskolen kasuan (udal haur-eskolek eta partzuergokoek osatutako sarea baitu hiri honek), izen-ematea herritarren arretarako udal bulegoetan egingo da (gizarte etxeetan), eta online egin nahi izanez gero berriz, Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, leihatila bakar gisa.
Haurreskolak Partzuergoak 238 eskolako sarea du gaur egun, Euskadiko 180 udalerritan zabalduta. Orotara, 8.754 plaza eskaintzen dituzte haur-eskola horiek guztiek, 0-2 urteko etaparako. Datorren ikasturtean Loiun haur-eskola berria irekitzea aurreikusten da.
Izen-emateari buruzko informazio gehiago partzuergoaren webgunean duzue eskura.