Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskadik bat egin du ekintzak eta politikak bideratzeko gaitasuna izanik EBren erabakietan parte hartzea aldarrikatzen duten Europako eskualdeekin

2024-04-18
  • Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkari Nagusiak Flandriako Gobernuak antolatutako Europako eskualde “indartsuetako” agintarien foro batean parte hartu du, Anberesen
  • Urkullu Lehendakariak Europako agintariei aurkeztutako protokoloa gogorarazi du, zeinaren bidez, besteak beste, Europan euskararen gisara ofizialak diren hizkuntza guztiak EBean ere ofizialak izatea eskatzen baitu

Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkari Nagusiak, Iñigo Urkullu Lehendakaria ordezkatuz, Etorkizunerako prestatuak: Erronka globalak, irtenbideak eskualdeka izeneko agintarien batzarrean parte hartu du, gaur goizean, hain justu ere, Anberesen (Belgika). Topaketa hau Jan Jambon buru duen Flandriako Gobernuak antolatu du, eta politika egiteko eta ekintzak aurrera eramateko gaitasun zabala duten Europako 13 eskualdek parte hartu dute.

Prospektiba estrategikoari buruzko askoren arteko ariketa bat partekatzea da foro honen helburua da, eta, horretaz gain, Europar Batasunak aitortzea eskualde hauek guztiek zeresana izan behar dutela Europako politikak zehazterakoan.

Bilera honetan Adierazpen bateratu bat onartu da –zeinarekin Euskadik bat egin baitu–, eta bertan, besteak beste, “ezinbestekotzat” jotzen da eskualde hauek zeresana izatea EBko politikak erabakitzeko prozesuetan. “Ezinbestekoa da, Europar Batasuneko politikak zehazterakoan, Europako lurralde berritzaileek eraginkortasunez parte hartu ahal izatea. Guk horren alde egiten dugu, zehazki, maila anitzeko gobernantza baten bitartez. Horrela soilik eman ahalko zaie erantzun egokia aurrean ditugun ezohiko erronkei.”– adierazi du Marian Elorzak bere mintzaldian.

Aldarrikapen honetan sakonduz, iragan den urtarrilean, Bruselan, Iñigo Urkullu Lehendakariak Dubravka Suiça Europako Batzordeko Presidenteordeari legegintza-eskumenak dituzten eskualde eta nazionalitate-konstituzionalei buruz aurkeztu zion protokoloa ekarri du gogora, zeinak bat egiten baitu Anbereseko foro honekin. 

Beste proposamen batzuen artean, protokolo horrek Europako eskualde batean ofizialak diren hizkuntza guztiak Europar Batasuneko hizkuntza ofizialtzat hartzea ipintzen du mahai gainean, bai eta nazionalitate konstituzional hauek Europar Batasunaren etorkizunari buruzko debate guztietan eta Itunak berritzeko prozesuetan parte hartu ahal izatea ere, Marian Elorzak azaldu duenez.

“Gure gobernuek eta sare sozioekonomikoek sendotasunez batera lan egin behar dute, koherentzia eta tinkotasuna bermatzeko, eskalako ekonomiak lortzeko eta gure herritarren zein Europako biztanlegoaren ongizatea bermatzeko. Auzolanaren bidez eta guztion hobe beharrez batera lan eginez soilik lortuko dugu giza garapen jasangarri baten alde bidean aurrera egitea.”– esanez bukatu du bere aurkezpena Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako arduradunak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak