Eusko Jaurlaritzak 4 milioi euro bideratuko ditu merkataritza-establezimenduak eta Euskadiko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak modernizatzeko laguntzetara (Gobernu Bilera 2024-4-16)
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak gaurko Gobernu Kontseiluan onartu du merkataritza-establezimenduak eta zerbitzuetakoak modernizatzea sustatzeko laguntza-programa (MEC 2024). Programaren helburua berrikuntza, kudeaketa-tresnak, azpiegiturak eta merkataritza-ekipamendua sustatzea da, modu horretan sektorean kalitate eta lehiakortasun handiagoa lortzeko. Agindu honetarako esleitutako aurrekontua 4.000.000 eurokoa da.
Euskadiko merkataritza-enpresei zuzenean zuzendutako inbertsioan laguntzeko programa honek aurrekontua handitu du: 2021eko deialdian, legealdi honetako lehenengo urtean, 1,35 miloi eurokoa zen eta aurten 4 milioi eurokoa da, ia hirukoiztuz. 2023an 1.500 eskaera jaso ziren, eta horien % 79ri erantzun ahal izan zitzaien.
Laguntzak norberaren konturako langileek eta mikroenpresek eta enpresa txikiek jaso ahal izango dituzte, baldin eta beren merkataritza-jarduera nagusia, negozio-bolumenari dagokionez, merkataritza bada edo merkataritza-jarduerarekin lotuta badago.
Inbertsioan laguntzeko baldintzak hobetu dira, eta deialdi honen berrikuntza nagusia da hauta daitezkeen inbertsioek % 40ko dirulaguntza jasoko dutela onartutako inbertsioari dagokionez, eta 2021ean % 25ekoa zen. Gainera, gehienez % 52ra arte handitu daiteke, 2021eko deialdiko % 40arekin alderatuta. Era berean, 10.000 euroraino igo da enpresek jasoko duten gehieneko laguntza.
Garrantzitsua da azpimarratzea enpresek beren jardueraren lehiakortasunarekin eta modernizazioarekin duten konpromisoa dirulaguntzaren baldintzak hobetzearekin aitortzen dela, adibidez, azken urtean Sailak bultzatutako programetan, “Retail Euskal Eskola”, “Eus-commerce” edo “Berriz enpresa” bezalakoetan, parte hartu izana, edo, beste maila batean, energia-komunitateetako kide izatea. Era berean, merkataritza-elkarteetan parte hartzea ere aitortzen da. Jendeari arreta emateari eta gure kaleetan euskara sustatzeari dagokionez, ziurtagiri tradizionalak (Bikain edo Bai Euskarari) baloratzeaz gainera, kontuan izango da establezimendua “Euskadi Barra Barra” proiektuari atxikita egon den azken urtean.
Eskabideak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da (apirilaren 23an argitaratzea aurreikusten da), eta irailaren 30ean bukatuko da. Eskabideen ebazpena ondoz ondo egingo da, epea amaitu edo kreditua agortu arte. Diruz lagundu ahal izango dira 2023ko urriaren 1etik deialdia amaitu arte egin diren inbertsioak.
Laguntza-programa honek Eusko Jaurlaritzak merkataritza-sektorea eta zerbitzuetakoa garatzearekin eta modernizatzearekin duen konpromisoa indartzen du, lehiakortasuna eta kalitatea sustatuz etengabe aldatzen ari den enpresa-ingurunean.