Zeinu hizkuntzaren eguna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak azken hiru transferentzien Dekretuak onartu ditu (Gobernu Bilera 2024-4-16)

2024-04-16

                                                                                                 Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 16a

 

 

  • Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die aldiriko trenbideen, atzerriko unibertsitate tituluen homologazio eta parekatzearen eta autonomia pertsonalaren fasean nazioarteko babesaren onuradunak hartzeko sistemaren arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko Dekretu proiektuei 
  • Estatuaren eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioak berresten dituzten hiru Dekretuak onartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea baino ez da geratzen

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu aldirietako trenbideen, atzerriko unibertsitate tituluen homologazio eta parekatzearen eta autonomia pertsonalaren fasean nazioarteko babesa duten onuradunen harrera sistemaren arloetan eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkiola ziurtatzen duten Dekretu proiektuak. Hiru eskualdaketak martxoaren 11n adostu ziren Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoan. Dekretuak apirilaren 19an sartuko dira indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean aldi berean argitaratzen direnean.

Aldiriko trenak eskualdatzearen ondorioz, Euskadik kudeatuko ditu Bizkaian eta Gipuzkoan dauden aldiriko trenen zerbitzuak. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ditu transferitutako zerbitzuak arautzea, planifikatzea, kudeatzea, koordinatzea eta ikuskatzea, bai eta horien gaineko tarifa-ahalmena, ordutegiak eta maiztasunak ere.

Zerbitzu horrek Bilboko eta Donostiako aldirietako guneak hartzen ditu, eta, gainera, EAEk Araban Araia eta Gasteiz artean eta Gasteiz eta Manzanos Erribera Beitia artean aldiriko zerbitzu berriak izendatzeko aukera jasotzen du. Araban aldiriko zerbitzuak egungo trenbidearen gainean ezarriko lirateke, eta horrek lotura hobeak ahalbidetuko lituzke Arabako Lautadan eta Añanako Kuadrillan. Halaber, Bilbo eta Karrantza arteko aldiriko zerbitzu berri bat ere izendatu ahal izango du.

Gainera, akordioak Bilboko portura sartzeko lineen transferentziak aipatzen ditu, etorkizunean Hegoaldeko Trenbide Saihesbideak ordezkatuko dituenak (gaur egun plangintza-fasean dago).

Aldiriko trenak transferitzeko akordioaren arabera, Euskadi Estatuaren posizioan subrogatuko da 2027ko abendura arte Renfe Viajeros operadorearekin duen kontratuan, hori baita eskualdatzen diren aldirietako zerbitzuen enpresa operadorea.

Transferentziaren balorazio ekonomikoa egiteko, Ekonomia Itunaren metodologia erabili da; horrela, Kupoan deskontatu beharreko zenbatekoa 92,7 milioi eurokoa izango litzateke.

Akordioak, halaber, ADIFen azpiegituretan inbertitzeko plan bat abian jartzea jasotzen du, gabeziei aurre egiteko eta aldiriko zerbitzuen eskaintzan eragina duten azpiegitura batzuen egoera hobetzeko. Gutxi gorabehera 400 milioi euroko 100 jarduketa inguru aurreikusten dira.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dauden pertsonek atzerrian lortutako goi-mailako hezkuntza tituluen homologazio eskaerei edo baliokidetasun adierazpenei buruzko funtzioak. Akordioa 2024ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean.

Homologazioak esan nahi du Estatuko tituluek dituzten ondorio berak izango dituztela, kasuan kasuko lanbide tituludunean jarduteko gaitzeko. Euskadi izango da eginkizun horiek kudeatuko dituen autonomia erkidego bakarra. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak izango du homologazioa eta baliokidetasuna aitortzeko eskumena.

Gobernu Kontseiluak onartutako hirugarren Dekretuak gizarte laguntzaren arloko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari heltzen dio, nazioarteko babesaren onuradun izaera aitortuta duten eta sistema horretan sartzea eskatu duten pertsonen autonomia fasean. Transferentzia horren bidez, autonomia erkidegoak bere gain hartzen du pertsona horiei harrera egiteko prozesuaren kudeaketa, eta pertsona horiek hartzen dituen gizartean erabat integratzeko ezagutzak eta trebetasunak sendotzen laguntzen zaie.

Nazioarteko babesaren izaera lortu duten pertsonen autonomia faseak gehienez ere sei hilabeteko iraupena du. Horrela, denbora tarte horretan, enplegurako prestakuntza jasotzeko laguntza ematen zaie, etxebizitza bilatzen laguntzen zaie eta laneratzeko jarduerak errazten zaizkie, besteak beste.

Balorazio ekonomikoa egiteko Ekonomia Itunaren metodologia erabili da; horrela, Kupotik kendu beharreko zenbatekoa 2,4 milioi eurokoa izango litzateke. Transferentzia hori 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izango da eraginkorra.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko