Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak garraioaren arloko prestakuntza, ikerketa eta garapenerako zentro integral baten sorrera bultzatuko du Lasarten

2012.eko otsailak 27

Zentro honek garraio sektorearen etengabeko modernizazio, profesionalizazio eta iraunkortasuna sustatuko du

Bi sailburuek uste dute Euskal Autonomia Erkidegoa leku estrategikoa dela garraioaren arloan, duen kokapen geografikoagatik,  industria eta ekonomia-ehunagatik, ibilgailuen fabrikazioan eta informazioaren teknologiako industrian dituen punta-puntako enpresengatik, errepide- eta trenbide-sare trinkoagatik, eta gainera, bi itsas portu handi eta hiru aireportu dituelako.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak erakunde-adierazpen bat sinatu dute gaur Vitoria-Gasteizen, Lasarten garraio arloko prestakuntza, ikerketa eta garapenerako zentro integral baten sorrera bultzatzeko.

Garraiobide guztiak eta garraioaren eremu guztiak jorratuko dituen zentro integral bat izatea, hezkuntza maila guztiak hartuko dituena, Euskadiko logistika eta garraio sektorearen betiko eskari bat izan da, orain arte beren baliabideekin eman behar izan baitie prestakuntza langileei, askotan gainera, tituluak homologatzeko aukerarik gabe, eta hain arlo garrantzitsuan behar bezalako trebakuntza eta prestakuntza izango zuten langileak bilatzeko tresna egokirik gabe.

Bi sailburuek uste dute Euskal Autonomia Erkidegoa leku estrategikoa dela garraioaren arloan, duen kokapen geografikoagatik, -Atlantiko aldeko giltzaduran-,  industria eta ekonomia-ehunagatik, ibilgailuen fabrikazioan eta informazioaren teknologiako industrian dituen punta-puntako enpresengatik, errepide- eta trenbide-sare trinkoagatik (trenbide-administratzaile eta operadore propioarekin),  eta gainera, bi itsas portu handi eta hiru aireportu dituelako.

Euskadik gainera esperientzia handia du datozen hamarkadetan Europaren erronka handiak izango direnen kudeaketan. Alde horretatik, EAEk mugaz gaindiko kontutzat hartu du garraioa, Europa mailako kontutzat, batez ere trenbide-garraioa, eta ikuspuntu horretatik landu du, eraginkortasuna eta iraunkortasuna lortzeko asmoarekin. Gainera, euro-eskualdean sartuta dago, eta horren barruan, Akitaniko eskualde-gobernuarekin elkar hartuta, esperientzia trukatu eta mugaz gaindiko hainbat proiektu burutuko ditu.

Era berean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila Arku Atlantikoko garraio taldearen koordinatzaile da,   "salgaien garraioaren Atlantikoko korridorea ari da bultzatzen, Atlantikoaren ardatzean trenbide eta itsas korridore bat sustatzeko asmoarekin, eta ardatz hori, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak lideraturiko lanari esker, lehentasuna izango duten Europan barnako garraio-sareen artean sartzea lortu da" esan du  Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak.

Horrek guztiak "abagune aparta sortu dute, egungo politika publikoen ildo beretik, garraio arloan modernizazioa, profesionalizazioa eta iraunkortasuna modu jarraituan bultzatuko duen Hezkuntza, Ikerketa eta Garapenerako Zentro Integral bat sortzeko,  garraioko maila guztietako prestakuntza eskainiko duelarik eta garraioarekin lotutako arlo eta gai guztien inguruko lanbide-prestakuntzan ikerketa, garapen, esperimentazio eta berrikuntza-lanak egitearekin batera" adierazi du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.

Gaur egun, INEMena zen zentro bat dago Lasarten,  langabetuei trenez garraiatzeko salgaiei eta errepideko garraioari buruzko ikastaroak emateko erabiltzen zena. Zentro berria askoz ere anbiziosoagoa izango da, eta langabetuei eskolak emateaz aparte, ikasle, enpresario eta sektorean diharduten langileentzat ere eskainiko ditu ikastaroak.

Garraio arloko profesionalek aspalditik ari dira eskatzen Lasarten egingo denaren moduko zentro bat, eta zentroa ez ezik, balioko duen titulu profesional bat sortzeko  premia ere aldarrikatzen dute.

Garraio sektorea "funtsezkoa da Euskadiren lehiakortasun ekonomikorako, bai BPGean duen pisuagatik, bai jende askori ematen diolako enplegua" gogorarazi du Arriolak. Gaur egun sektoreak zailtasunak ditu errepideetako pilaketengatik, ingurumenean eragiten dituen kalteengatik eta istripu kopuruagatik, horrek guztiak erabiltzaileari ematen zaion zerbitzua kaltetzen baitute eta sektorea ekonomikoki zigortzen. Horiek horrela, sektoreak bilakaera baten premia du, garraio moderno baterako bidea hartu behar du, eta kudeaketa-sistema berriak bilatu, garraiobideen arteko banaketa orekatu eta iraunkorra lortzeko eta intermodalitatea garatzeko, eta aldi berean, herritarrek duten mugikortasunerako eskubidea bermatzeko.

Hortaz, Zabaletak adierazi du "prestakuntza eta ikerketa oinarri-oinarrizkoak direla, -zeharkako ikuspegi batean eta guztiok konpartitutako helburuak izanda- aldaketa martxan jartzeko eta, horrela, mugikortasun-eredu eraginkorrago, iraunkorrago multimodalagoa lortzeko; eta horretarako, langile kualifikatua eta prestatuak behar ditugula, garraio-eredu berri horretarako aldaketa ondo kudeatzeko".

Zentroak garraio arloan modernizazioa, profesionalizazioa eta iraunkortasuna modu jarraituan bultzatuko du, ekintza hauen bidez:

-        Garraio sektoreko pertsonen enplegagarritasuna eta profesionaltasuna garatzeko maila guztietako prestakuntza-sistemak perfekzionatu eta sustatuko ditu.

-        Garraiobide desberdinen inguruko ikerketa eta garapena bultzatuko du, eta diziplina anitzeko ikerketa-proiektuak abiaraziko, enpresei zerbitzu hobea eskaintzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoak I+G+b proiektuetan parte hartzeko aukera gehiago izan ditzan.

-        Kudeaketa-sistema egokiak bultzatuko ditu, garraiobideen iraunkortasuna lortzeko praktikak eta funtzionamenduak martxan jartzeko, garraio-sistema adimendunak sustatu eta ezartzeko eta garraioaren sektorean kalitatearen kultura zabaltzeko.

-        Garraioaren arloan maila guztietako lanbide-prestakuntza eskainiko dela bermatuko du, eta

-        Garraioarekin lotutako arlo eta gai guztien inguruko lanbide-prestakuntzan ikerketa, garapen, esperimentazio eta berrikuntza-lana egingo du.

Eusko Jaurlaritzak zentroa sortzeko behar diren giza-baliabideak eta baliabide finatzario eta materialak jarriko ditu, eta hori, hezkuntzaren eta enplegurako politika aktiboen eremuan martxan dauden gainerako programa eta jarduketekin koordinaturik egingo du. Gainera, Jaurlaritzaren aburuz, egungo egoera ekonomikoa kontuan izanda, eta gizarte, ekonomia, lan, prestakuntza eta profesionalen arloko eskariari behar bezala erantzuteko, funtsezkoa da beste herri-administrazio, unibertsitate, lanbide-heziketako zentro eta gainerako eragile sozial, ekonomiko eta industrialak, batez ere, garraio arloko enpresek, hasiera-hasieratik parte hartzea zentroaren sorreran, eta horregatik, Jaurlaritzak, zentroaren sorrera eta garapenean parte hartu nahi duten beste erakunde publiko eta pribatuen konpromisoa bultzatuko du, eta horretarako egokiena den forma juridikoa taxutuko.

Eragile horiek beren ekipamendua zentroaren eskura jarri ahal izango dituzte, ikasleek praktikak egin ditzaten.

Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa lankidetza-hitzarmen batean mamituko da. Lankidetza-hitzarmen horretan jasoko da, zehatz-mehatz, zer jarduketa egin behar diren, eta bakoitzaren eskubide eta betebeharrak, bai eta jarduketen egutegia ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)