Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHU bultzatutako “Hizkuntzen kudeaketari lotutako masterrean izena emateko epea zabaldu da

2024-04-15
  • “Hizkuntzen kudeaketa aro globalean: Berrikuntza gakoak euskararen biziberritzean” izenburua du masterrak eta bi urtekoa izango da
  • Formatu erdi-presentziala izango du: ostiral arratsalde eta larunbat goizetan izango dira eskolak, bi asterik behin, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibarko egoitzan.
  • Eman izena hemen

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Etengabeko Prestakuntzako Master baten eskaintza burutzen du, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin elkarlanean, euskararen biziberritze prozesuan sortu diren ezagutza eta metodologia berrietan trebatzeko aukera eskaintzeko. 'Hizkuntzen kudeaketa aro globalean: Berrikuntza gakoak euskararen biziberritzean’ masterra bi urtekoa izango da, irailean hasiko da eta izena emateko epea zabalik dago.

Masterrak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, euskararen esparruan lanean eta ikerketan sakondu nahiko lukeen ikasleak prestatzea; bestetik, euskarari lotutako esparruetan dabiltzan profesionalentzako formazio osagarria ere izatea. Masterrak formatu erdi-presentziala izango du: ostiral arratsalde eta larunbat goizetan izango dira eskolak, bi asterik behin, Eibarko UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibarko egoitzan. Ikasleek aukeratutako eremuan praktikak egiteko aukera ere izango dute.

Masterrari esker, ikasleek honako gaitasun hauek bereganatuko dituzte: hizkuntzak biziberritzeko giltzarri diren faktoreez jabetuko dira; hizkuntza-planifikazio eta ebaluaziorako dauden tresnak erabiltzen ikasiko dute; euskararen kudeaketa, kudeaketa aurreratuan txertatzen ikasiko dute; eremu ez-formalean euskararen sustapenerako eraginkorrak diren estrategia eta esperientziak ezagutuko dituzte; enpresetako euskara planak diseinatzen ikasiko dute.

Hala, herri-administrazioetan, arlo sozioekonomikoan eta eremu ez-formalean euskara sustatzeko egin den bideaz eta, batez ere, azken urte hauetako berrikuntzez jabetzeko aukera izango dute ikasleek. Bikain, INDEUS, EUSLAN, Bizkeus, Eusgara edo Lanabes egitasmoak, edo Erreferentzia Marko Estandarra (EME) ekimenak aztertu eta lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute. Unibertsitateetako irakasleez gain, arlo bakoitzeko adituak izango dituzte irakasle.

Informazio gehiago hemen

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko