Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritza aurrera egiten ari da hondamendi-arriskua murrizteko politikak 2030 Agendaren garapen jasangarriaren esparruan txertatzen (Gobernu Bilera 2024-4-16)

2024-04-16
  • Gaur, Gobernu Kontseiluan irizpen bat aurkeztu da Euskadin arriskua kudeatzeari eta GJHekin eta Sendaiko Esparruarekin bat etortzeari buruz
  • Dokumentua sailen arteko lan baten emaitza da, non Lehendakaritzak eta sei sailek parte hartu duten, etorkizunerako zazpi iradokizunekin
  • Larrialdien eta hondamendiek mundu osoan eta pertsona bakoitzaren bizitzan duten eraginari buruzko kontzientzia gero eta handiagoa da abiapuntua
  • Irizpenak egiaztatzen du Euskadik hondamendiak prebenitzeko eta kudeatzeko azpiegitura ona duela, nazioarteko jarraibideekin bat datorrena
  • Etorkizunari begira, sailen eta erakundeen arteko komunikazio- eta gobernantza-mekanismoek berebiziko garrantzia dute
  • Baita prospekzioa eta berrikuntza egiten jarraitzea ere, politika publiko honen kudeaketa etengabe hobetzeko

Gaur, Gobernu Kontseiluan aurkeztu da, aintzat har dadin, honako dokumentu hau: "Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa eta gobernantza hobetzeko eremuei eta egoerari buruzko etorkizuneko hausnarketak, hondamendi-arriskua murrizteko, prebenitzeko eta hari erantzuteko eta 2030 Agendarekin bat etortzeko".

Dokumentua Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak 2022tik bultzatu zuen sailen arteko lan-prozesu baten emaitza da. Prozesu horretan, honako sail hauek parte hartu dute: Segurtasun Sailak; Osasun Sailak; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak; eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak. Azken dokumentua egiteko etapan, koordinazioa Segurtasun Sailari eta Idazkaritzari egokitu zaie.

Prozesu horrek Eusko Jaurlaritzaren barruan hondamendien arriskuari aurrea hartzeko eta erantzuteko estrategiei eta baliabideei buruzko hausnarketa sustatu du, bai eta Hondamendien Arriskua Murrizteko Sendai Ekintza Esparruarekin (2015-2030) eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datorren hausnartzea ere.

Sendaiko Ekintza Esparrua 2015eko ekainean onartu zuten Nazio Batuek, Hondamendien Arriskua Murrizteari buruzko Munduko Konferentzian. Hondamendien arriskua murrizteko estandar eta helburu komunak ditu. Horrela, arlo horretako nazioarteko erreferentzia-esparrua da.

Gogoeta horren abiapuntuan kokatu behar da larrialdiek eta hondamendiek mundu osoan eta pertsona bakoitzaren eguneroko bizitzan duten eraginari buruzko kontzientzia gero eta handiagoa. Mundu osoan areagotu dira arrisku objektiboa eta arriskuen eta mehatxuen pertzepzio subjektiboa eta intersubjektiboa.

Arrazoiak, besteak beste, honako hauen efektuarekin eta ondorioekin daude lotuta: klima-aldaketa, suteak, deforestazioa, urbanizazio azkarra eta inbaditzailea, urpean gera daitezkeen lurzoruen okupazioa, herrialdeen arteko eta herrialde bakoitzaren barruko desberdintasun-arrakalak, bai eta krisi pandemikoaren esperientzia pertsonalarekin eta globalarekin ere.

Aurrekari eta erreferentzia horiekin, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak adituen txosten bana eskatu zuen. Dokumentazio horretan oinarrituta, sailarteko talde tematiko hori eratu zen Eusko Jaurlaritzaren barruan. Haren lanak orain aurkezten den irizpena ekarri du. Ekarpen eta orientabide multzo bat eskaintzen du, etorkizunera irekitako gogoeta gisa, hurrengo Legegintzaldian arlo horretako jarduera-plan baten oinarri izan daitezkeenak.

Irizpenak lau atal eta eranskin bat ditu. Lehenik eta behin, Hondamendien Arriskuaren Murrizketaren (Sendaiko Ekintza Esparrua) eta 2030 Agendaren arteko harremanari heltzen dio; bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak dituen tresna nagusien eta horiek GJHekin duten loturaren deskribapena egiten du; hirugarrenik, hobetzeko esparruak identifikatzen ditu; eta, azkenik, laugarren atalak azken oharrak eta ondorioak laburbiltzen ditu. Eranskinak Sendaiko esparruaren eta 17 GJHetako bakoitzaren arteko erlazioaren eskema bat aurkezten du.

Ondorioen atalean egiaztatu da Euskal Autonomia Erkidegoak larrialdien eta hondamendien prebentziorako eta arretarako tresna ugari dituela, Sendaiko Ekintza Esparruaren ardatzekin lerrokatuta daudenak. Tresna arauemaile, estrategiko, instituzional eta gobernantza-tresna ugari daude, oinarri sendoa direnak hondamendien arriskua murrizteko euskal azpiegitura hobetzen jarraitzeko.

Ildo horretan, dokumentuak datozen urteetarako zazpi lan-ildo proposatzen ditu, etorkizunean garatzeko abiapuntu irekiak direnak:

  1. Oro har, esparru guztietan administrazioen arteko ahalik eta koordinaziorik handiena bultzatzea.
  2. Tokiko larrialdi-planen ikuskapena sustatzea, aldundiekin eta udalekin koordinatuta.
  3. Babes zibileko bi noranzkoko harremana areagotzea lurralde-antolamenduarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioekin.
  4. Industriaren arloko ikuskapenak areagotzea.
  5. Sistema informatiko integratua sortzea.
  6. Erakundeen arteko ezagutza zientifikoa sustatzea.
  7. Hondamendien arriskuari aurrea hartzeko, kudeatzeko eta erantzuteko erakundeen arteko hausnarketarako, bateratze-lanerako eta berrikuntzarako foro bat sortzea.

Zazpi iradokizun horiek premisa bera dute: eragile instituzional guztien artean ahalik eta harmonizazio onena lortzea. Ildo horretan eta etorkizunari begira, sailen eta erakundeen arteko komunikazio- eta gobernantza-mekanismoek berebiziko garrantzia hartzen dute.

Era berean, politika publiko horren kudeaketa optimizatzeko eta etengabe hobetzeko prospekzioa eta berrikuntza egiten jarraitzearen garrantzia azpimarratuta geratzen da. Hori guztia, Sendaiko Ekintza Esparruak eta 2030 Agendak eskaintzen diguten testuingurua kontuan hartuta.

2024ko apirilaren 16a

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @arantec
    2024-04-17

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco presenta un informe sobre la reducción de riesgos de desastres, alineado con el Marco de Sendai y la Agenda 2030. Destaca la necesidad de una mejor coordinación para enfrentar las emergencias 📄🌍 https://t.co/gcduq22CSk 📣 @Irekia #GestiónDeRiesgos #Agenda2030 https://t.co/quhAWLUHkK

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko