Berriak Hezkuntza
qrcode

Estatu Batuek Euskadiko Lanbide Heziketarekiko interesa erakutsi dute

2024-04-15
  • Estatu Batuetako Lanbide Heziketako 15 ikastetxek, Estatu Batuetako Enbaxadako Hezkuntzako agregatua buru dutela, Tknika – Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa bisitatu dute
  • Tknika bisitatu ondoren, ordezkaritza amerikarrak Euskadiko Lanbide Heziketako zenbait ikastetxe publiko ere ezagutuko ditu
  • Euskadiko eta AEBko Lanbide Heziketako ikastetxeek ikasleen trukea eta hainbat proiektutan lankidetzan aritzea bultzatuko dute

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, Ameriketako Estatu Batuetako Lanbide Heziketako 15 college edo ikastetxetako ordezkaritza bat hartu du gaur goizean Tknikaren instalazioetan (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa). Ordezkaritza horren buruan Justen Thomas AEBko Madrilgo Enbaxadako Hezkuntza, Ekintzailetza eta Ingurumeneko agregatua eta HACUko (Hispanic Association of Colleges and Universities) arduradunak ere izan dira. Elkarte horrek Estatu Batuetako, Latinoamerikako eta Espainiako 500 ikastetxe eta unibertsitate baino gehiago ordezkatzen ditu.

Bisita Enbaxada horrek bultzatutako ekimenaren barruan egin da, AEBko Lanbide Heziketako ikastetxeek Euskadiko eredua eta bertan garatzen ari diren berrikuntza-proiektuak ezagutu ahal izan ditzaten, AEBko eta Euskadiko ikasleen artean eta bi herrialdeetako Lanbide Heziketako ikastetxeen artean harremanak eta trukeak sustatzeko helburuarekin.

Lanbide Heziketako euskal sistemari eta horren adierazle nagusiei buruzko aurkezpen orokor baten ondoren, ordezkaritza amerikarrak Tknikaren instalazioak bisitatu ditu zentroaren arduradunek lagunduta.

Besteak beste, Kalifornia, Arkansas, Nevada, Texas, Illinois edo New Yorkeko estatuetako 15 collegek ezagutu dituzte Adimen Artifiziala, Zibersegurtasuna edo Automatizazio Industrialaren arloetan garatzen ari diren proiektuak, baita ikasleak prestatzeko Lanbide Heziketako hainbat lanbide-arlotan erabiltzen diren murgiltze-teknologiak eta teknologia interaktiboak ere.

Biozientzien eta Jasangarritasunaren arloan, laborategietara ez ezik, elikagaien berrikuntzarako Landarrain proiektua garatzen den gunera ere hurbildu dira. Akuaponia-sistema bat da hau, akuikultura eta hidroponia uztartzen dituena, birzirkulazioan dagoen sistema batean arrainak eta barazkiak ekoizteko helburuarekin. Arrainak ekoizteko andeletako hondakin-urak landareentzako elikagai gisa balio du, eta horiek, aldi berean, iragazki biologiko gisa jarduten dute, tankeetara itzultzen den ura garbituz. Horrela, sistema orekan mantentzen da, uraren kalitate egokia bermatuz.

Bisita Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetara

Tknikaren instalazioak eta bertan lantzen ari diren ikerketa eta berrikuntza aplikatuko proiektuak ezagutu ondoren, ordezkaritza amerikarrak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe batzuk bisitatuko ditu. Gaur arratsaldean bertan, Easo Politeknikoa Lanbide Heziketako Zentro Integratura joango dira, Donostiara, eta bertatik bertara ikusi ahal izango dute nola gauzatzen den, ikasgela eta tailerretan, Teknikan goizean ezagututako proiektu guztien inplementazioa.  

Bihar, asteartea, Euskadiko Lanbide Heziketako beste ikastetxe publiko batera, Leioako Ostalaritza Eskolara, joango dira. Han, gastronomiaren esparruko aurrerapenak ikusi ahal izango dituzte: jatetxe arloko eraldaketa digitala (4.0 Jatetxea proiektua), gastronomiari aplikatutako ingurune birtualak edo elikadura-berrikuntzako eta jasangarritasuneko proiektuak, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)