Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak Kultura eta Sormen Industrien botere eraldatzailea azpimarratu du Creativity World Forum-aren inaugurazioan

2024-04-15
  • Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskalduna Jauregian gaur hasi den Sormenaren Munduko Foroaren inaugurazioan parte hartu du gaur. Asteazkenera bitartean kultura- eta sormen-industriei (KSI) lotutako munduko osoko eragileak, erakundeak eta enpresak erakarriko ditu
  • “Kultura- eta sormen-ekosistemak: gobernantza-ereduak eta berrikuntza” goiburuarekin, aurtengo edizioaren helburua da sektoreko ereduak eta azken joerak ezagutzea eta sektoreko eragileen artean lan-aukera eta harreman berriak sortzea.

Iñigo Urkullu Lehendakariak Creativity World Forum-aren, Sormenaren Munduko Foroaren, inaugurazio ekitaldian parte hartu du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti ere izan dira inagurazio ekitaldian Pascal Cools Flanders DCko zuzendari nagusiarekin batera.

Sormenaren Munduko Foroa bi urtean behin antolatzen du nazioarteko Districts of Creativity (DC) Network sareak. Aurtengo edizioan, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, sektoreko ereduak eta azken joerak partekatzeaz gain, kultura-eragileen artean lan-aukera eta harreman berriak sortzea du helburu.

Inaugurazio ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak Kultura eta Sormen Industrien botere eraldatzailea eta gizartearen dinamismo kulturalari egiten dioten ekarpena azpimarratu ditu eta azaldu duenez, “ horregatik, kultura-politiken irismena zabaldu dugu, sormenean oinarritzen diren industriak dinamizatzen laguntzeko. Badakigu, halaber, funtsezkoak direla garapen ekonomiko eta sozialerako”.

Lehendakariak gaineratu duenez, “kultura- eta sormen-industriek parte hartzen dute, beraz, zientzia, teknologia eta berrikuntza bultzatzeko gure politiken bihotzean. Norberaren eta enpresaren garapenerako ideia eta aukera berriak hartu eta bultzatzearen aldeko apustua egiten dugu. Berrikuntzarekin konprometituta gaude. Lankidetzan sinesten dugu”. Euskadi munduari irekitako Herria izan dela beti gogorarazi du Lehendakariak eta Sormenaren Munduko Foroa harremanak sendotzeko eta nazioarteko lankidetza sustatzeko aukera bat dela gaineratu du.

Euskalduna Jauregian egin den ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez asteazkenera bitartean Euskadin egingo den foroak ideia eta proiektu berriak bultzatzeko, kultura- eta sormen-industriak garatzeko apustua indartzeko, politika publikoek ekosistema sortzailearekin duten konpromisoa indartzeko, berrikuntza teknologikoa, enpresariala eta soziala bultzatzeko balioko du eta horrekin guztiarekin “elkarrekin etorkizun gizatiarragoa, oparoagoa, justuagoa eta berdeagoa eraikitzen jarraitzeko” aukera eskainiko dute.

Creativity World Forum 2024

Sormenaren Munduko Foroaren egoitza nagusia Euskalduna Jauregia (Bilbo) izango da, baina Tabakaleran (Donostia) eta Artiumen (Gasteiz) ere egingo da. Gaurtik asteazkenera bitartean ehunka pertsonak hartuko dute parte hitzaldietan, lantalde tematikoetan, jardunbide egokien kasuen aurkezpenetan, eztabaidetan edo kulturari eta sormenari lotutako leku eta espazioetarako bisita gidatuetan. (Ikus egitarau osoa).

Ekitaldia euskal kultura- eta sormen-industrien agerikotasunaren arloan mugarria izatea aurreikusi da, nazioartean duen lekua indartzen eta ahalmen berritzailea are neurri handiagoan garatzen lagunduko duena, mundu osoko funtsezko eragileekin sinergiak ezartzearen bidez.

Bi urtez behingo ekitaldia

CWF24 Districts of Creativity (DC) Network sarearen ekitaldi bereizgarria da, bi urtean behin antolatzen dena. Aurreko edizioa 2022an izan zen, Baden-Württembergen (Alemania). Oraingo honetan, Euskadi arduratu da kultura- eta sormen-industrien sektoreko funtsezko pertsonak hartzeaz (gobernu-, enpresa- eta hezkuntza-esparrukoak), sormenari, berrikuntzari eta enpresa-espirituari buruz eztabaidatzeko.

Gizartean diziplina arteko sormena bultzatuko duten jardunbideak partekatu eta garatzeko eta, era horretan, berrikuntza eta oparotasuna sustatzeko helburua Sormenaren Munduko Foroaren ezaugarri bereizgarria da. Hala ere, aurtengo edizioak beste urrats bat egin nahi du, eta lanerako bide, harreman edo enpresa-proiektu berriak sortu nahi ditu hiru euskal hiriburuetan bilduko diren eragileen artean, Euskadi lankidetza-lurralde gisa proiektatzeko. Horretarako, programa ofizialak agerian jartzen du eskualdeek betetzen duten zereginaren garrantzia, eta azken urteetan Euskadin garatu diren kultura- eta sormen-industrietara bideratutako politika aitzindarietan eta abian jarritako Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Estrategian (RIS3) oinarrituta egongo da. Hortik dator CWF24ren goiburua: “Kultura- eta sormen-ekosistemak: gobernantza-ereduak eta berrikuntza”.

Laneko 4 arlo tematiko

CWF24 foroaren helburuak lortzeko, lau arlo tematiko (AT aurrerantzean) hautatu dira. Bakoitza gaian eta haren deribatuetan eta proiektuen koordinazioan esperientzia handia duen Euskadiko erakunde garrantzitsu batek koordinatzen du. Arlo horietako bakoitzeko funtsezko eragileek, euskal erakunde bat buru zutela, ekitaldiaren aurreko hilabeteetan aritu dira lanean arloko erronka nagusiak eta jardunbide egokien kasuak identifikatzeko. Arlo tematiko guztiek zeregin garrantzitsua beteko dute Foroan, eta hautatutako kasu arrakastatsuen ordezkariek parte hartuko dute. ATen bidezko ikuspegi hori eta aldez aurreko lan-prozesua aurtengo edizioko aldaketa nagusietako bi dira, ekitaldiaren programari sendotasuna, aniztasuna eta partaidetza-izaera ematen diotenak. CWF24ren ATak honako hauek dira:

  1. Gobernantza eta kultura- eta sormen-industriak
  2. Berrikuntza kultura- eta sormen-industriekin eta industria horien barruan.
  3. Kultura- eta sormen-industrietako enpresak eta merkatuak.
  4. Hezkuntza eta ikerketa kultura- eta sormen-industrietan.

Prestakuntza

Ikasleak trukatzeko nazioarteko programa bat (DC Living Lab) aurreikusi da, Districts of Creativity Network sareak bultzatua. Ohiko programa da edizio guztietan, eta disziplina ezberdinetako talde batean lan egiteko aukera ematen die ikasleei, kultura- eta sormen-industrien barruan erronka errealei aurre egiteko. Euskadin egingo den aurtengo edizioan, online eta presentzialki jarraitu ahal izango da. Gainera, KSIGUNEk, Euskal Goi Mailako Hezkuntzako Kultura eta Sormen Industrien Ezagutza Guneak koordinatuko du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak