Berriak Kultura
Eu

“15-M mugimendua tokiko mugimenduen konfederazio bat izan zen”

2012.eko otsailak 24

Deustuko Unibertsitatean antolatu den mintegi batean mugimenduaren dinamika sozialei buruzko hainbat ikuspegi jaso dira, Etika Aplikatuaren zentroak Gazteriaren Zuzendaritzarekin lankidetzan landu duen txostena argitaratu ondoren

 

Deustuko Unibertsitateak antolatu duen ekitaldi batean hainbat gai eztabaidatu dira, hala nola, zirrara aldaketaren eragile gisa, 15-M mugimenduko partaideek mundua aldatzen ari zirela sentitu zutela, kolektibo horren eta gizarte-mugimendu tradizionalen —adibidez, GKEak— artean sortu ziren susmoak, sare sozialen eragina, eta beren egitura horizontala eta lankidetzan oinarritua. Giza Eskubideen Institutuak “15-M mobilizazioen inguruko dinamika sozialak” mintegia martxan jarri du. Bertan, hainbat pertsonak parte hartu dute, hala nola, Javier Arellanok (Unibertsitateko Etika Aplikatuko zentroko ikerlaria, eta Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzarekin lankidetzan Bilboko mugimenduari buruz landu den txostenaren egileetako bat), María Eugenia Rodríguez Palopek (Madrilgo Carlos III Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofia irakaslea) eta Salvador Martí Puigek (Salamancako Unibertsitateko Zientzia Politikoko irakaslea eta CIDOBeko kidea).

Arellanok bertaratutako kideei —hala nola, 15-M mugimenduaren kide batzuei— zirrara mobilizazioen garrantzia ulertzeko funtsezkoa izan zela adierazi zien: “mundua aldatzen ari zirela sentitzen zuten. Ziberespazioan ekinean aritu ziren pertsonentzat kalean parte hartzea eta jendearekin egotea gehigarri bat izan zen”.

Horrez gain, mobilizazioaren antolamendu materialaren garrantzia azpimarratu du, lankidetzan oinarritutako kudeaketa horizontalaren “laborategi” bihurtu zen, “norbaitek ideia bat badauka, gauza dezala” leloari jarraiki. Gainera, beren proposamenak mahaigaineratzeko eskatu zietenean partaidetzan oinarritutako metodoarekiko karra “dinamikaren mugengatik behera” egiten hasi zela eta “hasieran kanpaldietan egon zen pluraltasuna mugimendu alterglobalizatzaile batera” bideratu zela erantsi du.

Arellanok esan du azken hamarkadetako mugimendu sozialak segmentu zehatz batzuetan kontzentratzen zirela —hala nola, generoarekin, ekologismoarekin, giza eskubideekin nahiz elkartasunarekin lotutako gaiak— baina desorekak areagotu direla-eta ekintza kolektiboa “kapitalaren eta lanaren arteko zatiketara” itzultzen ari da, baina hori sakonkiago ikertu beharko litzateke. Horrez gain esan du nazionalisten eta nazionalistak ez direnen arteko bereizketa nabaria izan zela, abertzaleek Madrilgo epizentroko mugimenduarekiko urruntasuna mantendu baitzuten.

Martí Puigek, berriz, 15-M mugimenduaren asanblada eta kanpaldietan “turista militante” gisa jardun zuela azaldu du, eta Salamanca, Madril, Bartzelona eta Bilbokoak hurbiletik ikusi zituen, bakoitza bere berezitasunekin: “15-M tokiko mugimenduen konfederazio bat izan zen, toki bakoitzean zegoena oso desberdina zen. Lotura batzuk zeuden beren artean, baina oso gauza eta sentsibilitate desberdinak zeuden”.

Rodríguez Palopek, bere esku-hartzean, mugimenduaren kontsigna batzuk analizatu ditu, adibidez, “ez gaituzte errespetatzen”, edo “ez gara politikarien eta bankarien salgaiak”. Esaldi horien atzean, besteak beste, “botere ekonomikoaren menpe ez dagoen” botere politikoaren aldarrikapena dagoela azpimarratu du.

15-M mugimenduaren kideetako batek galderen txandan adierazi du ez duela nahi “hedabideek eta enpresa handiek 15-M mugimendua estetika bihurtzea eta diskurtsoa desagerraraztea”.

4 iruzkin
  • @AsocT4Bilbao
    2012.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    Video del Seminario "Dinámicas Sociales en torno a las movilizaciones del 15-M”, organizado por la Universidad de... http://t.co/RsysBym5

  • @papakorkel
    2012.eko otsailak 27

    Comentario de Twitter:
    "El 15-M fue una confederación de movimientos locales" http://t.co/aW4cq6nS #Seminario15M

  • @idhbc_uc3m
    2012.eko otsailak 27

    Comentario de Twitter:
    Video Seminario Dinámicas Sociales en torno a las movilizaciones del 15-M.Universidad de Deusto (24 de febrero). http://t.co/D5jiJhYE

  • @sarobace
    2012.eko otsailak 25

    Comentario de Twitter:
    "El 15-M fue una confederación de movimientos locales" http://t.co/Ce0M9VTn

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan