Eman odola!
Berriak Segurtasuna
qrcode

Abian da 2024ko apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako kanpaina

2024-04-04
  • Gaur gaueko 00:01ean hasiko da apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako hauteskunde-kanpaina, eta apirilaren 19ko, ostiraleko, 23:59ak arte luzatuko da
  • 15 egun horietan, alderdiek, koalizioek eta hautesle-elkarteek herritarren botoa bereganatzeko ekimenak egin ahal izango dituzte leku publiko eta pribatuetan
  • Hauteskunde-egunaren ondoren, hamabost eguneko epea izango dute kartelak eta gainerako propaganda kentzeko

Gaurko gauerdia igarota, biharko, ostiraleko, 00:01ean hasiko da 2024ko apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako kanpaina, eta apirilaren 19an, ostiralean, 23:59an amaituko da.  Hamabost egun horietan, alderdiek, koalizioek eta hautesle-elkarteek herritarren botoa bereganatzeko ekimenak egin ahal izango dituzte leku publiko eta pribatuetan: hauteskunde-publizitatea, propaganda postontzietan sartzea, mitinak, hartarako prestatutako leku publikoetan jarduerak, eta abar.

Esparru horretan, hautagaitzek nahi duten komunikabide pribatuetan publizitate-espazioak sartzea kontratatu ahal izango dute. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren mende dauden komunikabide publikoetan eta Euskadiren lurralde-eremura mugatuta dauden Estatuaren titulartasuneko komunikabideetan doako publizitate-tarteak erabiltzeko eskubidea izango dute. Tarte horien banaketa aurreko hauteskunde autonomikoetan alderdi bakoitzak lortutako boto-kopuruaren arabera egiten da.  

Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordea (AEHB) da doako tarte horiek banatzeko agintaritza eskuduna. Haren zuzendaritzapean dagoen Irrati eta Telebista Batzordeak egiten du banaketa-proposamena. Batzorde horretan gaur egungo Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten eta hauteskunde hauetan berriz aurkezten diren hautagaitza guztien ordezkariak daude.

Baimendutako publizitate-eremuak

Era berean, kanpaina-ekitaldiei dagokienez, Euskadiko udalek helburu horretarako doan lagatako eta kudeatutako leku publiko ofizialetan egin ahal izango dira. Berez, udalek jada izendatu dituzte hautagai-zerrenda bakoitzaren hauteskunde-propaganda doan kokatu ahal izateko lekuak (zutoinak, hesiak, kabinak, etab.). Legeak debekatu egiten du banderatxoak, zintak edo antzeko hauteskunde-elementu grafikoak udalek adierazitako seinaleztapen guneetatik kanpora jartzea. Alde horretatik, debekatuta dago lurrean kokatutako tripodeak, banderak eta pankartak jartzea, edo bide publikoan panfletoak botatzea, etab.

Baimendutako eremu horien banaketa hauteskunde-batzordeei dagokie, hautagaitza guztiek azalera bera eta antzeko erabilera izan dezaten erabilgarri dagoen leku bakoitzean.

Doako hauteskunde-publizitate grafikoa kokatzeko aipatutako lekuez gain, alderdiek kartelak eta hauteskunde-propagandarako bestelako elementuak jar ditzakete udalek baimendutako eremu komertzialetan.  

Hauteskunde-araudiak ezartzen du baimendu gabeko lekuetan propaganda grafikoa kokatzea edo inprimatzeak egitea isunekin zigortu daitekeela.

Propaganda erretiratzea

Alderdi politikoak legez derrigortuta daude propaganda grafikoa kokatu zuten lekuetatik kentzera.  Hauteskundeak egin eta hurrengo hamabost egunetan egin beharko dute. Hala egingo ez balute, udalek kenduko dituzte kartelak, baina lan horrek eragindako gastuak hautagaitza arau-hausleei jasanaraziko zaizkie.

Hautagai-zerrendak aldarrikatzea

Hautagai-zerrendak, horien izenak eta sigla ofizialak eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerrenda bakoitza osatzen duten pertsona guztien izenak 2024ko martxoaren 26ko EHAAn argitaratu ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak