Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzaren kolon eta ondesteko minbiziaren euskal baheketan parte hartzen duten pertsonen biziraupena % 95 igo da

2024-03-27

MARTXOAREN 31, KOLON ETA ONDESTEKO MINBIZIA PREBENITZEKO MUNDUKO EGUNA

  • Osakidetzaren detekzio goiztiarreko programak 10 tumoretik 7 detektatzen ditu hasierako estadioetan; horri esker, biziraupen-indize handiagoa lortzen da eta tratamendu ez hain agresiboak aplikatzen dira 
  • Euskadik Europako partaidetza-tasarik handienetako bat du, % 72koa; hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azpimarratu du garrantzitsua dela parte hartzen ez duten gainerako biztanleak sartzea eta ohitura osasungarriak hartzea minbizia hau prebenitzeko
  • Euskadin minbizi ohikoena den arren, nabarmendu behar da azken bi hamarkadetan behera egin dutela haren intzidentziak eta heriotza-tasak 

Osakidetzaren kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programari esker, 2009an Euskadin abian jarri zenetik, 4.519 tumore gaizto detektatu dira, % 71 hasierako estadioetan. Horri esker, bost urtera % 95eko biziraupena izan dute programan parte hartzen duten pertsonek. Era berean, 39.929 lesio aurregaizto aurkitu eta erauzteko aukera eman du. 2023an 270 minbizi inbaditzaile eta 3.500 lesio aurregaizto aurkitu ziren.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuak dira, Igande honetan, martxoak 31, izango den Kolon eta Ondesteko Minbizia Prebenitzeko Munduko Egunaren atarian. Datu horiek aditzera ematen dute prebentzio-politiken garrantzia, bai Osakidetzak egiten dituen detekzio goiztiarreko programa hauen bidez, bai bizi-ohitura osasungarriak sustatzera bideratutako jardueren bidez. Horien helburua da minbiziaren eta beste gaixotasun batzuen arrisku-faktore nagusiak saihestea. Elikadura osasuntsua, ariketa fisikoa edo gehiegizko pisua saihestea, besteak beste, faktore babesleak dira.

Beharrezkoa den prebentzio horrekin batera, funtsezkoa da detekzio goiztiarra ere, erabakigarria baita kolon eta ondesteko minbiziak eragiten dituen kasuen eta heriotzen kopurua murrizteko, Euskadin ohikoena baita, nahiz eta azken bi hamarkadetan horien intzidentzia eta hilkortasuna nabarmen jaitsi diren bi sexuetan.

Minbizi mota hori bahetzeko euskal programa, bi urtean behin gorozkietan ezkutatutako odoleko testaren eta kasu positiboetan sedazio bidezko kolonoskopiaren bidez, 50 eta 69 urte bitarteko biztanle guztiei zuzenduta dago, eta urtero 300.000 pertsona deitzen ditu batez beste. % 72ko partaidetza du, Estatuko eta Europar Batasuneko handienetako bat.

Urtero detektatzen diren kasuen kopurua ia bikoitza da gizonengan emakumeengan baino, baina emakumeen partaidetza-portzentajea % 74 da, eta gizonena, berriz, % 68. Hori dela eta, Osasun Sailak berriro dei egiten die oraindik programan sartu ez diren pertsona guztiei parte hartzeko, horrek garrantzi handia baitu haien osasunean eta egungo eta etorkizuneko bizi-kalitatean.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-04-02

    Ondo daude osasuna sustatzeko ikastaroak tratamendu medikoarekiko atxikimenduaz jabetzea, batez ere laguntzarik ez duten pertsonentzat, behar izanez gero, eta gaizki eramandako tratamendu batek gauzak okertzen baditu, gastu sanitarioa areagotuz, erabiltzailearen osasunaren kaltetan, kontzienteki edo oharkabean, konturatu gabe.

  • Argazkia Xaver
    2024-04-02

    Están bien los cursos de promoción de la salud tomar conciencia adherencia a tratamiento médico, sobre todo para aquellas personas no cuenten con ayuda alguna haciendo falta y un tratamiento mal llevado empeore las cosas aumentando el gasto sanitario en detrimento de la salud de la persona usuaria, conscientemente o inconscientemente sin darse cuenta.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak