
Hilabete batean, 4.371 gaztek eskatu da dagoeneko Emantzipa programaren laguntza gazteen emantzipazioa errazteko (Gobernu Bilera 2024-3-26)
- Eskatzaileen % 52,2 Bizkaikoak dira, % 33,7 Gipuzkoakoak eta % 14,1 Arabakoak
- % 71,9 alokairuan emantzipatu egin dira edo egingo dute, eta gainerako % 28,1 erosteko etxebizitza batean
- Eskaeren % 60,9 emakumerenak dira, eta % 39,1 gizonenak
- Lortutako erantzuna oso positiboa da. Egindako aurreikuspenekin bat dator. Ez da gorabehera negatibo nabarmenik gertatu.
- 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazioa erraztera bideratuta dago Eusko Jaurlaritzaren laguntza
- Hilean 300 euro ordaintzea da, gehienez 24 hilabetez, betiere gastu bat egiaztatzen bada
- Eskabidea aurkezteko biderik zuzenena www.euskadi.eus/emantzipa da
Hilabeteko epean, 25 eta 29 urte bitarteko 4.371 pertsonak eskatu dute gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa programako laguntza berria. Prestazio hori hilean 300 euro ordaintzean datza, gehienez 24 hilabetez, betiere etxebizitza libre baten alokairuaren, hipotekaren edo mailegu pertsonalaren gastua egiaztatzen bada.
Gaur goizean, Iñigo Urkullu Lehendakariak aurkeztutako eskaerei buruzko datu nagusiak aurkeztu ditu Gobernu Kontseiluan. Eskaera egiteko epea joan den otsailaren 20an ireki zenetik, guztira 4.371 eskabide aurkeztu dira. Horietatik, eskatzaileen % 52,2 Bizkaikoak dira, % 33,7 Gipuzkoakoak eta % 14,1 Arabakoak.
Eskaeren % 60,9 emakumerenak dira, eta % 39,1 gizonenak. Datu hori koherentea da azken hamarkadan emakumeen emantzipazio-tasan ikusten den hamar puntuko aldearekin.
Aurkeztutako eskabide guztietatik ondorioztatzen da eskatzaileen % 71,9 alokairuan emantzipatu egin dela edo egingo duela, eta gainerako % 28,1 etxebizitza erostean.
Udalerriei dagokienez, 1.075 eskaera Bilbon emantzipatuko diren gazteek egin dute, 548 Donostian, 515 Gasteizen, 182 Barakaldon eta 118 Getxon.
Emantzipa laguntza beste prestazio batzuekin bateragarria da; hala ere, gazte eskatzaileen % 60,9k ez dute beste laguntzarik jasotzen emantzipatzeko. Beste laguntza batzuen onuradunen artean, alokairuan emantzipatzen diren pertsonen % 47,5 Gaztelagun programaren onuradun ere badira.
Aurkezteko moduari dagokionez, eskabideen % 94,4 telematikoki aurkeztu dira, eta % 5,6 aurrez aurre.
Azkenik, eskatzaileek 19.000 euroko diru-sarrerak dituzte batez beste, eta, zehazki, salerosketan emantzipatzen direnek 21.000 euroko diru-sarrerak dituzte batez beste, eta errentamenduan emantzipatzen direnek, berriz, 19.000 euroko diru-sarrerak urtean.
Orain arte lortutako erantzuna oso positiboa da. Egindako aurreikuspenekin bat dator. Ez da gorabehera negatibo nabarmenik gertatu. Diseinatutako aplikazioa eta kudeaketa-operatiboa behar bezala funtzionatzen ari dira.
Eskaerak eta kontsultak
Interesa duten gazteek modu errazenean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, www.euskadi.eus/emantzipa helbidean. Zalantzarik izanez gero, jar zaitezte harremanetan Gazteria Zuzendaritzarekin, 945 015 591 telefono-zenbakira deituz edo mezu bat bidaliz honako helbide honetara: emantzipa@euskadi.eus
Halaber, GAZ Emantzipaziorako zerbitzuaren laguntza izan dezakete, online, EMANTZIPA kanalaren bidez, whatsapp bat bidaliz 646 109 126 zenbakira edo mezu elektroniko bat bidaliz gaz@euskadi.eus helbidera; edo aurrez aurre, Bilboko (La Perrera) edo Barakaldoko GAZ bulegoetara hurbilduz.