Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen EPEa onartu du Eusko Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2024-3-26)

2024-03-26
  • Toki-erakundeetako kontuhartzailetza-diruzaintza, idazkaritza eta idazkaritza-kontuhartzailetza azpieskaletarako gordetako 177 plaza betetzeko da hautaketa prozesua

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen 2024rako Enplegu Publikoaren Eskaintza (LEP) onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, kontuhartzailetza-diruzaintza, idazkaritza eta idazkaritza-kontu-hartzailetzako azpieskaletan toki-erakundeetarako 177 plaza betetzeko da hautaketa prozesua.

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako prozesu honetako plaza gehienak Bizkaiko udaletan eta toki-erakundeetan hutsik dauden lanpostuei dagozkie, eta, ondoren, Gipuzkoan eta Araban.

Prozesuak hainbat modalitate aurreikusten ditu deialdietara sartzeko: txanda irekia edo barne sustapena. Txanda irekiaren bidez deitzen diren plazetarako, oposizio bidez egingo da sarbide sistema; beste azpieskala edo kategoria baterako barne-sustapenekoak, berriz, indarrean dagoen araudian aurreikusitako sistemen arabera egingo dira, eta hori deialdien oinarrietan zehaztuko da.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko sailburuaren agindu baten bidez gauzatuko dira deialdiak, gehienez ere urtebeteko epean. Deialdiak eta oinarriak onartu ondoren, izangaiek EPEn izena emateko beharrezko izapideak bete ahal izango dituzte.

Lan eskaintza publiko honek toki-erakunde hauetan hutsik dauden lanpostuei esleitutako euskara eskakizunak beteko ditu. Euskal Autonomia Erkidegoko langileak hautatzeko prozesu honek erantzun egiten dio toki-erakundeek plaza horiek hizkuntza eskakizun egokiarekin betetzeko egiten duten eskaerari, era horretan herritarrei zerbitzu elebiduna bermatzeko.

Izan ere, funtsezko lanpostuak dira eta beharrezko funtzio publikoak betetzen dituzte: batetik, idazkaritzarena, fede publikoa eta nahitaezko lege aholkularitza barne hartzen dituena, udalen eta toki-erakundeen eguneroko funtzionamenduan ezinbestekoa dena. Eta, bestetik, ekonomia, finantza eta aurrekontu kudeaketaren kontrola eta barne fiskalizazioa, bai eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru bilketa ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko