Euskaraldia
Berriak Ekonomia eta Ogasuna
qrcode

2024 Estatistika Programak 232 estatistika-eragiketa aurreikusten ditu, 24,7 milioi euroko kostuarekin (Gobernu Bilera 2024-3-26)

2024-03-26

EAEko Urteko Estatistika Programak 232 estatistika-eragiketa aurreikusten ditu aurten, 24,7 M €-ko kostuarekin. Horretarako, Gobernu Kontseiluak programa hau erregulatzen duen dekretua onartu du gaurko bileran.

2024ko Estatistika Programak 2023-2026 Euskal Estatistika Planaren Legea garatu eta egikaritzen du. Lege hori Eusko Legebiltzarrak aho batez onartua da. Plana Euskadiko aldi horretako estatistika-jarduera antolatzeko tresna da. Urte honetarako, barne hartzen dira Eustatek eta Eusko Jaurlaritzako sailen estatistika-organoek 2024an zehar abian jarriko dituzten estatistika-eragiketak eta estatistika-jarduerak.

Estatistika ofiziala ezinbestekoa da gizartearen errealitate sozioekonomikoa ezagutzeko, kalitatezko datuak eskaintzen baititu metodologia egiaztatuekin. Estatistikek ematen dituzten emaitzak funtsezkoak dira, erabakiak hartzeko garaian zuzeneko eragina baitute, bai sektore publikoan, bai pribatuan.

Eustatek datorren urterako planteatutako 232 estatistika-eragiketak azken programan jasotakoak baino 22 gehiago dira. Programaren kostu osotik (24,7 M €), Eustatek % 74,5etan hartzen du parte eta, ondoren, honako hauek datoz: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila (% 6,0), Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila (% 5,6) eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila (% 3,9).

Eustatek 119 eragiketaren ardura du, eta sailek banaketa hau du dute:

  • Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena: 31 eragiketa.
  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: 14 eragiketa.
  • Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: 11 eragiketa.
  • Kultura eta Hizkuntza Politika: 11 eragiketa.
  • Osasuna: 11 eragiketa.
  • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 10 eragiketa.
  • Lana eta Enplegua: 9 eragiketa.
  • Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 8 eragiketa.
  • Ogasuna eta Ekonomia: 4 eragiketa.
  • Segurtasuna: 3 eragiketa.
  • Hezkuntza: 1 eragiketa.

Hiru foru-aldundiak ere parte-hartzaile gisa agertzen dira.

Gaikako arloen arabera, kostu handienekoa Demografia eta gizarte-ohiturak da (2024ko Programaren guztizkoaren % 12,5), eta ondoren datoz Kontu ekonomikoak (% 12,1) eta Estatistika-azpiegitura (% 11,6).

Hedapen-aldizkakotasunaren arabera, 190 estatistika-eragiketa egiturazkoak dira —urtean behin edo gehiagotan egiten dira, eta horietatik 102 urtekoak dira—, eta 31 koiunturalak dira —urtean behin baino gutxiagotan hedatzen dira—.

Nabarmendu behar da, halaber, datu-iturri gisa administrazio- edo zerga-informazioa erabiltzen dela 91 estatistika-eragiketatan, eta 66 gehiagotan iturri gisa informazio osagarria edo mistoa gehitzen dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko