72.000 emakumek parte hartu zuten Osakidetzaren zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programan 2023an
UMETOKI-LEPOKO MINBIZIA PREBENITZEKO MUNDUKO EGUNA – MARTXOAK 26
- Euskadin, zerbixeko minbiziaren 500 kasu inguru detektatu ziren 2018 eta 2022 artean, eta horietatik % 40 Osakidetzako zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programaren bidez identifikatu ziren; gehienak estadio goiztiarrak dira, tratamendu ez hain oldarkorrak egiteko aukerarekin eta biziraupen-indize handiagoarekin
- Egindako azterketen % 93k arrisku oso txikiko emaitza izan zuten. Eta 1.484 emakumeri azterketa sakonagoa egin zitzaien; hala, lesio aurre-gaiztoak atzeman zitzaizkien 315 emakumeri
- Euskadi izan da Estatuan zerbixeko minbizia bahetzeko populazio-programa bat ezarri duen lehen autonomia-erkidegoa, eta programak oso eragin handia du biziraupenean, % 97koa
Osakidetzaren umetoki-lepoko edo zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programak Euskadiko 71.818 emakume artatu zituen iaz, baheketa-proba eginez. Kasuen % 93k arrisku oso txikiko emaitza izan zuen. 1.484 emakumeri azterketa sakonagoa egin zitzaien; hala, lesio aurre-gaiztoak atzeman zitzaizkien 315 emakumeri. Besteak beste, datu horiek eman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Umetoki-lepoko Minbizia Prebenitzeko Munduko Egunaren bezperan.
Euskadin, zerbixeko minbiziaren 500 kasu inguru detektatu ziren, 2018tik 2022ra, eta horietatik % 40 Osakidetzaren umetoki-lepoko edo zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programaren bidez identifikatu zen. Baheketan atzemandako kasu gehienak, % 72 zehazki, fase goiztiarretan zeuden, eta horrek esan nahi du tratamendu ez hain oldarkorrak aplikatzeko aukera dagoela eta biziraupen-indize handiagoa duela. Izan ere, baheketa-programak biziraupenean duen eragina oso handia dela ikusi da: % 97.
Gogoratu behar da programaren helburua minbizia prebenitzea dela; horregatik, emaitza arrisku txikikoa den kasuetan, 25-34 urteko emakumeak 3 urteren buruan azterketa berriz egitera gonbidatzen dituzte, eta 5 urteren buruan 35-65 urteko emakumeen kasuan. Aitzitik, lesio aurre-gaizto bat detektatzen denean, tratamendua eskaintzen zaio, lesioak aurrera egin ez dezan eta ondorengo urteetan zerbixeko minbizi izatera ez iristeko.
Programak indarrean daraman 6 urteetan, 25 eta 65 urte bitarteko 550.000 emakumek baino gehiagok jaso dute baheketan parte hartzeko gonbidapena.
Euskadi izan da Estatuan zerbixeko minbizia bahetzeko populazio-programa bat ezarri duen lehen autonomia-erkidegoa. Euskadiko Plan Onkologikoaren funtsezko tresna da, eta minbiziaren prebentzioa, pazienteen arretaren kalitatea hobetzea eta gaixotasun horren aurrean biziraupena areagotzea du helburu.
INFORMAZIO ESKURAGARRIA
Horrelako prebentzio-programa batean parte hartzeak onurak dakartzan arren, emaitza aldatua duzula jakiteak antsietatea sor dezake programa hori jarraitzen duten emakumeengan.
Horregatik, Osakidetza, aldi berean, proiektu bat lantzen ari da bigarren mailako ondorio horiek arintzeko. Alde batetik, herritarrei zuzendutako eta Osakidetzaren webgunean kokatutako informazio-bideo batzuk egin dira, azalpen-eduki guztia eguneratzearekin batera.
Gainera, profesionalei prestakuntza espezifikoak ematen ari zaizkie, emaitza aldatuak jakinarazteko tresnak hobetzeko, zerbixeko minbiziaren baheketa-programaren barruan, emakumeek emaitza aldatu horiek osasuna prebenitzeko eta hobetzeko aukera gisa bizi ditzaten.