Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak udazkenean hasiko ditu Ermuko geltoki berria eraikitzeko lanak

2012.eko otsailak 23

 30,1 milioi euroko inbertsioa da, eta, geltokiaren eraikinaz gain, Ermurako trenbide sarbideak eraikitzeko eta trenbide pasagune bat kentzeko lanak ere jasotzen ditu

Jaurlaritzak datorren udazkenean hasiko ditu Ermuko geltoki berria eraikitzeko lanak, gaur goizean Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, Carlos Totorika Ermuko alkatearekin batera, iragarri duenez.

 Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak duela denbora gutxi hasi du proiektu horren lizitazio prozesua. Proiektuak 30,1 milioi euroko aurrekontua du, eta burutzapenerako epea 36 hilabetekoa izango da. Udaletxean burutu den ekitaldian, herrian eraikiko den geltokiak izango dituen ezaugarriak hiritarrei aurreratzen dizkion bideoa proiektatu da.

 Bide-zubiaren luzapena izango den goialdeko geltoki berriaren eraikuntzari esker, une honetan eskailera eta igogailu bitartez lotuta dauden Valdespinako parkea eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plaza bereizten dituen trenbide ezponda kendu ahal izango da. Etorkizunean, jende guztia joan ahal izango da aisiarako bi toki horien artean, denek erabiltzeko moduko behealdeko igarobideari esker.

 Proiektuan Ermurako trenbide sarbideen hobekuntza ere aurreikusten da, egungo trazatua nabarmen hobetuko duen kilometro bateko tunelaren eta geltokitik oso gertu egongo den maniobrak egiteko zabalgunearen eraikuntzari esker. Lan horiek direla eta, Ermua-Eibar-Elgoibar tranbiaren maiztasuna hobetu ahal izango da.

 Ermua, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak bultzatutako zenbait jarduketen barruan dago. Jarduketa horien xedea, linearen erabiltzaileei egunero eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea da. EuskoTrenek ardatz horretan eskaintzen duen tren zerbitzua 3.000 pertsonak erabiltzen dute egunero.

 Horrela, gaur egun burutzapen fasean daude Txarakua-Azitain zatia bikoizteko lanak, Txarakuako trenbide pasagunea kentzeko obrak, edo Eibarko geltokia (estaziñoa) goitik behera zaharberritzeko lanak. Horrez gain, azken urtean, jada burututa dauden proiektuak martxan jarri dira, San Lorentzo-Unibertsitatea zatiaren bikoizketa, Eibarren dagoen Ardantzako geltoki berria edo Karakateko gurutzaketa, besteak beste. Halaber, aurtengo udazkenean Amaña-Ardantza zatia bikoizteko eta Amaña-Legarre estaltzeko lanak hasiko dira.

 Ermua-Eibar-Elgoibar ardatzaren garapenerako estrategikoak diren proiektu horiek amaitu ondoren, 15 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango dira ibilbide osoan.

 

 "Ermua" proiektuaren deskribapena

 Ermuko zatirako egokitu den trenbide bikoitzeko trazatu berriak 1.500 metro ditu guztira. Hasiera Eitzaga inguruan dago, eta ia oso-osorik tunel barruko trazatu saihesbidean doa (1.025 metroko luzerakoa), Ermuko sarreraraino. Bertan N-634 errepidea gurutzatuko du, 40 metroko bide-zubiaren bidez, inguruan egongo den geltoki berrira heldu aurretik. Horren ondoren berriro ere egungo trenbidearekin egingo du bat, Izelaieta kaleko behealdeko igarobidearen aurretik. Jarduketa horri esker, lur azpian egongo den saihesbidean dagoen Oletxeko trenbide pasagunea kendu ahal izango da.

 Ermuko geltoki berria, egungo geltokiaren ondoan egongo den azpialdeko igarobidearen ondoan egongo da, eta Valdespinako parkearen eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plazaren arteko zeharkako lotura ezarriko du. Geltokiaren ataria trenbidearen plataformaren azpian egongo da, sarbidea kaleko kotatik egingo da, behealdeko mailan, eta horrek bat egingo du zabalera aldakorra eta 80 metroko luzera izango duen erdiko nasarekin. Bertara eskailera finkoaren eta igogailuaren bitartez heldu ahal izango da.

 Orografiak eta hiriguneetako eraikinek zirkulazioaren abiadura mugatzen dute trenbide bakarreko egungo trazatuan -hori oso garrantzitsua da bidaiarien garraioan-, trenbide pasaguneetan ikusten den eremua mugatu egiten dute eta, gainera, ibilbidea deseroso egiten dute.

 Halaber, gaur egun Ermuan dagoen geltokiak ez du bazterbiderik ezta bidaiarien eta merkantzien ibilbide luzeko trafikoak batera ustiatzeko aukera ematen duen instalaziorik ere. Hori dela eta, jarduketa honetan, maniobratarako gune bat prestatuko da tunel barruan, Ermuko geltokitik gertuen dagoen aldean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)