Berriak Kultura
Eu

Fundación 2012 Fundazioak “2012 Euskadi, Bakea eta Askatasunaren aldeko kulturen urtea” ekimenaren lehenengo ekitaldien ildo orokorrak aurkeztu ditu

2012.eko otsailak 23

'Maleta mexikarra' eta 'Gerra eta Bakea: zuzeneko begiradak' argazki-erakusketak izango dira '2012 Euskadi' ekimenaren lehen kultura-ekitaldiak

'Maleta mexikarra' eta 'Gerra eta Bakea: zuzeneko begiradak' izango dira (otsailean eta martxoan, hurrenez hurren) gaur Bilbon Eusko Jaurlaritzaren sailburu Blanca Urgellek aurkeztu duen '2012 Euskadi, Bakea eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea' ekimena abian jarriko duten lehen ekitaldi handiak. Informazio-ekitaldia baliagarri izan da, halaber, 'Bakea eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea' ekimena antolatzeaz arduratuko den Fundación 2012 Fundazioa aurkezteko, eta programaturiko beste bi gertakari garrantzitsuren zenbait ildo nagusi ere aurreratu dituzte, honako hauenak, hain zuzen ere: 'Eskatzen dut Bakea eta Hitza' Nazioarteko Poesia Jaialdia eta 'Zentzua eta Iraunkortasuna' proiektu artistikoa, Urdaibaiarten bildurikoa, biak ere datozen hilabeteetan garatzekoak. Sailburuarekin batera, Kulturako sailburuorde Antonio Rivera eta Kultura Sustapeneko zuzendari Mikel Toral izan dira informazio-aurkezpenean.

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena ospatzeko Patxi Lopez lehendakariak urtarrilean ofizialki aurkezturiko '2012 Euskadi, Bakea eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea' ekimenean hainbat arte-diziplinatako hogeita hamar ekitaldi garrantzitsu inguru garatuko dira, Euskadin bizikidetza demokratikoa lortzeko lagungarria izango den euskarria betiere kultura izateko helburuarekin elkarturikoak guztiak ere.

Biltzen duen bokazio askotariko eta partizipatiborekin bat, '2012 Euskadi' ekimenaren lehen aurrerapen hau gaur aurkeztu du Kulturako sailburuak Bilboko Carlton Hotelean, Espainiako Gerra Zibilean lehenengo Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, altxatuen aurka Errepublikaren legalitatea eta legitimitatea ordezkatu zuten indar politiko demokratiko guztiek osaturiko Eusko Jaurlaritzarena, hain zuzen ere.

Programaturiko kultura-ekitaldien egutegi zabala garatzeko, iazko urtearen amaieran eratu zen Eusko Jaurlaritzaren barruan Fundación 2012 Fundazioa. Publikoa, irabazi-asmorik gabea eta 'Bakea eta Askatasunaren aldeko Kulturen urte' hau amaitutakoan desegingo den Fundazio horren helburua sortzaileei bidea erraztea da Bakerako beren ekarpen eraldatzailea egin dezaten, Euskadi pentsamendu garaikidearen munduko mapan jartzeko eta euskal herritarrek jardun horretan parte har dezatela bultzatzeko, garai berrien eraikuntza irmo eta lasaia ahalbidetzeko betiere.

"Euskadiko hainbat herriren -hala nola, Gernika, Durango, Otxandio, Eibar edo Bilboren- bonbardaketen 75. urteurrenaren efemeride historikoa ospatzea, gaur egungo euskal jokaleku politiko eta sozialean indarkeriarik ez izatearekin batera, aukera ona da ekimen hau garatzeko, eta horrela, Estatuko zein nazioarteko hainbat musikari, argazkilari, poeta, pentsalari, aktore, eta abar, biltzeko, betiere euskal herritarren inplikazioa bilatzen badute elkarrizketa, memoria, bizikidetza, bakea eta askatasuna bultzatzeko", Kulturako sailburu Blanca Urgellek adierazi duenez.

Programaturiko lehenengo kultura-ekitaldiak bi argazki-erakusketa dira: 'Maleta mexikarra' eta 'Gerra eta Bakea: zuzeneko begiradak'. Bilboko Arte Ederren Museoan erakutsiko dute lehena otsailaren 27tik ekainaren 10era arte eta bigarrena, aldiz, martxoaren 23tik aurrera erakutsiko dute Gernikan, eta ondoren, Donostian, Bilbon, Eibarren eta Gasteizen ere izango da, erakusketa ibiltari gisa.

 

'Maleta mexikarra' argazki-erakusketa

Espainiako Gerra zibilean Robert Capa, David Seymour eta Gerda Taro erreportariek ateratako argazkiak erakusten ditu lehen aldiz 'Maleta mexikarra' erakusketak. 'Maleta mexikarra' izenez ezaguturiko negatiboen hiru kutxa dira, galdutzat emandakoak eta 1995ean Mexiko Hirian berragertu zirenak. 165 argazki-film biltzen dituzte, balio dokumental izugarria duten ia 4.500 argazkirekin. Hiru erreportari horiek dira aro modernoko lehen gerra-argazkilariak kritikaren ustez, eta gerraren beraren ezohiko lekuko izateaz gain, faxismoaren aurkako militante aktiboak ere izan ziren, euren argazkien bidez.

 

'Gerra eta Bakea: zuzeneko begiradak' argazki-erakusketa ibiltaria

Ospe handiko hogeita hamabi gerra-erreportari grafikok bina argazki aukeratzen dituzte bakoitzaren argazki-albumetik, bata Bakea irudikatzeko eta bestea, aldiz, Gerra irudikatzeko. Horrenbestez, 64 irudi dauzka guztira erakusketak.

Azken hamarkada hauetan munduan izandako gerra handiak daude bertan ordezkatuta, argazki-kazetaritzaren profesional ezagunek beren gain harturiko lan arriskutsuari esker.

 

'Zentzua eta Iraunkortasuna' proiektua

Naturaren, lurraldearen eta esfera publikoaren gaineko esku-hartze artistikoen nazioarteko proiektua da 'Zentzua eta Iraunkortasuna', UrdaibaiArten bildurikoa.

Hamarren bat arte-proposamen burutsu bilduko ditu, inguru hori, tokiko dinamikak eta natura errespetatuko dituztenak, eta hainbat artista ezagunek parte hartuko dute, besteak beste Liam Gillick, Maider López, Rafael Lozano-Hemmer edo Renata Lucas sortzaileek.

Lehenengo esplorazio-lanak martxoan hasiko dira, baina uztailera arte ez dira sumatzen eta gauzatzen hasiko Urdaibain proiektaturiko esku-hartze artistikoak.

 

'Eskatzen dut Bakea eta Hitza' Nazioarteko Poesia Jaialdia

Hogeita hamarretik gora poeta eta musikarik berretsi dute orain arte parte hartuko dutela 'Eskatzen dut Bakea eta Hitza' Nazioarteko Jaialdian, Bilbon, Donostian eta Gasteizen ekainean egingo den jaialdian. Kirmen Uribe, José Fernández de la Sota eta Jon Kortazar izango dira jarduneko komisarioak Blas de Otero Fundazioaren laguntzarekin eta Medellingo Poesia Jaialdiarekin hitzartua antolatuko den ekitaldi poetiko garrantzitsu honetan. Parte hartuko dutela berretsitako izenen artean Douglas Dunn, Jack Hirschmann, Zakaria Mohammed, WerewereLiking, LelloVoce, Manuel Rivas edo Bernardo Atxaga ditugu oraingoz, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera de Cultura