Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Galdakaoko eguneko ospitale berriari esker, paziente onkologikoek ez dute Bizkaiko beste ospitale batzuetara joan beharko kimioterapia edo erradioterapia jasotzeko

2012.eko otsailak 23

Osakidetzak ia milioi 1 euroko inbertsioa egin du ospitale horretan


Galdakaoko eguneko ospitalearen onkologia zerbitzu berriari esker, Bizkaiko barne eskualdeko paziente minbizidunek ez dute orain arte bezala Gurutzeta edo Basurtuko ospitaleetaraino joan beharko erradioterapia edo kimioterapia tratamenduak jasotzeko. Rafael Bengoa Osasun sailburuak gaur inauguratu du eguneko ospitale berria, eta, bertan, zerbitzu horiek ez ezik, beste patologia batzuentzako arreta ere eskainiko da. Ia milioi 1 euroko inbertsioa (hasieran aurreikusitakoa baino %33 gutxiago) jaso duen ospitale berri honek frogatzen du "gutxiagorekin gehiago egin" daitekeela. "Areto honetan norbaitek al daki zein murrizketari buruz ari diren batzuk? Ez dugunez murrizketarik egin, ez dakit zeri buruz ari diren", esan du ironikoki sailburuak, eta Osakidetzaren kudeaketaren inguruko kritika batzuk "hauteskunde-kanpaina hasi delako" egin direla salatu du.

Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburuak gaur goizean inauguratu du Galdakao-Usansoloko eguneko ospitale berria. Egoitza horrek Gurutzeta eta Basurtuko ospitaleetan eskaintzen den tratamendu onkologiko berria barne hartzen du. Julián Pérez Gil Osakidetzaren zuzendari nagusiak eta Santiago Rabanal Galdakao-Usansoloko Ospitaleko gerenteak ere inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute.

600 metrotik gorako instalazio berriek 12 ohe eta 20 box dituzte, 4 laguntza-eremutan banatuta, eta Galdakaoko ospitaleko paziente onkologikoen arretaren kalitatea hobetuko dute. Obra hori Bengoaren sailak azken hiru urteotan zerbitzu "publikoen alde egin duen apustuaren" adierazgarri da. Sailburuak azpimarratu du zentro pribatuekiko kontzentrazioak "sistematikoki" murrizten ari direla, eta "gero eta zentro publiko gehiago" egiten ari direla. Julián Pérez-Gilek, Osakidetzaren zuzendari nagusiak, beste autonomia erkidego batzuetan osasunaren arloan etengabe murrizketak egiten ari diren arren Euskadin "Osakidetzaren jarduna beste bide batetik" doala azpimarratu du.

Besteak beste, 2.600 lanpostuko lan-eskaintza publiko bat egingo da Euskadin, karrera profesionalaren azterketaren deialdia egingo da eta ospitale honetakoa bezalako inbertsioak ari dira egiten. Eguneko ospitale berriari dagokionez, aipatzekoa da 1,3 milioi euro esleitzea aurreikusten zela eta azkenean 927.000 euroko kostua izan duela, hau da, %33 gutxiago. "Hor dago murrizketa, hobeto ari gara erosten eta lanak merkeago ari gara egiten", esan du Gilek.

Gurutzetako larrialdiak

Bengoak azken egunotan Gurutzetako ospitalearen larrialdietako zerbitzuari buruz egin diren kritiken harira esan du batzuk dagoeneko "hauteskunde-kanpainan" daudela. Sailburuak zehaztu du "bitxia dela arartekoa Gurutzetako larrialdietarako zerbitzuaren inguruko ikerketa bat egitea, 20 urtean gertatu izan ez balitz bezala". Osakidetzaren zuzendariak, berriz, normaltzat jo du garai hauetan "gorakadak" egotea, neguko gaixotasunak (gripea, besteak beste) areagotu egiten direlako, eta Santa Marinako ospitalean eta Gurutzetakoan berriztapen-lanak egiten ari direlako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejero de Sanidad y Consumo, Julián Pérez Gil, Director general de Osakidetza, y Santiago Rabanal, gerente del Hospital Galdakao-Usansolo