Tabako Kerik Gabeko Euskadi
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta Garraio Ministerioak Euskal Y-aren eraikuntzaren aurrerapenak aztertu dituzte jarraipen-batzordean

2024-03-20

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua Euskal Y-aren jarraipen-batzordean parte hartu duen euskal ordezkaritzaren buruan izan da asteazken honetan Madrilen. Bilera horretan, José Antonio Santano Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatuko idazkariarekin batera, obra osoaren aurrerapena egiaztatu da eta abiadura handiko trenaren azpiegitura Euskadin amaitzeko emango diren hurrengo urratsak jorratu dira.  

Bileran, Eusko Jaurlaritzak kudeaketa-mandatu baten bidez Euskal Y-aren Gipuzkoako adarrean gauzatu duen plataformaren amaieraren xehetasunak eman dizkio sailburuak Garraio Ministerioari. Guztira 60,73 kilometro dira, % 80 tunelean eta % 13 biaduktuan. Otsailean amaitutako azken zatia Hernani eta Astigarraga artekoa da, eta bere berezitasuna da bidaduktu tirantedun bat izatea. Estatuan abiadura handirako eraiki den lehenengoa da eta Urumea bi puntutan gurutzatzen du, A15 errepidearen azpitik igarotzen den bitartean.  

Eusko Jaurlaritzak Atotxako geltokiko lanekin jarraitzen du. Gaur egungo eraikuntza-jarduera Urumea aldetik dago. Geltokiko eraikinaren sotoko solairuaren egitura (berreraiki egingo da) eta tren-plataformaren zabalera osoa hartzen duen atondoa ari dira eraikitzen. Horrez gainera, trenbide gaineko plazaren zutabeak eta trenbide azpiko forjatuari eusteko egitura, egitekoa den atondoaren estalkia izango dena, ere ari dira egiten. Aurreikuspenen arabera, urtearen amaieran tren-zirkulazioa Urumea aldera eramango da eskuhartze honetan aurrera egiteko.  

Astigarragako aldiriko geltoki berriko eta haren sarbideetako lanak egiteko beharrezkoak izango diren administrazio-urratsez ere hitz egin dute jarraipen-batzordean. Horretarako, hitzarmen bat sinatu beharko da Eusko Jaurlaritzak lan horiek egiteko eta beste hitzarmen bat horiek finantzatzeko.  

Era berean, Jaurlaritzak Gipuzkoatik kanpora bere gain hartuko duen lehenengo zatiari buruzko informazioa ere eman dio Arriolak Estatuko idazkariari. Zati horretan 6,2 kilometroko tunela eraikiko du ETSk amaituta dagoen Galdakao-Basauri zatia, Nerbioi ibaiaren biaduktutik, Bilbon Abandon egitekoa den geltokiarekin lotzeko. ETSk joan den astean lizitatu zuen eraikuntza-proiektua, gauzatzeko 24 hilabeterekin, eta ondoren obrak lizitatu eta gauzatuko dira.   

Abiadura handiko trena Gasteizen integratzeari dagokionez, Espainiako Gobernuak onartu berri duen ingurumen-inpaktuaren adierazpena aztertu da, aurreko administrazio-prozesua amaitzen duen informazio-azterlana behin betiko onartzeko aldez aurreko urratsa eta Arabako hiriburuan trena lurperatzeko eraikuntza-faseari hasiera ematen diona.  

Bilera amaitzean, Arriola sailburuak nabarmendu ditu “Euskal Y-aren garapenean azken hilabeteetan egin diren aurrerapen aipagarriak” eta “Euskadiko eta Espainiako administrazioen artean Euskadirentzat hain garrantzitsua den proiektu hori bultzatzeko dagoen lankidetza-giroa”. Eta aipatu du Eusko Jaurlaritza prest dagoela Gasteizen trenbidea lurperatzeko lanen eta Bilboko Abandoko geltokikoen zati bat bere gain hartzeko, eta espero duela mandatu horiek, Estatuko idazkariari jakinarazi dionez, lehenbailehen zehaztu ahal izango direla.   

Bileran, Garraio Ministerioak zuzenean ADIFen bidez bere gain hartuta dituen zatien berri eman du. Santanok adierazi du plataformari dagokionez obra “oso aurreratuta” dagoela, 19 zatietatik 13 amaituta daudelarik. Eta kudeaketa gomendioaren balorazioa “positiboa” dela azpimarratu du, Eusko Jaurlaritzak helburuak bete dituelako. Hemendik aurrera, Arkauteko lotunea bi administrazioentzat “lehentasunezko obra” dela nabarmendu du Estatu idazkariak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Antonio Santano, Estatuko Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko idazkaria