Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Arabar Errioxako ardoak eta txakolina, Prowein 2012 azokan

2012.eko otsailak 22

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Arabar Errioxako ardoen eta txakolin upategiak nazioartekotzearen aldeko apustua egin du, eta ardoak sustatzen lagunduko du, nazioarteko lehen mailako azoketara joanda; euskal enpresarientzat erreferente argia den Prowein azokara, besteak beste. Azoka Dusseldorfen izango da, martxoaren 4tik 6ra. Arabar Errioxako ardoen eta txakolinaren pabiloian 20 upategi egongo dira.

Alemania merkatu garrantzitsua da ardogintza sektorean. Ardo kontsumo handiak eta ekoizpen txikiak munduko ardo-inportatzaile nagusi bihurtu dute Alemania ardo bolumenari dagokionez, eta handienetan bigarrena, berriz, balioari dagokionez. Kontuan eduki behar da, gainera, Espainiako ardo-esportazioen helmuga nagusia dela Alemania.
Nazioarteko krisi finantzarioak eta kontsumoaren etete orokorrak bete-betean harrapatu bagaitu ere,  Premium segmentuko eta kalitateko ardoen aldeko joera ikusi da Alemanian, azkenaldian bikoiztu egin baita eskaera.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Arabar Errioxako ardoak eta txakolina nazioarteko merkatuetan sustatzeko aurreikusitako ekintzen artean sartzen da Prowein azokan parte-hartzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko