Eusko Jaurlaritzak euskara ikasteko eta irakasteko INGURA plataforma digitala abian jarri du (Gobernu Bilera 19-3-2024)
Ingura plataforma: www.inguraonline.eus
HABEk, Eusko Jaurlaritzaren Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, euskara online ikasteko eta irakasteko INGURA plataforma digitala abian jarri du. Ikas-plataforma honen bitartez euskara edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi euskara eroso eta malgu ikastea posible izango da. INGURAk bideoetan oinarrituta ariketa ugari eskainiko ditu, hasiera-hasieratik ikaslea hizketan jarriz eta, bestalde, egungo ikas-beharrei erantzungo dien eredu tutorizatu modernoa ahalbidetuko du. Legealdi honetako helburua izan da ikasle-helduen matrikularen doakotasuna sustatzea eta bide beretik doa orain egiten den INGURAren eskaintza.
HABEK bi urte eman ditu plataforma hau garatzen eta orain arte erabili den BOGA autoikaskuntza-sistema zaharkitua ordezkatzera dator. INGURA ingurune eleaniztuna da. Lau hizkuntzatan aritzeko aukera ematen du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, eta A1 mailatik C1 mailara bitarteko ikastaroak eskainiko ditu modu progresiboan.
Ikastaroek bi atal izango dituzte, bata irekia (izena-ematearekin nahikoa izango dena) eta bestea matrikulapekoa (ia doakoa). Ideia da herritarrak euskararen mundura hurbiltzea da eta erabiltzaile izatetik ikasle izatera animatzea euskaltegien bidezko euskararen ikaskuntza gidatu eta partehartzailera erakarriz.
INGURA A1
Aurten INGURAk A1 mailako ikastaroa eskainiko du. A1 mailako ikastaroa 60 unitatez osatua dago eta denak bakarka nahiz taldean modu tutorizatuan online egiteko diseinatuak daude. Ikastaro hau 100 ikastordukoa da.
INGURAko ikastaro hau Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumaren ildo metodologikoei jarraikiz diseinatu da, ikuspegi komunikatiboan oinarrituta eta ekintzara bideratuta. Horrenbestez, erabiltzaileak, mailako euskara komunikagaitasuna lortzeko, taldean nahiz bakarka, ulermen trebetasunak, ekoizleak, elkarreragina eta bitartekotza jarduerak eta estrategiak landuko ditu INGURA ikastaro honetan.
Zer eduki daude?
- Ikastaro honetako unitate bakoitzaren abiapuntua egoera-bideo bat da. Bertan egunerokotasunean ohikoa den egoera komunikatibo umoretsu eta hurbila eskainiko da, ahoskera, erritmo eta hizkuntza erreala eta naturala erabiliz. Bideoaren hizkuntza, gaia eta gertaera komunikatiboa behatu eta landuko dira unitatean zehar, eta ikasleak hasiera-hasieratik mintzatzeko eta idazteko aukera izango du.
- Azalpen-bideoan unitatean langai den edukiak irakasle batek azaldu eta adibide gehiago eskainiko ditu. Erabiltzaileak bideo hauen bilduma beti eskura izango du.
- Autozuzenketako ariketak: gramatika, hiztegia, mintzamena eta kultur edukiak lantzeko jarduerak ere txertatu dira.
Esan bezala, bi atal izango ditu, bata irekia (izena-ematearekin nahikoa izango dena) eta bestea matrikulapekoa (ia doakoa).
- A1 Ikastaroaren atal irekia jarriko da orain martxan. Ikastaroaren lehen 30 unitateetako hainbat jarduera egiteko ingurunean izena ematea nahikoa da, atal hau doakoa eta irekia baita, eta prest dago dagoeneko edozein herritarren esku inguraonline.eus atarian. Guztira 40 ikastordu.
Atal ireki honetan 30 egoera-bideo eta beste hainbeste azalpen-bideo, 4 hizkuntzatan azpititulatuta eskura izango ditu erabiltzaileak, baita autozuzenketa duten gramatika, hiztegia, mintzamena eta kultur edukiak lantzeko jarduerak ere. 1.200 item eskainiko dira atal honetan.
Atal irekiaren helburua euskara ikasteko baliabide atsegin eta erraz bat aurkeztuz, erabiltzaileak euskarara hurbildu eta euskara-ikasle bihurtzeko urratsak ematera animatzea da, euskaltegien bidezko euskararen ikaskuntza gidatu, partehartzaile, partekatzaile eta sozialera erakarriz.
- Ikasturte berrian, 2024-2025 A1 ikastaro osoa eskainiko da. A1 mailako ikastaro osoa egiteko, euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro batean matrikulatu beharko du ikasleak.
Ikastaro honetan ikasleak bakarka egiteko jarduera mota ugari izateaz gain, irakasle batek gidatuta gela birtualean talde-jardueretan arituko da, berrikusketa-jarduerak nahiz ebaluazio-jarduerak egingo ditu, ekoizpenak biltegiratu eta txostenak kudeatzeko aukera izango du, besteak beste.
Osagaiak guztira:
- 60 egoera-bideo. (2-3 minutukoak) 4 hizkuntzatan azpititulatuta.
- 60 azalpen-bideo. (4-7 minutukoak) 4 hizkuntzatan azpititulatuta.
- Gela birtuala: tutorizazioa behar duten 120 jarduera. Taldean eta bakarka, modu sinkronoan nahiz asinkronoan egitekoak.
- 30 berrikusketa-jarduera.
- 200 item: mintzamena, idazmena, gramatika, hiztegia eta kultur edukiak lantzeko eta ebaluaziorako.
EUSKALTEGIEKIN HARREMANA
Ikasleak INGURA ingurunean bertan izango du euskaltegien eskaintzen berri eta matrikula egiteko prozedura gidatua eta talderatzea INGURAtik bertatik egin ahal izango ditu.
INGURA inguruneko erabiltzaile nahiz ikasleen datu eta emaitzak HABEren aplikazio informatikoen bidez kudeatuko dira, dagokien ondorio akademiko eta administratiboetarako.
DOAKOTASUNA
Matrikularen doakotasuna sustatuz A1 mailan 2024-2025 ikasturtean: Datorren ikasturtean, 2024ko aurrekontuetan jasota dagoen eran, dirulaguntza lerro berri bat abian jarriko da ikasle-helduei A1 mailari lotutako ikastaroak diruz laguntzeko eta prezio merke eta eskuragarriagoan eskaintzeko. Testuinguru horretan kokatzen da INGURA ON LINEn eskaintza, A1 eskainiko baita euskaltegien bidez eta ikastaroak ekonomikoki eskuragarriagoak izango baitira. Legealdi honetako helburua izan da ikasle-helduen matrikularen doakotasuna sustatzea eta bide beretik doa orain egiten den INGURAren eskaintza.
-
2024-03-19
Comentario de Twitter:
Eusko Jaurlaritzak euskara ikasteko eta irakasteko INGURA plataforma digitala abian jarri du (Gobernu Bilera 19-3-2024). https://t.co/4kXY03ayOA @Irekia https://t.co/NLcsB9RjV2 -
2024-03-19
Comentario de Twitter:
El Gobierno Vasco pone en marcha la plataforma digital INGURA para el aprendizaje y enseñanza del euskera (Consejo de Gobierno 19-3-2024) - Irekia. https://t.co/Fo1VxgjXD3 via @Irekia https://t.co/8cq4g2W8OD