Eman odola!
Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Cyberzaintzaren estatutuak eta 2029rako Euskadiko Zibersegurtasunaren Estrategia berria onartu ditu (Gobernu Bilera 2024-3-19)

2024-03-19
  • Beste eginkizun batzuen artean, Cyberzaintzak zibersegurtasunaren arloko Euskadiko talentua sustatuko du, bereziki nabarmenduz arlo horretako emakume profesionalak

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Euskadiko Zibersegurtasun Agentziaren Estatutuak onartzen dituen dekretuari. Arau berri horrek erakundearen lege-oinarriak eta oinarri operatiboak ezartzen ditu eta Euskadin Interneten eta teknologia berrien erabilerak eragindako mehatxuei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko agentziaren helburuak, funtzioak eta egitura zehazten ditu.  

Cyberzaintzak, Ertzaintzarekin koordinatuta, Euskadiko zibersegurtasun publikoa zainduko du, ziberkrimena jazarriz eta herrialdeko azpiegitura kritikoak eta sentikorrak babestuz. Era berean, euskal sektore publikoko azpiegitura digitalen eta datuen funtzionamendu egokia babestu eta zainduko du, eta, Eusko Jaurlaritzako sustapen ekonomikoko taldearekin koordinatuta, enpresa-kultura zibersegurua bultzatuko du, euskal gizartearen garapen jasangarria ahalbidetuko duten ingurune erresilienteagoak izateko.

Alde horretatik, estatutu berriek Agentziaren funtzio nagusiak biltzen dituzte, eta, besteak beste, hauek barne hartzen dituzte (7. art.):

  • Zibersegurtasun-gertakariak prebenitzea eta antzematea eta haiei erantzutea. Horretarako, irizpideak finkatuko dira eta babes-neurri egokiak sustatuko dira zibermehatxuei aurre egiteko.
  • Azpiegitura teknologikoen, informazio-sistemen, informazioaren teknologien zerbitzuen eta abarren gaineko zibergertakariak eta zibererasoak teknologikoki ikertzea eta aztertzea.
  • Larrialdiei erantzuteko taldearen (CERT) eta zibersegurtasuneko gertakariei erantzuteko taldearen (CSIRT) eginkizunak betetzea, beste lurraldeetako administrazio eta agentziekin elkarlanean, balizko erasoek eragindako kalteak minimizatzeko eta eraginak arintzeko.
  • Baliabide elektronikoen erabileran zibersegurtasun-maila egokia bermatzea.
  • Zibersegurtasuneko neurri teknikoak proposatzea dauden baliabide informatikoak eta komunikazioko baliabideak erabiltzerakoan.
  • Euskadiko zerbitzu publikoak edo funtsezkoak kudeatzen dituzten entitateei buruzko datuak biltzea informazioaren segurtasun-egoerari dagokionez, arreta berezia jarrita kritikotzat jotzen diren sistemetan.
  • Zibersegurtasunaren arloko hedapen, sustapen, prestakuntza eta kontzientziazioko jarduerak antolatzea, bai eta zibersegurtasunaren arloko talentua sustatzeko ekimenak ere, bereziki nabarmenduz arlo horretako emakume profesionalak.
  • Zibersegurtasunaren eta garapen digital seguruaren arloko trebakuntza laguntzea eta bultzatzea Euskadiko enpresen esparruan eta oinarrizko sektoreetan, hala nola, osasuna, larrialdiak, segurtasuna, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, garraioa, etab.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa koordinatzea dagozkion zibersegurtasun-planak egiteko, baita plan horietan ezarritako helburuak lortzeko ere.
  • Euskal sektore publikoaren ordezkari ofiziala izatea zibersegurtasunaren arloko nazioarteko, Estatuko eta eskualdeko organismoetan.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan zibersegurtasunaren arloan izapidetutako arau-xedapenak egiteko prozeduretan nahitaezko txostenak egitea.

Euskadiko Zibersegurtasunaren Estrategia

Estatutuetan jasotako lehenengo funtzioaren esparruan (7. art., a) atala), Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskadiko Zibersegurtasunaren Estrategia berria ere. Agiri horrek identifikatzen ditu euskal gizarteak 2029ra arte zibersegurtasunaren arloan izango dituen erronkak, bai eta xedea, printzipioak, helburu estrategikoak eta hurrengo bost urteetan abian jartzeko jarduera-ildoak ere.

Gobernuak Estrategia hori gaur onartu du Cyberzaintzak, zibersegurtasunean adituak diren Euskadiko erakunde publiko eta pribatuen sarearekin batera, lideratu duen lanari esker. Hiru erakunde-mailetako eta Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko 30 eragilek baino gehiagok eta zibersegurtasunaren sektore pribatuaren ordezkariek parte hartu dute analisi bateratu hori egiten. Bertan, herrialdearen indargune eta ahulgune nagusiak identifikatu dira, bai eta eraldaketa digitalak, zibersegurtasunari dagokionez, dakarren erronkari aurre egiteko dauden aukera eta mehatxu nagusiak ere.  

Euskadiko Zibersegurtasunaren Estrategia analisi horren ondorio gisa sortu da, eta Euskadi herrialde zibererresilientea bihurtzea eta gizartea eraldaketa digitalaren aurrean ahalduntzea helburutzat hartuta. Estrategiak 4 helburu estrategiko eta 8 jarduera-lerro aurkezten ditu, eta Euskadiko administrazio publiko guztiak, herritarrak, enpresa-sarea eta dagoen zibersegurtasun-sektorea inplikatzen ditu:

HELBURUAK:

  1. Zibersegurtasuna sektore publikoan partekatutako zerbitzu gisa sustatzea.
  2. Zibersegurtasunaren arloko trebetasun pertsonalak garatzea.
  3. Euskal enpresa-sarearen erresilientzia babestea.
  4. Nazioarteko errekonozimendua eta posizionamendua lortzea.

JARDUERA-LERROAK:

  1. Estrategia bateratua eta gobernantza- eta koordinazio-eredua ezartzea.
  2. Zeharkako gaitasunak garatzea, gertakariak prebenitzeko, detektatzeko eta horiei erantzuteko.
  3. Zibersegurtasunaren kulturaren bilakaera gizartean.
  4. Zibersegurtasunaren arloan talentua sortzea eta erakartzea.
  5. Zibersegurtasuna enpresa-sarera transferitzea.
  6. Lankidetza publiko-pribatuko mekanismoak antolatzea zibersegurtasunaren arloan.
  7. Zibersegurtasunaren arloko bertako industria indartzea eta berritzea.
  8. Nazioartean erreferentziako posizio bat mantentzea eta sustatzea.

Euskadiko Zibersegurtasunaren Estrategiaren ezarpena gobernantza-eredu batek babestuko du, eta eredu horrek maila ezberdinetako hiru batzorde (estrategikoa, taktikoa eta operatiboa) eta aurrerapena neurtzeko eredu bat izango ditu, inplikatutako eragileen ekintzak integratzeko, baliabideen inbertsioan efizientzia bermatzeko eta erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazioa sustatzeko diseinatuak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko