Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Industria Sailak 60 euskal enpresa elkartu ditu negozio aukerak bilatzeko Indiako burdinbideen sektorean, Indiak 780.000 milioi euro inbertitu nahi baititu sektore horretan

2012.eko otsailak 22

Industria Sailak 60 euskal enpresa elkartu ditu negozio aukerak bilatzeko Indiako burdinbideen sektorean, Indiak 780.000 milioi euro inbertitu nahi baititu sektore horretan

 

  • - Indiako Gobernuak milioi asko inbertituko ditu burdinbideen sektorean 2012tik 2017ra bitartean. Soilik ekitaldi honetan 9.700 milioi euro inbertitu nahi dituzte linea berriak egiteko edo lehendik zeudenak berritzeko.
  • - Jardunaldiaren helburua da laguntasuna ematea burdinbideen sektorea hornitzen duten euskal enpresei Indiako enpresa publiko nagusienganaino irits daitezen.
  • - 2006tik hona, India haziz joan da euskal esportazioak hartzen dituzten herrialdeen zerrendan, eta 2010ean lehenengo 20ren artean sartu zen.

 

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak  burdinbideen sektorea hornitzen duten 60 enpresa inguru eta Indiako lau enpresa publiko elkartu ditu Bilbon SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bitartez, aukera emateko euskal enpresariei Indiak burdinbide eta metro sareetan egingo dituen milioi askoko inbertsioen zati bat eskuratzeko. Datorren martxoaren 19an, Patxi Lopez Lehendakaria eta Bernabe Unda sailburua Eusko Jaurlaritzaren Indiarako enpresa- eta erakunde-misio baten buru izango dira eta Bonbai, Pune, Delhi Berria eta Bangalore hiriak bisitatuko dituzte.

Lehendakariak eta Industria sailburuak Merkataritza Ganberetako ordezkariekin eta enpresekin batera bidaiatuko dute Indiara, alegia, munduko laugarren ekonomia handienera eta 2015erako hirugarren postura iritsiko omen dena.

Azken hamar urteotan Indiak %8ko batez besteko hazkundea izan du eta garapen ekonomiko horrek herrialdeko azpiegiturak hobetzeko premia larria sortu du. Gobernuak trilioi bat US dolarrerainoko (780.000 milioi euro) inbertsio plan oso anbiziotsuak aurreikusi ditu burdinbideen sektorean 2012-2017 epealdirako.

Trenen sektorean, 12,72 bilioi US dolarreko inbertsioak egingo dituzte 2011-12 urteetan 1.300 km-ko burdinbide linea berriak eraikitzeko, 867 km-ko lineak bikoizteko eta 1.017 km-ko bideak aldatzeko. Abiadura azkarreko sareei dagokienean, gaur egun hainbat proiektu daude martxan zenbait metropolitan (Bangalore, Munbai, Hyderabad, Jaipur eta Cehannai) eta beste proiektu batzuk abiaraziko omen dira beste zortzi hiritan. Indiako Gobernuak guztira 44 bilioi US dolar inbertitu nahi ditu hemendik eta 2020ra metroen sektorean.

Jardunaldiaren helburua da laguntasuna ematea burdinbideen sektorea hornitzen duten euskal enpresei Indiako enpresa publiko nagusienganaino irits daitezen. Hona hemen enpresa horien jarduerak: material birakariaren mantenimendu eta birgaikuntza, burdinbide sistemen operazioa eta mantenimendua,  teknologia berriak sartzea  eta mantenimendu tailerrak, makinaria eta fabrikak hobetzea Indian Railways enpresan, instalazioak fabrikatzeko, mantentzeko zein konpontzeko proiektuak diseinatu eta exekutatzeko aholkularitza ematea eta makinaria erosteko espezifikazio teknikoak prestatzea.

Hauek dira gaur Bilbora gonbidatu dituzten burdinbideen sektoreko enpresa publikoak: Rites, Cofmow, Jaipur Metro Rail Corporation LTD eta Bangalores Metro Rail Corporation.

Euskadi-India merkataritza harremanak

Euskaditik Indiarako esportazioak nabarmen hazi dira azken hamar urteotan. Aurreko urtearekiko hazkunde handiena 2007an eman zen, %60tik gorakoa alegia. 2009an nabaritu zen atzeraldi ekonomikoa, esportazioak %15 murriztu baitziren 2008arekiko.  Zifra horrek berriro gorantz egin du 2010ean eta azken hamarkadako bolumen handiena lortu da termino absolutuetan.

2006tik hona, India haziz joan da euskal esportazioak hartzen dituzten herrialdeen zerrendan, eta 2010ean lehenengo 20ren artean sartu zen. Joera positibo hori gorabehera,  BRIC taldeko zenbait herrialderen, hala nola, Txina edo Brasilen atzetik dago rankingean.

Indian 45 euskal enpresa inguru daude (ezarpen komertzial edo produktiboak) eta sektore hauetakoak dira gehienbat: automozioa, makina-erreminta, energia eta aholkularitza eta ingeniaritza. Estatuka, euskal enpresa gehienak Maharastra Estatuan (%42 inguru), Tamil Nadu Estatuan (%16 inguru) eta Karnataka Estatuan (%16 inguru) daude.

SPRI India

SPRIk 2009an ireki zuen bere Ordezkaritza Bulegoa Munbai hirian, Maharastra Estatuko hiriburuan. Indiako hiri biztanletsuena da eta gune ekonomiko eta finantzario garrantzitsuena. SPRIk Indian duen ordezkaritzan bulegoak eskaintzen zaizkie aldi baterako espazioa behar duten euskal enpresei.

Bestalde, gure instalazioak erabil ditzakete (esaterako bilera gela) eta SPRI India lantaldeko profesionalen laguntza ere badute, hala behar badute. 2009tik hona, SPRIk Indian duen bulegoak 100 enpresa baino gehiagori lagundu die zerbitzu desberdinen bitartez, esaterako, joint venture elkarteak sortzeko bazkideak identifikatuz, bilera agendak eginez eta tokian tokiko laguntza eskainiz, ezarpen produktiboen proiektuetan lagunduz eta hornitzaileak identifikatuz.

 

Iruzkin bat
  • @Nethkuna
    2013.eko irailak 04
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan