Berriak
Eu

Baimentzen dituen obretan amiantoa detektatzeko sistema bat proposatu die Osalanek udalei

2012.eko otsailak 22

 

  • Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea arduratuko da udal teknikariei gai horri buruzko prestakuntza emateaz
  • Amiantoaren eraginpean izan diren langileei buruz Osalanek duen erregistroan 5.719 kasu jaso dira

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren mendeko Osalan erakundeak amiantoari buruzko txostena aurkeztu du gaur Bilbon. Txosten horretan langileen amianto‑esposizioari aurre egiteko garatzen ari diren ekintza eta politika guztiak jasotzen dira; izan ere, amiantoa lan-ingurunean dauden substantzia minbizi‑sortzaileetatik toxikoenetako bat baita. Sonia Pérez Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Laneko sailburuordeak ireki du jardunaldia, non beste eragile batzuek ere parte hartu duten.

Beste neurrien artean, detekzio-sistema bat ezartzea proposatu die Osalanek Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, eraberritzeko eta birgaitzeko eraikuntza‑lanak -pribatuak zein udalenak- egiteko lizentziak eskatzen direnean obra horietan amiantoa dagoen ala ez jakiteko. Osalanek bere burua eskaini du udal teknikariei gai horri buruzko prestakuntza emateko.

Urte askotan amiantoaren arriskuak ezkutuan egon dira substantzia horrekin kontaktuan lan egiten zuten langileentzat. Gai hori, bere ezaugarri fisiko eta kimikoengatik, eta daukan ekoizpen-kostu merkeagatik, asko erabili zen gure herrialdean industriaren sektorean eta eraikuntzan, joan den mendearen erdialdetik 2001. urtera arte; izan ere, urte horretan hasi baitzen aplikatzen Estatu Espainiarrean amiantoa erabili, ekoiztu eta saltzeko debekua.

"Amiantoaren kalteak gizartean ez ikusteak eta haren erabilerak zekarren arriskua publikoki ez onartzeak zigor gehigarria ekarri die substantziak eragindako biktimei; langileei eta beraien familiei", azpimarratu du sailburuordeak.

Euskadin, Estatuko gainerako erkidegoetan bezala, amiantoa duten produktu asko geratzen dira oraindik, eta datozen urteetan kendu egin beharko dira. Beraz, neurri handiagoan edo txikiagoan, amiantoa presente dago oraindik "gure bizitzetan, eta horrek erlaxatzea galarazten digu, eta Estatu eta Europa mailan dauden arautegiak zorroztasunez betetzera bultzatzen gaitu, baita lanean jarraitzera ere, lan‑arrisku horren inguruko dibulgazioa eta sentsibilizazioa sustatzen", azpimarratu du Sonia Pérezek. "Borroka horrek", gaineratu du, "lan koordinatua izan behar du, eskumen-maila bakoitzean dauden eragile publiko (erakundeak) eta pribatu (mutuak) guztiak inplikatuta".

Osalanek lan-osasunari buruz gauzatzen dituen jardunetako askoren erdigunean amiantoari loturiko arazoak daude. Horren froga da gaur aurkeztu den txostenaren argitalpena, zeina laneko arriskuei aurre egiteko prebentzioaren kultura zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoaren barruan kokatzen baita. Hain zuzen ere,  Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia (2011-2014) konpromiso horren emaitza da.

Langileen errolda

Gaur egun, borondatezko erregistro bat dago eta erregistro horretan amiantoaren esposiziopean agian egon diren 5.719 langileren kasuak biltzen dira, haien osasuna zaintzeko. Langile horietatik, 4.254k amaitu dute beren lan-bizitza. Fitxategi horretan, halaber, amiantoarekin lan egiten duten Euskadiko 244 enpresa daude. Prozesu hori Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren laguntzarekin gauzatu da.

Jarduketak

Amiantoaren eraginpean egon diren langileentzat, Lan-ondoko Zaintza Programaren aldaketa prestatzen ari da orain Osalan, eta Osakidetzaren arreta espezializatura zuzenean bideratuak izateko aukera aztertzen ari da, azterketa erradiologikoak aldez aurretik eginda. Prozedura hori Osakidetzako Arreta Espezializatuko Zuzendariordetzarekin adostu beharko da.

Horrez gain, amiantoaren esposiziopean egon diren langileen osasuna zaintzeko informazio-sistemak herritar gisa izan duten Historia Klinikoko informazioarekin konektatzeko ahalegina egiten ari gara, informazio hori trukatzeko eta amiantoaren eraginpean egon diren langile horien osasunak nozitu dituen kalteak hobeto ezagutzeko.

Hirugarren mailako prebentzioaren alorrean (errehabilitazioa eta kalteak sendatzea) Osalanek hitzarmen bat sinatu du Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin (GSIN) amiantoaren eraginpean egon diren langileen lan‑kontingentzia zehazteko beharrezkoa den informazio guztia emateko, eta kasuan-kasuan behar diren desgaitasunak, aldi baterakoak zein iraunkorrak, zehazteko.

Hitzarmen hori Osakidetzak eta Osasun Sailak ere sinatuko dute, eta erakunde horiek eragindako langileei buruzko osasun-informazioa dute jada; hori beharrezkoa baita, edozein kasutan, GSINri bere egitekoetan laguntzeko.

Horrez gain, amianto-esposizioaren prebentzioaren arloan, Osalan ondoko neurriak prestatzen ari da:

- Legez kanpoko amianto-kentzeak eta kontrolatu gabeko isurketak galarazteko prozedurak ezartzea. Kasu horiek eraikuntzaren arloan izaten dira gehienbat, eta partikularrek egin ohi dute. Horretarako erakundeen arteko akordio bat proposatzen da aldundien eta udalen artean, hondakin horiek arauei jarraiki kentzeko eta Administrazioek kontrolatzen dituzten hondakindegietan botatzeko sistema edo prozedura ezartzeko, partikularrei ahalik eta gastu gutxien eragiteko moduan.

- Autonomia Erkidegoko udal guztiek detekzio sistema bat ezartzeko proposamena, lanak egiteko lizentziak eskatzen direnean obra horietan amiantoa dagoen ala ez jakiteko. Baiezko kasuan, lizentzia hori eman ahal izateko, Lan Agintaritzak onartutako lan-plana aurkezteko eskatzea proposatzen da.

- Proposamen hori errazte aldera, udal teknikariei prestakuntza emateko bere burua eskaini du Osalanek. Horretarako adostutako Prestakuntza Plana gauzatuko litzateke, eraikuntza‑lanetan -pribatuetan zein udalenetan- amiantoa detektatzea helburu hartuta.

- Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen arteko erakunde-akordioak sinatzea, amiantoa kentzeko lanak zaindu eta kontrolatzeko sistemak ezartzeko, lan horiek modu egokian egiten direla bermatze aldera.

 

Iruzkin bat
  • @anetoup
    2012.eko otsailak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Osalan propone a los ayuntamientos un sistema para detectar si hay amianto en las obras que autorizan. http://t.co/1o6CbB0a

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan