Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

La Oreja de Van Gogh taldeak Euskadi eta haren erakargarriak sustatuko ditu bere azken diskoaren hurrengo itzulian

2012.eko otsailak 22

La Oreja de Van Gogh taldeak Estatu osoan, Europan eta Ameriketan ditu hainbat kontzertu itxita, 2.000 inguru lagunentzako edukiera duten tokietan neguko itzuliari dagokionez eta 8.000-10.000 lagunentzako edukiera dutenetan udakoari dagokionez, eta sarrera guztiak salduta daude.

Euskadiren turismo-kanpainarako hautaturiko abestia 'Promesas de Primavera' da, Euskadin zabaldu den itxaropen eta bakerako garai berriarekin identifikatzen den abestia.

Bere jarraitzaileak Euskadira etor daitezela lortu du taldeak bere abestien hitzen bidez, abesti horietan aipatzen dituzten lekuak ezagutzera.

Euskadik Estatu osoa eta Europako eta Ameriketako zati bat kurrituko du La Oreja de Van Gogh taldearen eskutik. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez, hitzarmen bat sinatu du, eta horren arabera taldeak Euskadi bere erakargarri guztiekin sustatzeko konpromisoa hartu du, 'Cometas por el Cielo' bere azken diskoa dela-eta egingo duen itzulian kurrituko dituen herrialde guztietan.

Taldeak garatu beharreko ekintzak honako hauek dira: Euskadiren sustapen-bideo bat erakustea 2012an egiten dituen kontzertu guztietan, 'Promesas de Primavera' abestiaren eskubideen lagapena abestiaren irudiak urte horretako turismo-kanpainan erabiltzeko, egingo dizkieten elkarrizketa eta prentsaurrekoetan kanpaina hori aipatzea eta "Euskadi dasta ezazu" marka eta Euskadi dinamizatzea turismo-helmuga gisa gizarte-sareetan.

Hainbat arrazoik bultzatu dute Eusko Jaurlaritzaren eta taldearen arteko akordioa. Lehenik, Euskadiren enbaxadore izan da taldea bere 12 urteko ibilbidean, gure lurraldeko hainbat leku bere abestien bidez sustatuta.

Horregatik, "enbaxadoreen" kontzeptuan oinarrituriko Euskadiren turismo-sustapeneko kanpainan parte hartzea, bideo baten grabaketarekin, orain arte egiten ari zirenaren berezko ondorioa izan da.

Euren karreran erakutsi duten enbaxadore-zeregin horren ondorioz, La Oreja de Van Gogh taldearen jarraitzaile asko gure lurraldera etorri dira taldeak bere abestietan aipatzen dituen txoko asko ezagutzera. Euskadi eurek kontatzen dituzten esperientziez gozatzera gonbidatzen duen lurraldea dela musikaren bidez helarazteko gai izan da taldea.

Bigarrenik, La Oreja de Van Gogh taldeak Estatu osoan, Europan eta Ameriketan ditu hainbat kontzertu itxita, 2.000 inguru lagunentzako edukiera duten tokietan neguko itzuliari dagokionez eta 8.000-10.000 lagunentzako edukiera dutenetan udakoari dagokionez, eta sarrera guztiak salduta daude. Itzulian bisitatuko dituzten hiriak ezin hobeto lerrokatuta daude Euskadiko turismoarentzat lehentasunezkoak diren eta definituriko merkatuekin.

Horrenbestez, hitzarmen honen bidez, Eusko Jaurlaritzaren azken kanpainak eskaintzen dituen esperientziak Estatu osoan izango dira, eta zehazki, hainbat hiri garrantzitsutan, hala nola Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian, Euskadik bisitari kopuru handia jasotzen baitu hiri horietatik. Gainera, beste alde batzuetara ere iritsiko da turistak Euskadira erakartzeko, hala nola Andaluzia, Aragoi, Kantabria, Gaztela eta Leon edo Gaztela-Mantxara.

Atzerriko merkatuan, itzulia Europan izango da (Londres eta Paris, besteak beste), baita Ameriketan ere, eta toki horietan guztietan datu historikoak lortu dira turisten etorrerari dagokionez: Frantzia (+ % 6,9), Alemania (+ % 8´8), Iberoamerika (+ % 11,9), AEB-Kanada (+% 16,3) eta Italia (+ % 18,8).

Hirugarrenik, La Oreja de Van Gogh talde proaktiboa da gizarte-sareetan, eta 800.000tik gora jarraitzaile ditu Facebooken eta 70.000tik gora Twitterren. Ildo horiek izan dira gobernu honek Euskadi sustatzeko egindako apustuetako bat, eta hori horrela, lan egiteko modu hori ondo lerrokatzen da turismo-zuzendaritzak erabilitako sistemekin.

Azkenik, taldearen zaleen profila Euskadik turismo-helmuga gisa duen xede-publikoaren zenbait segmenturekin oso lerrokatuta dago eta esperientzia sorta diseinatu da horretarako gure lurraldeaz familiarekin, lagunekin, bikotearekin eta abarrekin gozatzeko.

Turismo-kanpainarako aukeraturiko abestia, 'Promesas de Primavera', taldeak berak identifikatu du 2011ko urriaren 20az geroztik Euskadik bizi duen bake-egoera berriaren erakusgarri, Euskadirentzako itxaropenaren abesti gisa, hain zuzen ere.

La Oreja de Van Goghg

12 urte pasatxo dira La Oreja de Van Gogh taldeak bere bidea hasi zuela. 8 LPrekin, Espainian eta Latinoamerikan jarraitzaile gehien dituen Pop musikako taldea bihurtu da. Omenaldi bat jaso berri du mundu osoan 6 milioi disko baino gehiago saldu izanagatik. Taldearen azken LPa, 'Cometas por el cielo', platinozko diskoa da Espainian eta Urrezko diskora iristear dago Mexikon.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 22a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)