Lehendakariak Vicomtech Zentro Teknologikoa bisitatu du Adimen Artifizialeko teknologia aurreratuenak ezagutzeko
- "Geldirik egotea da atzera egiten hasteko lehen urratsa"-esan du
Lehendakariak abangoardiaren, berrikuntzaren eta garapenaren aldeko apustua egiten jarraitzearen alde egin du, "arriskatzea baita mundu gero eta irekiago eta globalago batean lehiakorrak izaten jarraitzeko bidea". Iñigo Urkulluk Vicomtech Zentro Teknologikoa bisitatu du gaur goizean, Miramongo Parke Teknologikoan. Bertan, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Adimen Artifizialeko (IA) teknologia aurreratuenak ezagutu ditu.
Bisitaren ostean, Lehendakariak eskerrak eman dizkie zentro horretako arduradunei, IAren alde egindako apustu aitzindariagatik, eta ziurtatu du "aukera bikaina" dela hobetzen eta aurrera egiten jarraitzeko, nahiz eta gizartearen zati batek mehatxutzat hartzen duen, "ezezagunarekiko sentitzen dugun beldurragatik".
"Ideia bat partekatzen dugu: geldirik egotea da atzera egiten hasteko lehen urratsa.Horregatik, gure industria lehiakorra izaten jarraitzea nahi badugu, aberastasuna sortzen jarraitzea nahi badugu, ezinbestekoa da egunero berrasmatzea "– esan du.
Hitzaldiaren beste une batean, Iñigo Urkulluk ziurtatu du herri gisa aurrera egiten eta hazten jarraitzeko ezinbestekoa dela egonkortasun ekonomiko, instituzional eta soziala izatea, eta "inolako onurarik ez duen etengabeko borroka-girotik ihes egitearen" alde egin du.