Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmen bat izenpetu du Idahoko estatuarekin

2012.eko otsailak 21

Euroeskualdea eratu ondoren, atzerriko eskualdeekin izenpetu den bigarrena da hau

Eusko Jaurlaritzak eskualde eta estatu sare bat eratu nahi du euskal enpresen interesentzako plataforma izan daitezen.

Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Brad Litte Idahoko gobernadore ordeak —EJren lehendakaria eta Idahoko Gobernua ordezkatuz, hurrenez hurren— bi eskualdeen arteko lankidetza hitzarmena izenpetu dute Boisen, Idahon.

Guillermo Echeniquek azaldu duenez, “legegintzaldi honetan beste eskualde batzuekin egindako bigarren hitzarmena da, Akitaniarekin euroeskualdea eratu ondoren”.

Alde biko izaera duen politika horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak eskualde eta estatu sare bat eratu nahi du, euskal enpresen interesentzat plataforma izan daitezen munduko hainbat tokitan harremanak ezartzerakoan.

Izenpetutako hitzarmenaren arabera, bi lurraldeetako enpresen arteko lantalde bat eratuko da eta laguntza emango zaie enpresok haz daitezen eta interes komunak azter ditzaten energia berriztagarrien eta teknologia berrien arloetan, besteak beste.

Halaber, hitzarmen horretan jaso da Euskadik enpresa bulego bat irekiko duela Boisen eta, trukean, antzeko eraikuntza bat zabalduko duela Idahok Bilbon.

Testuan harreman kulturalak estutzea ere azpimarratu da, baita bi lurraldeen arteko unibertsitateen eta unibertsitate ikasleen arteko harreman berriak ezartzea ere.

“Gobernu honek etapa berri bat ireki du Euskadiren kanpo harremanetan. Akitaniarekin egindako hitzarmenak eta Idahorekin egindako honek —Garapenerako Banku Interamerikarrarekin izenpetutakoa gehitu behar zaio— Euskadiren ekonomia eta enpresa interesak sustatzea dute ardatz, interes horiek batu egiten dituztenak baitira, ez bestelakoak, banatzen dituztenak”, adierazi zuen Echeniquek. “Hitzarmen horien atzean gogoeta politiko sendoa dago Euskadik kanpoan duen posizioa hobetzeaz. Euskal kultura eta artearen adierazpenak hedatzea eta kanpoko euskal herritarren sare bat eratzea behar-beharrezkoak dira hobekuntza horretarako.

Hitzarmen honen jatorria Euskadik eta Idahok Jaialdin izan zituzten lehen harremanetan dago. Jaialdi Idahoko hiriburuan egiten da 5 urtean behin eta atzerriko euskal gizataldeko kide asko biltzen ditu. Orduan, euskal ordezkaritzak, Patxi López lehendakaria buru zuela, euskal kulturaren adierazpen handi horren antolatzaileek gonbidatuta hartu zuen parte eta aukera baliatu zuen erakundeekin eta enpresekin lehen harremanak ezartzeko; lehen harreman horiek Boisen izenpetutako hitzarmenean gauzatu dira orain.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak hitzaldia amaitzeko esan zuenez, "Euskadin ez da ezagutzen Idahoko Estatuko enpresen ahalmena, izan ere, Idahora joan dira lehen mailako hainbat enpresa Kalifornia utzita. Amerikar agintariek zein Eusko Jaurlaritzak urratu gabeko bide bati ekin diogu; eta erraz ekin ere, bi lurraldeon arteko familia eta kultura harremanei esker”.

Hitzarmena Boise hiriko kapitolioan izenpetu dute eta bertan izan dira Mendebalde amerikarreko euskal gizataldearen hainbat kide ere, besteak beste: Ben Iysursa Idahoko Estatuko estatu idazkaria; Pete Cenarrusa, kargu hori 47 urtez bete zuena; Roy Eiguren, euskal jatorria duen lobbysta ezaguna; Patty Miller Boiseko Euskal Museoaren zuzendari kudeatzailea; eta David Lachiondo eta John Bieter, Boiseko Estatuko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Programaren zuzendaria eta zuzendariordea, hurrenez hurren.

 

Iruzkin bat
  • 2012.eko otsailak 22

    Me parece muy bien. A ver si se enteran estos yankees de la realidad del país vasco y no de las fantasías cuasimedievales en las que tanto les gusta vivir.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)