Baimena eman da Euskal Trenbide Sareari garraio-agindua emateko, abiadura handiko trena Bilbora sartzeko korridorearen proiektua eta obrak egiteko (Gobernu Bilera 2024-3-12)
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bere mendeko Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoari Euskal Autonomia Erkidegoan abiadura handiko sareko Bilbo-Abandoko geltokira sartzeko korridorearen oinarrizko eta eraikuntzako proiektuak idazteko, eta plataformako obrak zuzendu eta egikaritzeko aginduari.
ADIF Alta Velocidad erakundeak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin 6,2 kilometroko luzerako sarbide-tunela eraikitzeko sinatu zuen hitzarmenari jarraitzen dio aginduak, abiadura handiko trenaren Galdakao-Basauri tartea eta Bilboko erdigunea lotzeko, Abandoko geltokian, zabalera estandarrean. Bigarren administrazio-urrats horren bidez zehazten da ETS arduratuko dela proiektuak idazteko eta obrak kontratatu eta egikaritzeko behar diren jarduerak bultzatzeaz, joan den azaroan ADIF Alta Velocidad erakundearekin sinatutako hitzarmenaren arabera.
Aginduaren arabera, gutxienez hiru hilean behin, ETSko arduradun teknikoak lanen bilakaeraren berri emango dio Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari. Eraikuntza-proiektua eta obra bera gainbegiratzea eta onartzea, eta obra bera jasotzea ADIF Alta Velocidad Erakundearen esku geratzen dira. Erakunde hori ere arduratuko da, plataforma jaso ondoren, gainegitura (trenbideak, elektrifikazioa, segurtasun-instalazioak, komunikazioak eta trenbidekoak ez diren segurtasun-instalazioak) jartzeaz.
Ordainketa hiru hilean behin egingo dio ADIF Alta Velocidad erakundeak ETSri, lanak egiten diren heinean. Obra ez da Kupo bidez finantzatuko, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako adarrean abiadura handiko sarearekin lotuta egindako aurreko lanetan egin zuen bezala. Kalkuluen arabera, proiektuak idazteak 5,2 milioi euroko (BEZa barne) kostua izango du, eta obrak egiteak, berriz, 208,02 milioi eurokoa (BEZa barne). Guztira, 226,52 milioi euro izango dira, eta, besteak beste, ukitutako zerbitzuak birjartzea eta ingurumen-integrazioko, segurtasuneko eta osasuneko kostuak barne hartuko dira. ADIF Alta Velocidad erakundearen kargura doan gainegiturak 53,59 milioi euro gehiagoko kostu zenbatetsia izango du.