Eman odola!
Berriak Segurtasuna
qrcode

Gobernu Kontseiluak Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentzia SA sortzeko oniritzia eman du (Gobernu Bilera 2024-3-12)

2024-03-12
  • Forma juridikoa aldatzeak ez du eraginik ez bere eginkizunetan ez bertako langileetan; izan ere, egungo langile guztiak integratuko dira sozietate anonimo publiko berrian, eta Jose Antonio Aranda Eusko Jaurlaritzako Meteorologia Zerbitzuaren egungo buruak zuzenduko du
  • Euskalmet SA euskal administrazioko bitarteko propio pertsonifikatua izango da aurrerantzean, eta, horri esker, meteorologia txarretik eta klima-aldaketatik eratorritako etorkizuneko erronkei berme osoz aurre egin ahal izango zaie 

Gobernu Kontseiluak Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentzia SA sortzeko oniritzia eman du. Era berean, euskal sektore publikoko erakundeak sortzeko araudiak ezartzen duenari jarraituz, gaur eman zaie oniritzia sozietatearen estatutu sozialei, sortu berria den sozietateari aplikatu beharreko xedapenei, hasierako jarduketa-planari eta abarri. Gainera, hemendik aurrera, Euskalmet SA sozietate anonimo publikoa izango da, eta sektore publikoa osatzen duten erakundeen “bitarteko propio pertsonifikatua” izango da.Forma juridikoa aldatzeak ez du eraginik ez bere eginkizunetan ez bertako langileetan; izan ere, egungo langile guztiak integratuko dira sozietate anonimo publiko berrian, eta Jose Antonio Aranda Eusko Jaurlaritzako Meteorologia Zerbitzuaren egungo buruak zuzenduko du.

2024ko martxoaren 25ean eratuko da

Euskalmet SA sortzeko Dekretu Proiektuan eta Estatutu Proiektuan ezarritakoari jarraituz, erakunde berriak Zuzendaritza Nagusia (Eusko Jaurlaritzako Meteorologia Zerbitzuko gaur egungo burua, Jose Antonio Aranda) Akziodunen Batzar Nagusia (bazkide bakarra: Gobernu Kontseilua), Administrazio Kontseilua (8 kide) eta Aholku Batzordea (9 kide) izango ditu.

Administrazio Kontseilua sozietatearen kide anitzeko gobernu-organo gorena da, kontseilu hori eratzeko bilera martxoaren 25an, astelehenean, egingo da, eta honako kide hauek izango ditu:

  1. Lehendakaria; kargu hori Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak beteko du, eta kalitate-botoa izango du.
  2. Lehendakariordea; kargu hori Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordeak beteko du.
  3. Eusko Jaurlaritzan ingurumen-jasangarritasunaren arloan eskumena duen Saileko sailburua.
  4. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria.
  5. Ekonomia eta Ogasun Saileko Ondare eta Kontratazioko zuzendaria.
  6. Euskal Irrati Telebista (EITB) zuzenbide pribatuko erakunde publikoko zuzendari nagusia.
  7. Hitza izango duen baina botorik izango ez duen idazkari bat. Idazkari hori sozietatearen Administrazio Kontseiluak izendatuko du.
  8. Sozietatearen zuzendaria izango dena Administrazioa Kontseiluaren bileretara joango da behatzaile gisa, bere kabuz edo ordezkatuta, eta hitza izango du baina botorik ez.

Aholku Batzordeko kide izango dira:

  1. Hiru bokal; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietan babes zibilaren arloan eginkizunak betetzen dituzten sailetako bakoitzeko bat.
  2. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria.
  3. Itelazpi SA merkataritza-sozietate publikoaren zuzendari nagusia.
  4. Eusko Jaurlaritzaren EJIE Informatika Elkartea – Sociedad Informática del Gobierno Vasco SAren zuzendari nagusia.
  5. EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat, elkarteak berak izendatua.
  6. Fundación Azti – Azti Fundazioaren ordezkari bat, fundazioak berak izendatua.
  7. Tecnalia Research & Innovation Fundazioaren ordezkari bat, fundazioak berak izendatua. 

Etorkizuneko erronkak

Ekimen honekin, Eusko Jaurlaritzak berme osoz aurre egin nahi die meteorologia txarretik eta klima-aldaketatik eratorritako etorkizuneko erronkei, larrialdien arretarekin eta kudeaketarekin lotura estua duten alderdiak izanik. Euskalmet SAk meteorologia-zerbitzua erronka berrietara zabaldu nahi du, sail eta erakunde eskudunekin harreman handiagoa eskatzen baitute. Gainera, meteorologiari buruzko informazioa eta horri lotutako abisu, alerta eta alarmen sistema gure gizartean eta haren informazio-kanaletan erabat integratu diren aktiboak dira. Berez, besteak beste, hidrologia, trafikoa, ikuskizunak, ingurumen-kutsadura, ozeanografia, arrantza, nekazaritza, erradiologia, hirigintza, komunikazioa, osasuna eta segurtasuna estuki lotuta daude meteorologiarekin eta klimatologiarekin, eta erantzun berriak behar dituzte, beraz, batez ere balizko larrialdi baten aurrean arriskua prebenitzeko ikuspegitik.

Horregatik guztiagatik, eta Eusko Jaurlaritzak bere tresna eta baliabide propioak izan ditzan Euskadiko meteorologiaren zaintza-, informazio- eta ezagutza-lanetarako behar den eguneroko operatiba bere bitartekoekin emateko, funtsezkoa da nortasun propioa duen forma juridiko bat izatea, bere administrazio-egituran integratua.

Alde horretatik, sozietate berriak, orain arte bezala, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzara atxikita jarraituko du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren barruan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko