Berriak Lehendakaritza
Eu

Langabeziaren aurkako 2012ko Plana, erakundeek eta euskal gizarte-eragileek enpleguaren eta lehiakortasunaren alde egindako apustua

2012.eko otsailak 22

Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk osatzen duten Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren fruitua da

Espainiako Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak zuzendu eta beheratu egin dituzte aurreikuspen ekonomikoak nazioarte eta Europa mailan –duela 3 hilabete eskas argitaratutakoei dagokienez–, eta horrek mundu mailan ekonomia gelditu egin dela eta krisia gogortu egin dela esan nahi du.

EAEko egoera sozioekonomikoan eragin zuzena dauka 2008tik hona ekonomia aurreratuen krisi sakonak –munduko finantza-sistemaren orekarik ezaren ondoriozkoak–, bai eta zor subiranoaren egoera txarrak dakarren mehatxuak eta Eurogunean egin den doikuntza gogorrak ere, eta alderdi horiek guztiek eragina izango dute euskal ekonomian 2012an ere.

EAEko langabezia-tasa % 11.2ra iritsi da dagoeneko, eta, enplegua suntsitzen ari den arren, nabarmentzekoa da langabezia-tasa Frantzian dagoenaren antzekoa dela eta Estatukoaren erdia. Aipatzekoa da, era berean, aurreko krisi handietan ez bezala, EAEko langabezia-tasak ez duela Espainiako batez bestekoa gainditzen; lehenengoz gertatzen da hori.

Historiari erreparatuta, azpimarratzekoa da, halaber, aurreko legegintzaldiko azken hamabi hilabeteetan, BJAren arabera, 42.300 enplegu suntsitu zirela; eta legegintzaldi honetako balantzea ez da positiboa, baina bai hobea. Oraingoan 9.200 enplegu suntsitu dira.

Nazioarteko Diru Funtsak eta Espainiako Bankuak hurrengo hilabeteetarako aurreikusten duten egoera ekonomiko iluna kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak, Cofebaskek, UGTk eta CCOOk, Gizarte Elkarrizketarako Mahaia osatzen dutenek, Langabeziaren aurkako 2012ko Plana eginda eta onartuta, langabeziaren aurka borrokatzeko eta Euskadin enpleguari eusteko ahaleginak areagotzea erabaki dute.

Plan horrek enpleguaren arloan egin izan diren ahaleginak finkatzen eta garatzen ditu, eta neurri berri batzuk proposatzen ditu langabeziaren aurka borrokatzeko aurten.

Gizarte Elkarrizketarako Mahaian lortutako akordioa balio sozioekonomiko handikoa da, gobernuaren, enpresaburuen eta sindikatuen arteko adostasuna duelako abiapuntu, eta, horrez gain, berresten duelako gobernuaren eta gizarte-egileen asmoa, langabeziaren arazoari batera eta irmo aurre egiteko asmoa, hain zuzen.

Beti garrantzitsua bada ere, egun bizi dugun bezalako krisi larriko egoera batean, faktore are aipagarriagoa da elkarrizketaren, lankidetzaren eta elkar-ulertzearen aldeko apustua egitea, gure herriak enpleguaren arloan dauzkan erronkei aurre egiten eta gainditzen lagunduko dioten irtenbide eraikitzaileak bilatzeko. Indarrak eta ahaleginak biltzen laguntzen digulako ez ezik, baita arlo honetan orain ditugun eta etorkizunean izango ditugun beharrizanei erantzun eraginkor, koordinatu eta partekatuagoa eskaintzen digulako ere. Horren alde egitea, aldi berean, hilabete askotako elkarlanaren adierazpena eta emaitza da, gure gazteen enplegagarritasuna, gure enpresen lehiakortasuna eta, haien bidez, Euskadiren garapen orokorra bultzatzeko elkarlanaren ondorioa, eta kontrako abagune bati aurre egitea ere bada, guztioi erantzukizuna, ekarpena, ondo egindako lana eta konpromisoa areagotzea eskatzen baitigu horrek.

Helburu horiek garatzeko, “Langabeziaren aurkako 2012ko Planak”, besteak beste, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua sendotzea proposatzen du, planaren funtsezko pieza baita, eta honako jarduketa-ardatz hauek ditu:

- Pertsonak: arreta indibiduala eta pertsonala eskainiko da orientazio, prestakuntza eta bitartekaritzako zerbitzuen bidez, horiek baitira herritarrek beren enplegagarritasuna hobetzeko duten eskubidea garatzeko tresna giltzarriak, produkzio-sistemaren beharrizanekin lotuta, eta arreta berezia eskainiko zaie talde ahulenei (batik bat, gazteei eta langabezialdi luzeko langabetuei).

- Enpresak: enpresen eta enpresatako langileen giza kapitaleko beharrizanei, enpleguari eta prestakuntzari erantzuteko zerbitzua garatuko da. Gainera, enpresa-ekimen berriak sortzea eta autoenpleguari babesa ematea bultzatuko da.

- Lurralde-oreka: lurralde-kohesioa sustatuko da, eta enplegu-politikaren tokiko esparrua indartuko da, tokiko eragileekin helburuak partekatzea, konpromisoak zehaztea eta jardute-irizpideak adostea ahalbidetuko duten akordioen bitartez. Hori dela eta, gogorarazi behar da Euskadiko eskualde batzuk laztasun handiagoz astindu dituela langabeziak, hala nola Ibaizabalgo Ezkerraldea, Enkarterria, Ibaizabal, Bilbo aldea, Bidasoa Beherea, Debabarrena, Oarsoaldea, Aiara harana eta Gasteiz, besteak beste.

Langabeziaren aurkako 2012ko Planak erabakimenez indartzen du Lanbide Heziketako Sistema Integratuaren eraikuntza, eta horrek berekin darama pertsonen enplegu-aukera eta enplegagarritasuna hobetzeko orientazio, informazio, prestakuntza eta gaitasun-aitorpeneko eredu berri bat garatzea. Eredu hori, jakina, hezkuntza-sistematik eta lan-sistematik bultzatu behar da.

Horrek eragin handia du prestakuntza-eskaintzaren integrazioan, pertsonen bizitza osorako prestakuntza-ibilbideak eraikitzean, pertsonek prestakuntza formalaren zein prestakuntza ez-formalaren bitartez eta lan-esperientziaren bidez eskuratzen dituzten gaitasunak aitortzean. Aitorpen hori, betiere, homologagarria izango da Espainiarekin eta Europarekin (eta horrek mugikortasuna erraztuko du). Hori guztia gizarte-eragileekin adostu zen, Lanbide Heziketako Euskal Planean.

Euskadi aitzindari izan da estatu mailan, gizarte-eragile guztiek integrazio horren alde egin duten apustuan; izan ere, nahiz eta integrazio hori oinarrizko legeriaren bidez araututa dagoen aspaldidanik, gauzatzeko zailtasunak eta integrazioaren garrantziak aurrerapen oso txiki batzuk ekarri dituzte Estatu osoan.

Planak, guztira, 11 ekintza-neurri aurreikusten ditu, 2012an langabeziari aurre egiteko asmoz. Besteak beste, hauek dira aipagarrienak:

- Indarra hartzen ari diren sektoreetan praktika edo lan-esperientzia ere sartzen duten prestakuntza-programak, adibidez, enplegu berdea, gazteentzat edo luzaroan lanik gabe egon direnentzat, kualifikatzeko edo jarduera jasangarrietan berriz kualifikatzeko premia dutelako (enpresentzako ingurumen-zerbitzuak, energia berriztagarriak, turismo jasangarria, eraikuntza eta errehabilitazio jasangarria…)

- Prestakuntza eta enpresetan lan egitea bateratzea, Prestakuntza eta Ikaskuntza Kontratuaren bidez, lanbide-heziketako eredu berria esperimentatzeko eta kualifikaziorik gabeko gazte langabetuak erreskatatzeko, egiaztatutako gaitasun profesionalak emanez.

- Laguntzak langabezia-egoeran dauden gazteak hizkuntzatan trebakuntza izateko, alde batetik, lan-merkatuan aukera handiagoak eskaintzen dituzten hizkuntzetan hizkuntza-gaitasunak eskuratzeko eta, bestetik, gure enpresen nazioartekotze-prozesuei laguntzeko.

- Prestakuntza eta enpresetako praktikak (gure enpresetan edo atzerrian) txandakatzen dituen programa bat prestatzea eta gauzatzea, lanbide-heziketan eta unibertsitatean titulazioa duten gazteentzat. Programa hau EAEko gazteei zuzenduko zaie, atzerriko merkatuetan ezarrita dauden gure enpresetan prestatzeko eta lan egiteko aukera izan dezaten, Euskadiko Talentu Gazteari balioa aitor dakion.

- Ekintzailetzako Euskal Zerbitzua sortzea eta garatzea, Euskadin ekintzaile-lanari laguntzeko dauden babes-baliabideen antolaketa eta eraginkortasuna hobetzeko, eta negozio berri baten sorrera-prozesuaren balio-kateari laguntzen dioten neurriak sustatzea.

- Eremu geografiko beheratuetan jardutea, eskualdeko enplegu-planak bultzatuz. Plan horiek, betiere, sustapen ekonomikoan nahiz enplegu-sorreran eta langabeziaren kontrako borrokan oinarrituko den lurralde mailako plangintza estrategikoaren ondorio izango dira.

Ekintza horietarako guztietarako, 321,4 milioi euro bideratuko dira. Kopuru horretan, Hezkuntza Sailaren (80,1 milioi) eta Industria Sailaren (32 milioi) ekarpenak ere jasotzen dira jatorria sail horietan duten ekintzetan.

Langabeziaren aurkako plan honetarako, era berean, Lanbideren aurrekontuetan jasotako 179,3 milioi ere bideratuko dira. Kopuru horri, 30 milioiko funts berezi bat erantsiko zaio, joan den irailean iragarri zen enpleguaren aldeko konpromisoa betetzeko.

Jaurlaritzak hitz ematen du Lanbideren aurrekontu-zuzkidura eta enpleguaren aldeko konpromisorako funts berezia errespetatuko dituela eta funts horiek ez dutela murrizketarik izango planaren gauzatze-aldian, non eta aparteko gorabehera batzuk ez dauden.

Akordio hau sinatzeak ez du amaituko Eusko Jaurlaritzak eta talde sindikalek nahiz enpresaburu-elkarteek daramaten dialogoa; are gehiago, alde guztiek konpromisoa hartu dute hizketan jarraitzeko, lortu nahi diren helburuak lortzeko.

 

 

 

3 iruzkin
  • @LarryBillet
    2012.eko martxoak 29

    Comentario de Twitter:
    Lucha contra Paro 2012, apuesta de instituciones y agentes sociales vascos por empleo y competitividad http://t.co/Bt5kFlzG SOLUCIONES #PSE

  • @jarevalo_FP
    2012.eko otsailak 23

    Comentario de Twitter:
    Apuesta de las instituciones y los agentes sociales vascos por el empleo y la competitividad http://t.co/yVL24llt

  • @LarryBillet
    2012.eko otsailak 22

    Comentario de Twitter:
    Lucha contra el Paro 2012, la apuesta de las instituciones y los agentes sociales vascos por el empleo y competitividad http://t.co/Bt5kFlzG

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)