Berriak
Eu

Uraren kudeaketari eta hiri-garapenari buruzko nazioarteko topaketa izango da martxoaren 20tik 22ra bitartean Europa Kongresu Jauregian

2012.eko otsailak 21

Europako hiri txiki eta ertainetako esperientziak aurkeztuko dira biltzarrean

 

Vitoria-Gasteizko Europa Kongresu Jauregian Uraren kudeaketari eta hiri-garapenari buruzko nazioarteko topaketa izango da martxoaren 20tik 22ra bitartean, Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta URAk (Uraren Euskal Agentziak) antolatuta. Arabako hiriburua bezalako europar hiri txiki eta ertainetako esperientziak aurkeztuko dira biltzarrean. Ildo horretan, ziurtzat eman daiteke Ostrava, Bristol, Toskana eta Nantes hirietatik datozen ordezkaritzen presentzia. Esparru nazionalari dagokionez, Alacant, Gijon, Logroño, Iruñea, Santander, Soria, Bilbo eta Vitoria-Gasteiz hirien ahotsa entzun ahal izango da Arabako hiriburuan.

Vitoria-Gasteiz Europako 2012ko Hiriburu Berde izendatzeko orduan, azken hamarkadetan egindako uraren kudeaketa egokia oso garrantzitsua izan da, besteak beste. Hori dela eta, “green” erakusleiho horren babespean, Arabako hiriburua zenbait egunetan Europan uraren eremuan egindako udal-esperientzien elkargune bihurtzea erabaki dute Vitoria-Gasteizko Udal Urak SAk (Amvisak), Arabako Foru Aldundiak eta Uraren Euskal Agentziak (URAk), Ur Hornidurako eta Saneamenduko Espainiar Elkarteak (AEASek) lagundurik.

Biltzarra martxoaren 20an hasiko da, parte hartuko duten hirietako arduradun politikoen azalpenekin. Azalpen horien guztien epigrafea honako hau izango da: “Uraren kudeaketa eta tokiko hiri-garapena”. Gasteizko esperientziari dagokionez, Amvisako kudeatzaile Angel Llamazaresek emango dio amaiera lehen jardunaldiari.

Hurrengo egunean, hornidurari eta haren kudeaketari lotutako esperientziak aurkezteko txanda izango da. Izenburu generikoa hauxe izango da: “Natura ingurunetik txorrotara: ur edangarria hartu, edangarri bihurtu eta banatu”. Oraingoan, tokiko ikuspegiak partaidetza bikoitza izango du. Lehenengo parte-hartzailea Idoia Garmendia Ingurumen zinegotzia izango da, “Uraren gestioaren ekarpena Vitoria-Gasteiz iraunkortasunez garatzeko eta 2012ko Green Capital izendatzeko” hizpide hartuta. Goizeko saioa amaitu aurretik, Cesar Samperiok eta Ignacio Imazek ere parte hartuko dute Amvisaren izenean.

Azkenik, 22ko jardunaldian –Uraren Mundu Egunarekin batera– hondakin-uren saneamenduari eta kudeaketari buruzko esperientziak ezagutaraziko dira. Bilboko esperientzia izango da saio horretako zati nagusia, eta Ibon Areso Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko lehendakariak hitz egingo du. Hitzaldiaren izenburua hau izango da “Hondakin-uren kudeaketaren inpaktua hiriaren metamorfosian”.

Hitzaldi eta esperientziez gain, bertaratuek Arabako hiriburuko ingurumen-altxorrak miresteko aukera izango dute. Horretarako bisitaldi gidatua egingo dute Salburuko Hezegunera, Ataria Interpretazio Zentrora eta Eraztun Berdera. Bisitaldi horietan, ingurumena leheneratzeko eta uholdeak saihesteko egindako esku-hartzeen berri emango diete Vitoria-Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikertegiko arduradunek Estatuko eta Europako ordezkariei.

Jardunaldiak, batez ere, honako hauei zuzenduta daude: horniduraren kudeaketarekin eta plangintzarekin zerikusia duten eragileei, hiriguneak urez hornitzen dituzten enpresei eta erakundeei, udal-teknikariei eta sektoreko ondasun- eta zerbitzu-hornitzaileei.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan