Berriak
Eu

Mendiak esan du sufrimendu bidegabeen biktimen dekretua “egokia” dela “politikarekin lotuta ez dauden gaiak kutsu politikoz bustitzea” ekiditeko

2012.eko otsailak 21

Bozeramaileak gogorarazi du dekretu hau Eusko Legebiltzarraren ekimenez sortu zela, bertan gehiengo bidez onartu zela eta PPren babesa ere izan zuela

Euskal Autonomia Erkidegoan 1968a eta 1978a bitartean beren giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak pairatu zituzten pertsonak biktimak direla aitortzea helburu duen dekretuaren zirriborroa “une egokian” iritsi da, izan ere, “zoritxarrez, iraganean eta orain, batzuetan, politikatik kanpoko gai batzuen inguruan kutsu politikoko oihal bat zabaltzen da”. Idoia Mendiak, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Justizia eta Herri Administrazioaren sailburuak, dekretu horren zirriborroa kritikatu duten alderdi politikoei eskatu die testua “adi irakurtzeko”, “zein helburu dituen” egiaztatzeko. Mendiak gogorarazi du dekretu hau “oso gehiengo handiarekin, eta PPren babesarekin, Legebiltzarrean onartu zen ekimen baten ondorioz” sortu dela.

Euskal enpresen nazioartekotzaren aldeko apustua eginez jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak. Ildo horretan, Jaurlaritzaren gaurko Kontseiluak 14,2 milioi eurorekin hornituriko laguntzak onartu ditu. Diru-kopuru hori bi programatan zatituta dago: Prointer eta Gauzatu.

Euskal enpresen nazioartekotze-mailak gehitzea du helburutzat Prointer programak, eta 9,2 milioi eurorekin hornitu da, 2011n baino % 15 gehiagorekin. Iaz, 630 enpresari eta 780 proiekturi laguntza eman zien programak, 8 milioi euroko aurrekontuarekin.

2008tik hona bikoiztu egin da laguntza horiek baliatu dituzten enpresen kopurua, ekitaldi horretan 230 izatetik iaz 600 baino gehiago izatera igaro baitira.

Beste herrialde batzuetako produkzio-ezarpena sustatzea helburutzat duen Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programak 5 milioi euroko hornidura du.

Komunikabideei erantzunez, bozeramaileak gogorarazi du, Gipuzkoan bart goizaldean ustezko bi etakide atxilotu ondoren, “Estatuko Segurtasun Indarrek lanean jarraitzen dutela”. “Batzuetan ahaztu egiten zaigu ETAk existitzen jarraitzen duela, eta behin betiko desagertzea exijitu behar zaiola”, erantsi du. “Alderdi politiko guztiek hori lortzeko lan egin behar dute eta lan egiten ari dira”, azpimarratu du. Mendiak Patxi López lehendakariak terrorismoaren kontrako borrokan egin duen lana gailendu du; izan ere, bere “buruzagitzarik” gabe, ezinezkoa izango zen ETAk indarkeria baztertuko zuela iragarri ostean Euskadin gaur egun dugun egoeran egotea.

 

 

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2012.02.21)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012-02-21n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)