Gobernu Kontseiluak Turismo Gidaren jarduerari buruzko dekretu-proiektua onartu du (Gobernu Bilera 2024-3-5)
- Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadiko Turismoaren Legearen 64.1 artikulua garatzen duen turismo-gidaren jarduerari buruzko dekretu-proiektua aurkeztu dio Gobernu Kontseiluari
- Dekretuak gidarien eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu, eta kultura-ondarean edo ondare babestuan erregistratutako ondasunen barruan lan egiten duten gidarientzako gaikuntza-prozedurak ezartzen ditu
Dekretu-proiektuak Turismoaren Legea garatzen du turismo-gidei dagokienez, zeinen espazio publikoetako jarduera prestazio askekoa den. Hala ere, jarduera ez da librea Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondarearen edo Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen Erregistroetan inskribatutako ondasun higiezinen barruan. Gune horietan turismo-gidari jardueran aritzeko, Dekretuak araututako ezaugarriak biltzen dituen gaikuntza eduki beharko da.
Gaikuntza-sistemaren oinarria da espazio horietan jardun nahi duenak turismoarekin, artearen historiarekin eta Arte Ederrekin lotutako prestakuntza espezifikoa erakutsi behar duela, besteak beste. Gainera, inskribatu nahi diren hizkuntzen ezagutza egiaztatu behar da, Europako Kontseiluaren Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 mailaren baliokidea edo goragokoa den ziurtagiri batekin.
Era berean, nahitaezkoa da jarduera REATEn (Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroa) erregistratzea, eta borondatezkoa izango da zirkulazio libreko guneetan jardun nahi duten gidarientzat.
Gaitutako turismo-gidariek egiaztagiri bat jasoko dute. Bertan, datu pertsonalak eta profesionalak, erregistro-zenbakia eta zein hizkuntzatarako gaituta dauden adieraziko da, eta argazki bat gehituko da. Akreditazio horrek uneoro ikusgai egon behar du zehaztutako ondasun higiezinetan diharduen bitartean.
Era berean, Dekretuak Turismo Gida guztien eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu, jarduera non egiten duten alde batera utzita, eta zerbitzu horien erabiltzaileen eskubideen defentsa azpimarratzen du, besteak beste informazioa objektibotasunez eta zabaltasunez modu argi, ulergarri eta nabarian jasotzeko eskubidea.
Gainera, turismo-gidariek beren jarduera garatu behar dute bisitari asko leku berean biltzeak edo ahotsa anplifikatzeko sistemak erabiltzeak herritarrei eragin diezazkiekeen eragozpenak saihestu edo murrizteko moduan. Ildo horretan, gai hori ordenantzetan antolatu eta zabaldu ahal izateko udal-eskumenak errespetatzen dira.
Era berean, turismo-gidarien betebeharra da dagokion faktura egitea, edo emandako zerbitzua egiaztatzen duen beste agiri bat, eta erabiltzaileei kontsumoaren arloko erreklamazio-orri ofizialak eskaintzea. Turismo-gidariek, bestetik, ez dute esku hartuko, ez zuzenean, ez zeharka, zerbitzuak ematen ari diren bitartean egiten den edozein merkataritza-transakziotan.
Azkenik, Dekretuak zehapenak tipifikatzen ditu, Turismoaren Legean oinarrituta, 10.000 eurorainoko zehapen arinekin, 100.000 eurorainoko zehapen larriekin eta 600.000 eurorainoko zehapen oso larriekin. Zehapen arinen adibide batzuk honako hauek dira: akreditazioa ez erakustea edo eragozpenak eragitea; larrien kasuan, berriz, ondarean kalte larriak eragitea; gaitu gisa publizitatea egitea; kultura-ondasunetan jardutea gaituta egon gabe; edo faktura edo erreklamazio-orriak ez ematea.
Mezu elektroniko hau eta telefono-zenbaki hau gaitu dira Dekretuaren inguruko argibideak edo zalantzak argitzeko:
Emaila: turismogidak@euskadi.eus
Telefonoa: 945062130.
-
2024-03-07
Comentario de Twitter:
El Consejo de Gobierno ha aprobado el proyecto de Decreto de la actividad de Guía de Turismo (Consejo de Gobierno 5--3-2024) https://t.co/MitlNsVuAR@APIT_EUSKADI