Euskadira iristen diren ukraniarrentzako arreta
Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta APNABIk, lehenengo aldiz, apirilaren 21eko hauteskunde-mahaiak osatuko dituztenentzako argibideen eskuliburuaren irakurketa errazeko bertsio bat egin dute (Gobernu Bilera 2024-3-5)

2024-03-05
  • Helburua da hauteskunde-prozesu autonomikoan pertsona guztiek, baldintza beretan, parte har dezaten laguntzea
  • “Jarraibideen eskuliburua hauteskunde-mahaiko kideentzat” argibideen dokumentu bat da, eta posta bidez iritsiko zaie martxoaren 23tik 27ra egingo den zozketan hauteskunde-mahaiak eratzeko izendatuko diren pertsonei
  • Gainera, Eusko Jaurlaritzak, informazio idatziarekin batera dokumentazioa modu errazean eta bisualean osatzen duen dibulgazio-bideo bat ere helaraziko du
  • Mahai bakoitza lehendakariak eta bi bokalek osatuko dute, eta mahaikide bakoitzak 85 euro jasoko ditu eta Gizarte Segurantzaren Sistemaren babes osoa izango du

Gobernu Kontseiluak apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako “Jarraibideen eskuliburua hauteskunde-mahaiko kideentzat” onartu du gaur. Martxoaren 23tik 27ra bitartean udaletan egingo den zozketaren ondoren, hauteskunde-mahaiak osatu beharko dituzten pertsonek posta bidez jasoko dute agiri hori etxean. Testu xehatu horretan, Eusko Jaurlaritzak hauteskunde-egunean mahaiak osatuko dituzten kideek bete beharreko eginkizunari eta zereginei buruzko argibideak jaso ditu eta zalantzarik ohikoenak argitu ditu: hauteskunde-mahaiak nork osatzen dituzten eta nola osatzen diren, ordutegiak, boto-emaileen identifikazioa, bozketa-prozesua, zer egin boto-kabinetan boto-paperak falta badira, zein boto jotzen diren baliozkotzat eta zein diren baliogabeak, posta bidezko botoaren kontaketa, boto-zenbaketa, alderdi politikoetako artekarien eginkizuna, aktak betetzea, emaitzak entregatzea, etab.

Irakurketa erraza

Gainera, lehenengo aldiz, aurten eskuliburuaren bi bertsio izango dira; izan ere, APNABI – Autismo Bizkaia elkartearen laguntzari esker, eskuliburuaren bigarren bertsio bat, irakurketa errazekoa egin da. Dokumentu berritzaile hau herritar guztien autonomia eta irisgarritasuna zaintzeko diseinatu da. Agiriaren helburua adimeneko dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioan aurrera egitea da, eta, horretarako, lege-hizkuntza, zenbaitetan ulertezina dena, jende guztiak ulertzeko moduan egokitu da, baina hizkuntzaren zehaztasuna galdu gabe.

APNABI – Autismo Bizkaia elkartearekin egindako lan horri esker, hauteskunde hauetan aurrerapauso bat emango da pertsona guztiek tratu bera jasotzeko duten eskubidean.

Bideo argitzailea

Gainera, eskuliburu horiei laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak 5 minutuko dibulgazio-bideo bat prestatu du, datorren apirilaren 21ean Euskadiko hauteskunde-mahai bateko kide izatea egokitzen zaien pertsonentzako argibide nagusiak laburbiltzen dituena.

Bai bi eskuliburuak bai bideo hori Eusko Jaurlaritzaren webguneko hauteskunde-orrian jarriko dira https://euskadi.eus.

Hauteskunde-mahaiko kide

Mahai bakoitza lehendakari batek eta bi bokalek osatuko dute. Mahaikide bakoitzak 85€ jasoko ditu eta Gizarte Segurantzaren Sistemaren babes osoa izango du.

Hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketak martxoaren 23tik 27ra bitartean egingo dira. Izendapenak martxoaren 24tik 30era bitartean jakinaraziko dira.

2020ko azken hauteskundeetan 8.000 inguru izan ziren hauteskunde-mahaiak osatu zituzten herritarrak, eta horiei hauteskundeak behar bezala egitea ahalbidetu zuten beste 16.000 ordezko gehitu zitzaizkien.

3 iruzkin
  • 2024-03-06

    Muchas gracias.

  • 2024-03-06

    eskerrik asko.

  • Argazkia SN Robot
    @APNABI
    2024-03-06

    Comentario de Twitter:
    👏😃 En colaboración con @Gob_eus, desde @APNABI hemos elaborado, por primera vez, una versión en #lecturafácil del manual de instrucciones electorales, y estará disponible para quienes integren las mesas el próximo 21 de abril ℹ️ https://t.co/R7dE0w4KOH

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak