Erreklamazioek % 2,8 egin dute behera baina kontsultek % 4,7 egin dute gora kontsumo-arloan Euskadin
- Herritarren kezken artean banku-zerbitzuekin lotutako gaiak nabarmentzen dira; izan ere, horien kontsultak bikoiztu egin dira 2022arekin alderatuta, eta erreklamazioak % 65 hazi dira.
- Guztira 1.023 zehapen-espediente ebatzi dira eta horien baturak 1,19 milioi euro ekarri ditu zehapenetan.
- Euskadiko Kontsumitzaileen Estatutua onartua izan ondoren, berritasun gisa, egindako zehapen larriak argitaratzeari ekin zaio.
Kontsumobidek 2023ko datuekin aurkeztu du bere urteko memoriala. Bertan, erreklamazioek behera egin dute eta kontsultek gora egin dute (42.865), batez ere bankuen sektorean (% 97 hazi dira 2022tik).
Erreklamazioei dagokienez, 27.837 jaso dira hainbat kontsumo-bulegoren bidez: Kontsumobide, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) eta kontsumitzaileen elkarteak. Jaitsiera txikia izan da, % 2,8koa, 2022koarekin alderatuta. Hala ere, Kontsumobideren aurrean jarritako erreklamazioak bakarrik kontuan hartuz gero, 1.000 erreklamazio baino gehiago izan dira, hau da, % 7,1 gehiago.
Telekomunikazioen eta telefonia-zerbitzuen sektorea da berriz ere erreklamazio gehien dituzten sektoreen rankingaren buru, guztizkoaren % 17,27 (4.808). Hala ere, jaitsiera oso esanguratsua da 2022koaren aldean (6.383 erreklamazio), orduan guztizkoaren % 22 izan baitzen. Ondoren, hornidura-zerbitzuak (energia, ura, etab.) eta banku-zerbitzuak daude; horietan % 65 hazi dira erreklamazioak.
Zehapen-prozedurei dagokienez, 2023an guztira 1.023 espediente ebatzi dira; horien baturak guztira 1,19 milioi euro ekarri ditu zehapenetan. Berritasun nagusi gisa, aurten zehapen larriak argitaratzea ezarri da. Argitalpen hau Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2023 Lege berriari dagokio, Kontsumobideren zehapen-prozesuan berrikuntzak ezartzea ekarri duena.
Araudi berriaren arabera, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua gaituta dago zehapen garrantzitsuenak argitaratzeko. Memorian eta web orriaren bidez argitaratzen dira Estatutua onartu ondoren ezarritako zehapenak, irmoak badira, eta hemendik aurrera urtero argitaratuko dira.
Legeak aurreikusten duenez, enpresek azken hiru urteetan egindako arau-hausteak argitara atera ahal izango dira, baita arau-haustearen tipologia, haien erantzuleen izenak edo izen soziala, eta ezarritako zehapenaren zenbatekoa ere, exenplu eta disuasio-neurri izan dadin enpresentzat. Gainera, aurkeztutako erreklamazioak argitaratu ahal izango ditu Kontsumobidek, kontsumitzaileen osasun, segurtasun edo interes arrazoiengatik gomendagarria denean.
Kontsumobideren memoriak jasotzen duen beste alderdi bat kontsumoko arbitraje-sistemara atxikitzea da. Guztira 700 enpresa eta saltoki berri atxiki zaizkio euskal arbitraje-sistemari 2023an, Kontsumobidek urtero egiten duen erakartze- eta atxikitze-kanpainaren ondorioz. 2023an, 17.159 enpresa atxiki zaizkio Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Sistemari.
-
2024-03-06
Comentario de Twitter:
Desde @kontsumoBIDE publicamos la memoria anual con los datos sobre #consumo👉🏻-2,8% de reclamaciones
👉🏻+4,7% las consultas especialmente de servicios bancarios (+97%)
👉🏻 1.023 sanciones, 1,19 mill.
👉🏻17.159 empresas en sistema arbitral #consumo