Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Bilbon eta Hondarribian egindako biltzar batek baso industriako aditu internazionalak elkartuko ditu

2012.eko otsailak 20

Gaian adituak diren ehun espezialista baino gehiago bertaratzea espero da, basogintzaren arloan lankidetza eta ekintza plan bateratu bat bilatzeko, eta sektorearen etorkizuneko erronketarako irtenbide berritzaileak planteatzeko.

RoK-FOR 2012-2013 nazioarteko hirugarren biltzarrak Europa osotik etorritako baso industriako adituak elkartuko ditu, gehienak Europako iparraldeko ordezkariak, baita Akitania eta Euskal Herriko profesional eta ikerlarien presentzia nabarmena ere.

Jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak antolatu ditu, erakunde horren menpekoa den Neiker-Tecnaliarekin lankidetzan. Hondarribiko Jaizkibel hotelean egingo dira, hilaren 22an, eta Bilboko Barcelo Nervion hotelean, hilaren 23an eta 24an.

RoK-FOR proiektuaren izen osoa da 'Basoen kudeaketa Energia Berriztagarrien, Eraikuntza Iraunkorraren eta Produktu Biologikoen hornitzaile gisa', eta Europako VII. Esparru Programaren zati da. Sektorearen bilkurarik garrantzitsuenetakoa da, basogintzaren sektorean herrialdeen arteko lankidetza babestu nahi duena, horrenbestez, industria horren ikerketa aurrera egiteko eta zurezko eraikuntzaren erronkei aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzak eta Neiker-Tecnaliak, RoK-FOR biltzarra Euskadin eginez, euskal basogintzari bultzada eman eta balio erantsia gehitu nahi diote. Landuko diren gai nagusiak dira zura sustatzeko politikak eta tresnak, ikerketa, berrikuntza eta finantzaketa, nazioarte mailan, baita eraikuntza iraunkorra eta baliabideen kudeaketa eraginkorra ere. Halaber aztertuko dira basoen eta zerrategien kudeaketaren perspektibak eta erronkak, etorkizuneko beharrak eta RoK-FOR proiektuan parte hartzen duten eskualdeen ekintza plan bateratuak.

Gai guztiak munduko hainbat lekutatik etorritako adituek eta profesionalek garatuko dituzte, horien artean, besteak beste: Akitania (Frantzia), Euskal Autonomia Erkidegoa, Katalunia, Baden-Württemberg (Alemania), Kareliako iparraldea (Finlandia), Kroazia eta Serbia.

Hilaren 2ko jardunaldian basogintzaren eta zurgintzaren inguruko mugaz gaindiko lankidetza aurkeztuko da, Akitania-Euskadi Euroeskualdearen sorrera dela eta. Hilaren 23an 'Zurezko Arkitektura eta Eraikuntza Berritzaileak eta Iraunkorrak' nazioarteko hitzaldia egingo da, eta gai nagusia zura izango da, eraikuntzan erabateko eraginkortasuna duen material gisa. Azken egunean proiektuaren barneko bazkideen eta ekintza plan bateratuak garatzeko interesa duten eragileen bilera egingo da, parte hartzen duten eskualdeetan sektorearen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.

Ekitaldiari buruzko gainerako informazioa webgune hauetan kontsulta daiteke:  http://www.rokfor.eu eta www.neiker.net.

PROGRAMA '2012-2013 RoK-FOR Nazioarteko Biltzarra'

 

Asteazkena, otsailaren 22a

Hondarribia

(Jaizkibel hotela) 

Basogintza sektorearen berrikuntzarako lankidetza babestea Euskadi-Akitania Euroeskualdean

Rok-FOReko gaiak eta biltzarra hartzen duen mugaz gaindiko Euskadi-Akitania eskualdearen ahalmenak nabarmenduko dira.

Osteguna, otsailaren 23a

Bilbo

(Barcelo Nervion hotela)

'Zurezko Arkitektura eta Eraikuntza Berritzaileak eta Iraunkorrak' nazioarteko hitzaldia.

Gai nagusia zura izango da, eraikuntzako material gisa, eta RoK-FOR eskualdeetako adituek eta profesionalek baliabideen eraginkortasuna eta berrikuntza erakutsiko dute, eta arlo horretan lanean ari diren nazioarteko proiektuak aurkeztuko dira.

 Ostirala, otsailaren 24a

Bilbo

(Barcelo Nervion hotela)

RoK-FOReko bazkide nagusien eta eragile interesdunen barne bilera.

Eskualde parte hartzaileetan sektorearen lehiakortasuna hobetzera zuzendutako ekintza bateratuen planak garatuko dira, eta 2012-2013 RoK-FOReko azken urratsak aplikatzeko erabakiak hartuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan