Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Sufrimendu bidegabeen biktimei buruzko dekretuaren zirriborroa

2012.eko otsailak 20

Dekretuaren zirriborroak euskal aginte publikoen parte-hartzea aurreikusten du eta 390.000 euro arteko kalte-ordainak jasotzen ditu. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria buru izango duen balorazio-batzorde batek motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktima nor den adieraziko du.

Eusko Jaurlaritzak prestatu duen dekretu-zirriborro honen xedea da biktima-izaera aitortzea eta biktima moduan merezi duten erreparazio osoa ematea bidegabeko sufrimenduak jasan dituztenei Euskal Autonomia Erkidegoan 1968. eta 1978. urteen artean, hau da, aldi horretan izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketaren ondorioz horrelako sufrimenduak jasan dituztenei. Aitorpen eta erreparazio oso honen norainokoak, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak gizarte-elkartasuntzat ulertzen duena aplikatzeko duen borondateari erantzuten dio, bai eta elkarbizitzari eta zuzenbide-estatuaren legitimazioari egin nahi dion ekarpenari ere.

Hain zuzen ere, dekretuan jasotzen diren xedapenak 1968ko urtarrilaren 1aren eta 1978ko abenduaren 31ren artean izandako egitate eta gertakariei aplikatuko zaie, motibazio politikoko indarkeriaren biktimek jasandako kalteen eragile izan direnei, alegia.

Testuinguru horretan, bidegabeko sufrimendutzat hartzen dira heriotza, baliaezintasun handia, ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor partziala eta baliaezintasun gabeko lesio iraunkorrak. Sufrimendu hauek dira segurtasun-indarretako agenteek edo beste funtzionario publiko batzuek, beren eginkizunak betetzean edo betetze horretatik kanpo, eragindako egintza bidegabeen, zuzeneko edo zeharkakoen, dolozko edo erruzkoen, ondorioz izandako sufrimenduak, bai eta administrazio publikoa osatzen ez duten hainbat estamentutako kanpoko laguntzaile batzuek eragindakoak ere.

Testuak adierazten du ez direla, inola ere, sufrimendu bidegabetzat hartuko edozein jarduera indarkeriazko egiten ari zirenek edo egiteko asmoa zutenek jarduera horiek egiterakoan jasandako sufrimenduak, nahiz eta heriotza edo lesioak indarkeria-ekintza hori zuzenean saihesteko edo eragozteko agintaritzaren egintza legitimoen ondorioz gertatu.

Bonba bat ipintzeko ahaleginetan zendutakoa edo Estatuko segurtasuneko indar eta gorputzetako agenteekin liskarretan hildako terrorista batek ere ez du aukerarik izango dekretu honetan jasotzen diren erreparazio eta aitorpenaren onurarik jasoko. Inola ere ez, azpimarratu du zorrotz Justizia eta Herri Administrazioko sailburu Idoia Mendiak.

Halere, erreparazioa jasotzeko modukoak izango dira egiaztatuta geratzen diren sufrimenduak, nahiz eta bere garaian ez ziren halakotzat hartu, prozedura judizial batean errugabetuak izan zirelako, largespen edo absolbitze-epai baten bidez edo bere garaian biktimen jokabideak auziperatuak izan ziren, auziperatze horrek Konstituzioan aitortzen den bizitzeko eskubidea urratu bazuen.

Zirriborroak, halaber, euskal aginte publikoen inplikazioa aurreikusten du eta 390.000 eurorainoko kalte-ordainak, baliaezintasun handikoaren kasuan, alegia. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak sortutako Balorazio Batzorde bat izango da dekretuan definitutako motibazio politikoaren ondoriozko indarkeriagatik giza eskubideak urratu izanaren biktima nor den eta, ondorioz, biktimatzat hartu dituztenei dagozkien eskubideak aitortuko dizkiena. Batzorde horren burua Giza Eskubideen zuzendaria izango da.

Kontua ez da bakarrik biktima hauei erreparazioa egitea eta kalte-ordaina ematea, dekretu honekin biktima hauek guztiak luzaroan hartu dituen isiltasuna, utzikeria eta ahanzturaren errezela bildu nahi dugu. Zigorgabetasunaren aurrean, egia aurretik, adierazi du Mendiak.

Gardentasunaren erakusgarri, dekretuaren zirriborroa, 23 artikulu dituena, Irekian argitaratu dugu horren edukia herritarren kontsulta eta parte-hartzera zabaltzeko asmoarekin. Berraztertu ondoren, eta aginduzko txosten guztiak ere idatzi eta gero, behin betiko zirriborroa Jaurlaritzaren Kontseilura bidaliko da berehala onartua izan dadin.

Iruzkin bat
  • @osvalbuena
    2012.eko otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    Decreto de victimas y reparación integral de quienes padecieron sufrimientos x vulneración d DDHH en Euskadi en 1968-78 http://t.co/lReUvGSH

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)