Euskadira iristen diren ukraniarrentzako arreta
Berriak Osasuna
qrcode

Programa batek mendekotasuna duten eta beren etxeetan bizi diren adinekoek botikak hobeto erabil dezaten sustatu nahi du

2024-02-26
  • Arabako farmaziak arduratzen dira paziente bakoitzak tratamendua eskuratu izan ahal izateaz. Zerbitzu hau, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialaren arteko lankidetzaren emaitza da

  • Onuradunen kolektiboak ugaritu dira: Etxeko Laguntza Zerbitzuan (ELZ) artatutakoez gain, familia giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa (FGZPE) jasotzen dutenek ere balia dezakete programa

Mendekotasuna duten eta beren etxeetan bizi diren adineko pertsonek etxean hartu beharreko medikazioa errazago eskuratu eta hobeto erabiltzea du helburu, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialak batera sustatzen duten programak.

Onuradunek, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) arreta jasotzen duten eta mendekotasuna duten adinekoak gehienak, beren tratamendurako behar dituzten sendagaiak hurbil izatea bermatzea eta medikazioa behar bezala erabiltzea du helburu, tratamenduarekiko atxikidura lortzeko eta, hala, pazienteen segurtasuna eta tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko. Hori erraztea programarako akreditatuta dauden lurraldeko farmazia guztien egitekoa da.

Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Milagros López de Ocáriz Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialeko presidenteak programaren berrikuntzen berri eman dute gaur goizean, hala nola hainbat hobekuntza egin dituztela, batez ere onuradunen kolektiboak ugaritzeari dagokionez.

Joan den urtera arte, Etxeko Laguntza Zerbitzuak (ELZ) lurraldean artatutako pertsonak izan zitezkeen programaren erabiltzaile, Gasteizen izan ezik, hiriburuak bere lankidetza hitzarmen propioa baitu. Duela gutxi, familia giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa (FGZPE) jasotzen duten Araba osoko pertsona guztiak gehitu dira onuradunen taldera. GOFEren laguntza ekonomiko honen helburua da familia inguruneko zaintzaile batek mendekotasuna aintzatetsita duen pertsona bati emandako arretaren ondoriozko gastuak ordaintzen laguntzea.

Gainera, hemendik aurrera, onuradun izan ahalko dira desgaitasun intelektuala duten pertsonak, osasun mentaleko arazoak dituztenak edo gizarte bazterketako egoeran daudenak, normalean osasun arretarik ematen ez den pisuetan eta etxebizitzetan bizi direnak.

Gaur egun, 1.645 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute Euskadin Eusko Jaurlaritzak finantzatutako programa hori. 2023an, guztira 67.021 dosifikazio sistema pertsonalizatu prestatu ziren. Artatutako pertsona guztien % 93 paziente polimedikatuak dira, eta egunean, batez beste, hamar pilula hartzen dituzte. % 42 etxean bakarrik bizi da etxeko laguntzarekin eta, emakumeen bizitza luzeagoa denez, % 65 emakumeak dira. Artatutako pertsonen adina 60 eta 94 urte artekoa da, baina gehienak laurogei urte edo gehiagokoak dira.

Araban 116 farmazia bulego daude, eta horietatik 37 landa eremuan daude. Horrez gain, farmazia horietako batzuen ardurapeko 8 botikategi daude. Guztiek dituzte Dosifikazio Sistema Pertsonalizatua izenekoa egiteko kualifikatuta eta prestatuta dauden langileak.

Akatsak saihestea eta tratamenduarekiko atxikidura hobetzea

Farmazien esku hartzea funtsezkoa da atxikidura terapeutikoa hobetzeko eta ahanzturak eta bikoiztasunak prebenitzeko, medikazio akatsak saihesteko eta pazientearen segurtasuna hobetzeko, sendagaia gainbegiratuta, bai eta hartu gabeko hartualdiekin itzulitako blisterrak kontrolatuz tratamenduen eraginkortasuna monitorizatzeko ere.

Paziente bakoitzak aukeratzen duen farmazia bulegoak kudeatzen du medikazioa; astero prestatzen ditu erabili eta botatzeko blisterrak, eta paziente, zaintzaile edo senideari ematen dizkio, eta hark aurreko astekoak itzultzen ditu, hartualdiak nolakoak izan diren egiaztatu ahal izateko. 2023an, Araban, 6.756 blister prestatu ziren programaren bidez banatzeko.

Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak adierazi duenez, ekimen hori Arabako Foru Aldundia buru duen “zaintza eredu berriarekin” osatzen da. Eredu honen helburua da “etxeko eta komunitate inguruneko zaintza indartzea, sustatzea eta erakargarriago egitea, horixe nahi baitute adineko gehienek. Farmaziekiko lankidetza honek lagunduko digu pertsonak seguruago senti daitezen eta, nahi izanez gero, beren etxeetan denbora luzeagoan gera daitezen, egoitza zentro batera joan ordez”.

Gorka Urtaranek nabarmendu du oso garrantzitsua dela zaintzaile profesionalek eta senideek programa ezagutzea, haiek baitira, “sarritan, farmaziara hurbiltzen direnak” eta sendagaiak erosteaz, kontserbatzeaz eta emateaz arduratzen direnak. Horiek horrela, gogorarazi du ELZk artatutako erabiltzaileak edo familia giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa (FGZPE) jasotzen duen pertsonak, botikak erabiltzeko laguntza hori jaso nahi badu, harremanetan jar daitekeela bere erreferentziazko gizarte langilearekin edo normalean joaten den farmazia bulegoarekin.

Bestalde, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hitzarmen honek tratamenduarekiko atxikidurari egiten dion ekarpena nabarmendu du, bai eta pazienteen eta haien senideen onurarako segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzeko balio duela ere. “Etxeko laguntza zerbitzuek artatutako pertsonen artean medikazioaren erabilera hobetzeko ekimen hau bat dator gobernu honek legealdi osoan garatu duen kudeaketa ereduarekin: pertsona ekintzaren erdigunean jartzea eta lankidetzan jardutea haren beharrei erantzuteko”, gaineratu du.

Milagros López de Ocárizek gogorarazi duenez, “hainbat azterlanen arabera, biztanleriaren % 50 ez dago tratamendu farmakologikoei atxikita, eta 4 pertsonatik 1ek saihestu daitekeen gorabeheraren bat izan du medikazioaren erabilera desegokia dela eta”. Horregatik, López de Ocarizek programaren balioa nabarmendu du, “pertsonen eguneroko bizimoduan % 100 inguruko atxikimendua eta bizi kalitate hobea lortzen baititu”.

3 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @SiiS_doc
    2024-02-27

    Comentario de Twitter:
    Programa que impulsan conjuntamente @Araba, @OsasunEJGV y @COFAlava para que personas beneficiarias del mismo tengan acceso en cercanía a los medicamentos y hagan uso adecuado de la medicación, garantizando seguridad y asegurando su eficacia.
    👇👇👇
    https://t.co/mwhYxiWuLp

  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2024-02-26

    Comentario de Twitter:
    💊 Programa batek mendekotasuna duten eta beren etxeetan bizi diren adinekoek botikak hobeto erabil dezaten sustatu nahi du

    🔗 https://t.co/WLNe0Ctrc7

  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2024-02-26

    Comentario de Twitter:
    💊Un programa busca la mejora en el uso de la medicación por parte de las personas mayores con dependencia que residen en sus domicilios

    🔗https://t.co/v06Qy5eVgt

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak