Berriak Hezkuntza
qrcode

Aldaialde ikastetxeak datorren 2024-2025 ikasturtean irekiko ditu ateak

2024-02-23
  • Prozesu konplexu baten eta bi urteko exekuzio-epe baten ondoren, Gasteizko Aldaialde Ikastetxeak irailean irekiko ditu ateak, 700 ikasle ingururekin
  • Datorren ikasturtean estreinatuko dira, besteak beste, Gasteizko Salburua institutua eta Muskiz BHIren eraikin berria
  • 2020-2024 aldian, Hezkuntza Sailak 520 milioi euro inguru bideratu ditu sare publikoko hezkuntza-azpiegitura eta ekipamenduetarako

Aldaialde Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoaren eraikina errealitate bat da dagoeneko. AHTren hasierako trazaduraren eraginpean egon zen proiektuak 2024-2025 ikasturtea hastearekin batera irekiko ditu ateak, bi urte iraun duten lanen ondoren.

11,5 milioi euroko inbertsioa eginda, instalazio berriek Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru lerro hartuko dituzte, 700 ikasle ingururentzat. 14.192 m²-ko partzela batean dago. Proiektua hiru solairuko eraikin nagusi batean datza (beheko solairua eta bi solairu). Ikastetxeak 5.598 m²-ko azalera eraikia du guztira: 2 urteko ikasleentzako 4 gela, Haur Hezkuntzako 9 gela, lo kuluxkarako gela, 2 psikomotrizitate-gela, Lehen Hezkuntzako 18 gela, ingeleseko 2 gela, musika-gela, askotariko erabileretarako gela, informatika-gela, banaketarako gela, laborategia, taldeko lanerako 2 gela, liburutegia, gimnasioa, aldagelak eta kirol-pista estalia, jantokia eta sukaldea, ataripe estalia eta Haur Hezkuntzako atari estalia.

Gogoratu behar da, aurrerago, aipatutako partzelak DBHrako eraikin berri bat ere hartuko duela. Gaur egun, etorkizuneko institutu horren diseinua idazten ari da, eta lan hori uda baino lehen amaituta egotea aurreikusten da.

2023-2024 ikasturterako azpiegitura berriak

Salburua institutua

Arabako hiriburuko Salburua institutuak ere ikasturte berria hastearekin batera irekiko ditu ateak. DBHko 7 lerro eta Batxilergoko 4 lerro dituen ikastetxe sortu berria da.  Guztira 36 ikasgela izango ditu, mila ikasle inguru hartzeko. Inbertsioa 18,8 milioi eurokoa da.

Muskizko Institutua: Passivhause

Datorren ikasturtean ateak irekiko dituen beste institutuetako bat Bizkaiko Muskiz herrikoa izango da. Honen ezaugarri nagusia da, eraikin jasangarria egingo dela. Guztira 4.262 m²-ko azalera eraikia izango du, eta 8,7 milioi euroko inbertsioa eskatu du.

Azpiegitura hau Passivhaus energia-eraginkortasuneko estandarrei jarraituz eraiki da. Teknika hori isolamendu termiko handian, infiltrazioen kontrol zorrotzean eta barneko airearen kalitate gorenean oinarritzen da, eta, gainera, eguzkiaren energia baliatzen du klimatizazio hobea lortzeko. Irailetik aurrera DBHko lau lerro eta Batxilergoko bi hartzeko azken ukituetan ari dira lanean.

Zeanuri, eskola txiki berritua

Bizkaiko Zeanurik duela gutxi estreinatu ditu bere ikastetxean egindako hobekuntzak. Muskizko institutuan bezala, Zeanuriko eskolan ere energia-eraginkortasuneko irizpideak hartu dira kontuan. Jarduketa nagusia izan da irisgarritasuna hobetzea, igogailu bat jarrita, eskola handitzea, ebakuazio-eskailera berri bat jartzea eta sukaldea berritzea. 2,1 milioi euroko inbertsioa egin da guztira.

440 milioi hezkuntza-azpiegituretan eta ekipamenduan

Abian jartzeko zorian dauden proiektu horiekin, Hezkuntza Sailak sare publikoko hezkuntza-azpiegiturak berritzen eta hobetzen jarraitzen du. 2020-2024 aldian, Hezkuntza Sailak 520 milioi euro inguru bideratu ditu hezkuntza-azpiegituretara eta ekipamenduetara.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @koldoaldabe
    2024-02-28

    Comentario de Twitter:
    @NiNeuhezkuntzan https://t.co/n8Bx3HRgBp

  • Argazkia SN Robot
    @koldoaldabe
    2024-02-28

    Comentario de Twitter:
    @NiNeuhezkuntzan Barandiaran Institutuak 22.8 milioi, Aldaialdek 11,5 milioi. 2020-2024 aldian, Hezkuntza Sailak 520 milioi euro inguru bideratu ditu sare publikoko hezkuntza-azpiegitura eta ekipamenduetarako... bi egunotan.
    https://t.co/n8Bx3HRgBp
    https://t.co/VNIlGQZY5r

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan