Berriak
qrcode

Oka ibaiaren itsasadarrak % 84 murriztu ditu mantenugaien mailak Gernikako HUAren isurketa eten zenetik

2024-02-23
  • 2021eko uztailean, Gernikako HUAren isurketa Lamiarango (Bermeo) HUAra konektatu zen Gernika eta Bermeo arteko kolektoreen bidez: 30.000 pertsona baliokideen karga kutsatzailea Urdaibaiko itsasadarretik aterarazteko
  • Urdaibaiko saneamendua eta arazketa hobetzeak 125 milioi eurotik gorako inbertsio globala behar izan ditu: Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak 70 milioi euro inbertitu dituzte dagoeneko, eta inbertsio hori beste 15 milioi eurotan handituko da aurreikusitako obrekin
  • Horrek guztiak uren kalitate fisiko-kimikoa nabarmen hobetzea ekarri du, mantenugaien mailak (amonioa eta fosfatoak) nabarmen jaitsi baitira: komunitate biologikoak berreskuratzeko ezinbesteko baldintza
  • 2022an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Lamiaran sistemako saneamendu-sareen kudeaketa digitalizatu aurreratuarekin hasi zen, kolektoreen kudeaketaren eraginkortasuna handituz eta euri-denborako gainezkatzeak murriztuz

Oka ibaiaren itsasadarrak mantenugaien (amonioa eta fosfatoak) beherakada nabarmenak izan ditu 2021az geroztik, batez ere itsasadarraren barrualdean, Gernikako HUAren isurketa etetearen ondorioz. 2019an Sukarrietako eta Busturiako isuriak eta 2021eko udan Gernikako HUAko isuriak Lamiarango HUAra konektatzean lortu zen etete hori: bi inflexio-puntu Okako estuarioaren saneamenduan.

Gernikako hondakin-uren araztegia Oka ibaiaren estuarioaren barrualdean zegoen, eta funtzionamendu desegokia zuen. Horren ondorioz, amonio eta fosfato kontzentrazio oso handiak eta gardentasun eta oxigeno disolbatu gutxiko balioak zeuden uretan. Sarritan, eremu horretan, fitoplanktonaren (uretan sakabanatuta bizi diren organismo fotosintetikoak, kate trofikoaren katebegia) eta makroornogabe bentonikoen (ekosistema urtarren hondoan bizi diren organismoak) adierazle biologikoek egoera txarra islatzen zuten, eta horrek 2013-2020 aldian ingurumen-helburuak behin eta berriz ez betetzea zekarren.

Aitzitik, 2021-2022 aldian, Gernikako HUAren isurketa etetearekin batera, egoera fisiko-kimiko oso ona islatzen dute estuarioko hiru kontrol-estazioek: amonio, ortofosfato, nitrato eta oxigeno-saturazioaren batez besteko balioetan oinarrituta. Beraz, egoera nabarmen hobetu da eta ezarritako ingurumen-helburuak betetzen ari dira. Aldaketarik nabarmenenak estuarioaren barnealdean eman dira: amonio mailaren murrizketa % 84koa izan baita eta fosfatoena % 76koa.

Uraren kalitate fisiko-kimikoa hobetzearen ondorioz, Oka ibaiaren estuarioko komunitate biologikoak (fitoplanktona eta makroornogabe bentonikoak) suspertze-zantzuak islatzen hasi dira. Etorkizunean uren egoera fisiko-kimiko ona egonkortu egingo denez, komunitate biologiko horiek bilakaera ona izango dutela aurreikus daiteke, eta horrek, oro har, Oka ibaiaren estuarioaren egoera ekologiko ona lortzea ahalbidetuko du.

Gainera, ingurumen-helburuak lortzeko aurrerapauso horrekin eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-sareen kudeaketa aurreratuari esker, estuarioko hondartzen osasun-egoera, moluskuak ekoizteko eremuen kalifikazioak eta Kontserbazio Bereziko Eremuen kontserbazio-egoera hobetuko dira, zalantzarik gabe, eta, beraz, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak lortu nahi dituen helburuak ere hobetuko dira.

Urdaibaiko saneamendua

Urdaibaiko eskualdean saneamenduan eta hondakin-uren arazketan egindako hobekuntzek Oka ibaiaren estuarioko uren egoera ekologiko ona lortzea dute helburu, ingurumen-balio handiko gunea baita; 125 milioi eurotik gorako inbertsio globala egin da, eta horietatik 70 milioi euro inbertitu dituzte Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak (beste 15 milioi euro gehiago jarriko dira Muxika eta Ajangiz artean aurreikusitako obrekin). Zehazki:

2013an amaitutzat eman ziren ezkerraldeko kolektore orokorraren lanak, saneamenduaren bizkarrezurreko lanak (Mundaka-Lamiarango araztegia tartea, Sukarrieta-Lamiarango araztegia tunel bidez, eta Busturia-Sukarrieta). Obra horiek Uraren Euskal Agentziak -Eusko Jaurlaritzak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak 2003an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan daude. URA-Eusko Jaurlaritzak 35 milioi eurorekin finantzatu zituen obrak, eta Busturialdeko Ur Partzuergoak gauzatu zituen.

2014an, Lamiarango HUA jarri zen martxan (64.000 biztanle baliokiderentzat diseinatua), hasiera batean Bermeori eta Mundakari zerbitzua emateko. Azpiegitura hori Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak finantzatu zuen oso-osorik. Guztira 25 milioi euroko inbertsio osotik, 5 milioi euro Bermeon itsaspeko hustubide bat eraikitzeko inbestitu ziren, eta  2015ean amaitu zen. Araztutako urak itsasertzetik kilometro batera garraiatzen ditu, eta, beraz, Okako estuarioaren uretatik haratago.

URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak 2015ean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren pean, honako kolektore-tarte finantziatu eta egikaritu ditu URAk:

Sukarrieta eta Lamiarango HUAren arteko ezkerreko ertzeko kolektore nagusiaren zatia egokitzea, eta Sukarrietan hondakin-urak ponpatzeko lurpeko estazio bat eraikitzea. 2018an amaituta, 15 milioi euroko aurrekontua izan zuen.

Gernika-Lumotik Busturiarako tartea eraikitzea (Muruetako auzo batzuetako hondakin-urak biltzen dituzten kolektore eta adar sekundarioak barne). 2021eko uztailean amaituta, 18 milioi euroko inbertsioa egin zen.

Une honetan, 2015eko hitzarmen horren esparruan, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren parte-hartzearekin, Ajangiz-Gernika kolektorearen zati gehigarri bat eraikitzen ari dira Ajangizen. Horri esker, itsasadarraren eskuineko ertzeko hondakin-urak Lamiarango HUAra bideratu ahal izango dira, bai eta itsasadarreko industria-isurketa baimendu handiena kendu ere. Obrek aurrera jarraitzen dute eta 2,5 milioi euroko aurrekontua dute.

Azkenik, gaur egun, URA Muxika-Ajangiz arteko kolektore-zatiari ekiteko proiektua idazten ari da, Muxikako auzo batzuetako eta Arane industrialdeko industria-eremuetako hondakin-urak biltzen dituzten bigarren mailako hainbat kolektore eta adar ere barne hartuta. Baita Gernika-Bermeo eta Muxika-Mungia errepideen eta hiru ponpaketa-estazioren arteko bidegurutzean dagoena ere (bi sare nagusian, eta Arane Industrialeko isuria kolektorean sartzeko). Jarduera honen aurrekontua 15 milioi euro ingurukoa izango da.

Hitzarmen horretaz gain, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa 2,9 milioi euroko inbertsioan murgilduta dago, Busturialdeko saneamendu-sistemak digitalizatzeko Next Generation funtsen bidez zati batean finantzatutako URDATA proiektuaren bidez. Gainera, Lamiarango saneamendu-sistemaren prozesua hobetzeko eta Natxitua eta Angelutxuko hobia Eako HUArekin lotzeko proiektuak eta azterlanak egiten ari dira, 10M €-tik gorako baterako inbertsioarekin.                                              

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Barreiro Bilbao Bizkaia Ur-Partzuergoaren zuzendari nagusia