Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretu berria onartu du (Gobernu Bilera 2024-2-22)

2024-02-22
  • Dekretuaren helburua da euskararen normalizazioan eta herritarren hizkuntza-eskubideetan, pixkanaka eta malgutasunez, aurrera egiten jarraitzea
  • Berritasun nagusienak dira hizkuntza-eskakizun berriak esleitzeko eta hauek egiaztatzeko bide berri eta errazagoak irekitzen direla

Eusko Jaurlaritzak Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretu berria onartu du gaurko Gobernu Batzordearen bileran. Dekretu berriak 1997ko dekretua ordezkatuko du hizkuntza-normalizazioaren irizpideak garai berrietara egokituz eta euskal sektore publiko osoaren koordinazioa bermatuz. Dekretu berriaren helburu nagusia da herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskararen erabileran sakontzea neurri malgu, progresibo eta egingarrien bidez.

IZAERA PARTE-HARTZAILEA

Dekretuak  izaera parte-hartzailea izan du, izan ere, Eusko Jaurlaritzako langileria publikoa duten sail guztiekin; Legebiltzarreko alderdiekin; hiru Foru Aldundiekin; EUDELekin; Sindikatuekin, elkarteekin…. kontrastatu da. Dekretua idazteko prozesuan zehar, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua ahalik eta adostasun handiena lortzea izan da, euskararen normalizazioan urrats berriak modu progresiboan, malgutasunez eta egungo garaietara egokituta emateko.

HELBURUAK

  • Herritarren hizkuntza-eskubideak betetzen direla bermatzea. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 67 euskararen erabilera sustatzearen alde dago.
  • Euskararen erabilera sustatzeko. Zerbitzu-hizkuntzatik haratago, lan-hizkuntza azpimarratu nahi da.
  • Euskara administrazioaren kudeaketan txertatzeko.
  • Erakunde publiko guztien hizkuntza-normalizazioko prozesua koordinatzeko. (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Jaurlaritzaren eta beste gainontzeko eremuaren normalizazio prozesua koordinatuko du).

Helburu guzti hauek betetzeko, dekretuak kontutan hartzen du erakunde bakoitzaren errealitatea edo abiapuntua.

DEKRETUAREN OINARRIAK

  • Progresibitatea: aurreko dekretuaren irakaspen bat izan da euskararen erabilera normalizatzea ez dela egun batetik bestera lortzen. Beraz, 9 urteko epea ezartzen da.
  • Malgutasuna: sektore publikoa osatzen dituzten erakundeak anitzak dira eta beren abiapuntua berdina ez denez, dekretuak neurriak malgutasunez hartzeko aukera ematen du.
  • Egoera soziolinguistikora egokituta: erakundeek beren egoera soziolinguistikoaren arabera hartuko ditu erabakiak.
  • Langile publikoak erdigunean: dekretuak babestu egiten du langileek beren burua egokitzeko eta hizkuntza-helburuak lortzeko behar dituzten baliabideak izateko duten eskubidea. Babes hori sektore publikoak kontratatutako enpresa pribatuetan publikoari begira lan egiten duten langileentzat ere bada. Azken kasu horretan, zerbitzuaren administrazio kontratatzaileari dagokio erantzukizuna, eta hizkuntza-normalizazioaren prozesua planifikatu eta ekonomikoki hornitu beharko du, baldintza-agirien bidez.

BERRITASUN HANDIENAK

  1. Jarduera-eremu berria Sektore publiko osoa, dekretu berriaren pean egongo de. 2022ko Sektore Publikoaren Legeak (3.3 artikuluan) sektore publikoa osatzen duten erakundeak zerrendatzen ditu. Honek 1997ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko  dekretuaren jarduera-eremua handitu egiten du. Horrela, dekretu honek aukera emango die orain arte euskararen normalizazioan 1997ko Dekretuaren menpe ez zeuden erakunde publikoei  euskararen erabileraren normalizazioa modu malgu eta progresiboan planifikatzeko. Jarduera eremu berrian sartutako erakundeek jendaurreko arreta ematen dieten langileei erreparatuko diete batez ere. Bederatzi urteko epea egongo da eta, betiere sektore hori osatzen duten erakundeen berezko ezaugarriak kontuan hartuta.
  2. Udal esparruan finkatuta dauden hizkuntza irizpideak sektore publiko osora orokortuko dira: Tokiko Erakundeei buruzko Dekretuan jasotako irizpideak dira, besteak beste, zerbitzu-hizkuntzari, lan-hizkuntzari, irudi instituzionalari, harreman instituzionalei lotutakoak, alegia.
  3. Koordinazioa plangintzaldiak eta euskara-plan bateratuak egiteko. Dekretu honek gainerako erakundeentzat jarraitu beharreko gida edo eredua proposatzen du bakoitzean landu beharreko plangintzetarako. Halere, kontutan hartu behar da sektore publikoko hainbat erakundek badutela euskara plana.
  4. Hizkuntza-eskakizunak esleitzeko sistema malguagoa. Sektore publikoaren aniztasuna kontutan hartuta, dekretuak hizkuntza-eskakizunen sistema aldatzea proposatzen du. Hizkuntzaren ulermen eta adierazpen gaitasunaren arabera banakatuko dira: irakurmena-idazmena, alde batetik; eta entzumena-mintzamena, bestetik. Honek ahalbidetuko du erakunde bakoitzaren errealitatera egokitzea eta euskararen normalizazio prozesua modu malguan egin ahal izatea. Modu honetan, dekretuak 3 motatako hizkuntza-eskakizun batzen ditu (simetriko, asimetriko eta partzialak).
  • Simetrikoa: lanpostu baterako eskatzen den gaitasuna bera da irakurmen-idazmenerako zein entzumen-mintzamenerako (aurreko dekretuan horrela zen beti).
  • Asimetrikoa: lanpostu jakin bateko ahozko eta idatzizko gaitasunak oso desorekatuta daudenean. Kasu hau, batez ere, orain arte aurreko dekretuaren menpe ez zeuden erakunde publikoei zuzenduta daude (jendaurreko arreta ematen dieten langileei erreparatuko diete batez ere.)
  • Partziala: gaitasun jakin bat egiaztatu ezin denean. Bide hau desgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten pertsonentzat erreserbatuta egongo da.

Edonola ere, Dekretu honek ez du ezartzen zenbat ezta zein mailatako hizkuntza eskakizunak eskatu behar zaizkien langileei. Gai hau erakunde bakoitzaren esku geratzen da. Kontratatutako pertsonak ez du lanpostuko hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharrik izango, baldin eta lanpostua berehala eta premiaz betetzea eskatzen duten salbuespenezko, aurreikusi ezinezko eta erakundeak behar bezala justifikatutako zirkunstantziak gertatzen badira.

  1. Euskara-maila egiaztatzeko bide berriak: euskarazko gaitasuna egiaztatu ahal izango da bai hautaketa prozesuan (baldin eta proba euskaraz egiten bada eta gainditu), bai lanpostuan bertan (baldin eta erakusten bada langilea gai dela lanpostuaren ahozko eta idatzizko funtzioak euskara  zuzen eta egokian  betetzeko). Lehen zeuden hiru  bideak mantendu egiten dira: IVAPen azterketak gainditzea; beste titulu batzuk baliozkotzea (HABE, Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak…) edota ikasketak euskaraz egiteagatik salbuespena izatea.
  2. Euskaraz lan egiten duten erakundeek hautagaiei proba bat edo probaren zati bat euskaraz egin ahal izateko aukera izango dute. Hori ohikoa da hizkuntza koofizialak dituzten Estatuko beste autonomia-erkidego batzuetan, bai eta Espainiako Gobernuak egiten dituen oposizioetan ere, azken hauetan probak ingelesez egin behar direnean. Aukera hori hartzea edo ez, nolanahi ere, administrazio publiko bakoitzaren esku egongo da.

ALDATZEN EZ DIREN ALDERDIAK

  • Derrigortasun-indizea (euskara nahitaezkoa duten lanpostuen kopurua) formula berari jarraituz kalkulatzen da.
  • Hizkuntza-eskakizuna nahitaezkoa ez denean, merezimendu gisa baloratuko da, orain arteko proportzio berean.
  • Adinagatik (45 urte) edo beste arrazoi batzuengatik egiaztatzeko salbuespenak mantentzen dira

LEGEZKO ESKAKIZUNA

Legebiltzarrak 1997ko dekretua eguneratzeko eskaria egin zion Kultura eta Hizkuntza Politika sailari 2018an eta bai 2022ko Sektore Publikoaren Legeak (jardun eremu berria zehazten du) zein 2022ko Enplegu Publikoaren Legea onartzeak (egiaztatze eta ebaluatze prozesuari eragiten dio), dekretua eguneratzearen ekimena derrigorrezko bilakatu zuen. Beraz, dekretu honek legezko eskakizun bati erantzuten dio eta beharrezko segurtasun juridikoarekin jaio da, azken epean izan diren sententziek esandakoa txertatu eta Aholku Batzorde Juridikoak aho batez onetsi duelako.

 

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @EuskeraBizirik
    2024-02-24

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak Euskal Sektore Publikoan Euskeraren Erabilera Normalizatzeko Dekretu barria onartu dau zezeilaren 22ko Gobernu Batzordean.
    Idatzia eskuragarri dago: https://t.co/u4grKJg1it
    Informazino gehiago: https://t.co/E7xkBUS937 https://t.co/fehD3IMfpl

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko