Eusko Jaurlaritzak 7,5 milioi euro baino gehiago jarriko ditu, aurten, haurren hortzak zaintzeko PADI programarako (Gobernu Bilera 2024-2-22)
- 2024an, Osakidetzak 0 eta 6 urte bitarteko haurrak ere barne hartuko ditu bere zerbitzu-zorroan, zeinaren bidez azken 33 urteotan Euskadiko 7 eta 15 urte bitarteko populazioaren aho-hortzetako osasuna zaintzen baitu
Gobernu Kontseiluak 2024ko PADI Haurren Hortzak Zaintzeko Programari dagokion 7.583.855 euroko gastua baimendu du. Programa honek, martxoaren 21eko 37/2023 dekretuaren bidez, duela hiru hamarkada baino gehiagotik 7 eta 15 urte bitarteko euskal biztanleei eskaintzen zaien aho-hortzetako osasun arloko prestazioa bermatu egiten du.
Horrez gain, aurten Osakidetzak 0 eta 6 urte bitarteko haurrak sartuko ditu bere zerbitzu-zorroan, osasun zentroetako hortzetako kontsultetan bakarrik. Hala, Osakidetzako 13 Erakunde Sanitario Integratuetako hortz-unitate guztiek emango diote aho-hortzetako asistentzia kolektibo horri. Horretarako, Aho-hortzetako Osasun Unitateetako agenda guztietan, berariaz 0-6 urte bitarteko haurren asistentzia programaturako tarte batzuk erreserbatzea erabaki da, 7-15 urte bitarteko haurrentzat bezalaxe. Era berean, aurten, Arabako Errioxako ESIak hortzak zaintzeko unitate sortu berri bat izango du, eskualde horretako biztanle guztiei zerbitzu egingo diena.
Duela 33 urte sortu zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Haurren Hortzak Zaintzeko Programa, haurren aho-hortzetako osasuna bermatze aldera. Programa horrek hortzen garapen onerako eta hortzak zaintzeko ohitura osasungarrietarako garrantzi handiko adin tartea hartzen du.
PADIk urtero 200.000 haur inguru artatzen ditu doan, eta, horretarako, Euskadiko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialen laguntza du. Horrela, Osakidetzako profesionalez gain, dentista gaitu ugarik parte hartzen dute programan.
PADIk egiten duen urteko berrikuspenaren bidez, dentistak garaiz detektatu eta tratatu dezake txantxarra hortzak ateratzen eta ordezten diren aldietan, nahiz eta ez den inolako alterazio edo trabarik sumatzen. Gainera, zainketa prebentiboak eta konpontzaileak egin ditzake, eta aho-higienerako beharrezko ohiturak indartu. Aldian behingo kontsultetara joatea aho-hortzetako osasuna babesteko eta zaintzeko modu bat da, haurtzaroan zein helduaroan.
- urtean, Osakidetzak beste kolektibo gehigarri batzuk sartu ditu aho-hortzetako osasun-zerbitzuen zorroan. Batetik, joan den urteko urtarriletik aurrera, behin betiko hortzeria arriskuan duten edo txantxarra duten 5-6 urte bitarteko haurrei aplikatzen zaizkie PADIk Osakidetzaren hortz-kontsultetan egiten dituen jarduerak. Joan den urteko maiatzean osatu zen haurdunaldiko hortzetako prebentzio-jardunen hedapena —zerbitzu berrien proiektuan jasota dauden jardunak—.Bestalde, paziente onkologikoentzako hortzetako prestazioak jada aplikatzen ziren Euskal Osasun Zerbitzuaren kontsulta publikoetan.